Sadeko markesa

Wikipedia, Entziklopedia askea
An13saBot (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:07, 22 urtarrila 2016
Sadeko markesa
Sadeko markesa
Sadeko markesaren irudia,
Charles-Amédée-Philippe van Loo margolariaren lana (1761).
Datu pertsonalak
Izen osoa Donatien Alphonse François
Ezizena Sadeko markesa
Jaio 1740ko ekainaren 2a
Frantzia Paris (Frantzia)
Hil 1814ko abenduaren 2a
Frantzia Charenton (Frantzia)

Donatien Alphonse François edo Sadeko markesa (Paris, Frantzia 1740ko ekainaren 2aCharenton-Saint-Maurice, Val-de-Marne, Frantzia 1814ko abenduaren 2a) aristokrata, iraultzailea eta frantsesezko idazlea izan zen. Haren idazlanen artean, aipatzekoak dira Justine ou les Malheurs de la vertu («Justine edo bertutearen zorigaiztoak»), Aline et Valcour («Aline eta Valcour») eta beste hainbat eleberri, ipuin eta antzezlan. Sexu-perbertsio bati, sadismoari, izena eman zion. Bizitzako 30 urte eman zituen kartzelan, eta, erromantizismoaren garaian gaizkiaren iruditzat hartua izan ondoren, XX. mendean baizik ez da benetan ezaguna gertatu.

Bizitza

Condé printzearen Parisko egoitzan sortu zen, gorteko familia noble batean. Zazpi Urteko Gerran zaldun ofiziala izan ondoren, kapitain-graduarekin utzi zuen armada. 1763an Renée-Pélagie de Montreuilekin ezkondu zen, eta harekin bi seme eta alaba bat izan zituen. Urte hartan kartzelatu zuten lehen aldiz, erregearen aginduz; eta 1768an gero, moralgabekeriaz salaturik.

Sade, preso. Espetxean eman zituen bere bizitzako 30 urte.

1772an Marseillan prostituta batzuk pozoitzea leporatu zioten, eta hiltzera kondenatu, baina Sardiniara ihes egin zuen. La Costeko bere gaztelura itzuli zen ezkutuan, baina limurtu zituen auzoko neska-mutilen gurasoek salaturik, berriro Italia aldera ihes egin behar izan zuen, ezkonarreba lagun zuela. 1776n Frantzian berriro, eskandalu-hurrenkera etengabeen ondorioz, 1777an atxilotu zuten Parisen, eta Vincennesko espetxean sartu. 1790 arte presondegian egon zen, La Bastillen azken garaian. Kartzelaldi hartan eleberriak eta antzerki-obrak idazteari ekin zion, espetxeko asperdura gainditzearren. Ordukoak dira, besteak beste: Dialogue entre un prêtre et un moribond (1782, Apaizaren eta hilzorian den baten arteko solasa); Les 120 Jounées de Sodome (1785, Sodomako 120 egunak); Les infortunes de la vertu (1787, Bertutearen ezbeharrak).

1790ean askatu zuten, Frantziako Iraultzaren ondorioz. Bere emazteagandik banandu ondoren, eleberriak idazten jarraitu zuen: Justine ou les Malheurs de la vertu (Justine edo bertutearen zorigaitzak), Juliette. 1792an, Iraultzarako lan egin zuen zenbait kargutan, erietxeen erreforman parte hartuz eta idazki aberkoiak eginez. Izuaren garaian, alabaina, moderatua zelako salaketa egin zioten, eta 1794an gillotinatik doi-doi libratu zen. Ondorengo urteetakoak dira: La philosophie dans le boudoir (1795, Filosofia apaingelan) eta La Nouvelle Justine (1797, Justina berria).

1801ean, Napoleonen agintepean jadanik, berriro atxilotu zuten, eta 1803an erotzat hartu eta Charentongo eroetxean sartu zuten; hil arte egon zen han.

Sadek utziriko ondarea

Sadek obra zabala utzi zuen, nahiz eta parte bat Kontsulatuko eta Inperioko poliziak eta familiartekoek desegin zuten: idazki politikoak, antzerki-obrak, eleberriak. Azken sailekoak dira ezagunenak. Haietan, etengabeko transgresioa dela bide, benetako pentsamendu filosofikoa eta are metafisikoa azaltzen du.

Saderen ustetan, esperientzia ezagutzaren oinarria da, eta, gainera, sentipena zenbat eta bortitzagoa izan, are gardenagoa da handik ateratzen den ezagutza. Hortaz, oinazea denez sentipen biziena, esperientzia-modu hori bultzatzen du sadismoak, bost zentzumenek jasoko dituzten sentipen horiek berretu behar baitira. Hortik dator haren idazkietan aurkitzen den sexu-gehiegikerien deskripzioaren xehetasuna.

Materialista eta ateoa zen, eta Izadiak gizakiak lurrean jarri baditu, ahalik eta atsegin gehiena hartzeko jarri dituela aldarrikatzen zuen behin eta berriro, hura lortzearren biktimak sortzen eta krimenak obratzen badira ere. Urte askoan, legez Frantzian bertan galarazia izan zen Sade. XX. mendean surrealistek berriro aurkitu zuten.

Erreferentziak

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sadeko markesa Aldatu lotura Wikidatan