Surrealismo

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Salvador Dalí eta Man Ray elkarrekin.

Surrealismoa 1920ko hamarkadan sortutako arte modernoaren mugimendua da, André Breton bultzatzaile nagusi eta Paris erdigune eduki izan zituena, mundu osoan zabaldu bazen ere. Mugimendua margolaritza, zinema, literatura eta musika arloetan burutu zen batik bat eta aurreko hamarkadetan garatutako kubismoa ordezkatu zuen. Automatismo psikikoaren bidez ordu arteko gizarte moldeak eta arte eta kultura balioak irauli nahi zituen eta XX. mendeko artean eta pentsaeran eragin handia izan zuen. Surrealismoaren jarraitzaleei eta horiek egindako lanei surrealista deritze.

Lehenengo urteetan bat egin zuten artisten artean, Louis Aragon, Man Ray, Tristan Tzara, Paul Klee, Giorgio de Chirico, Salvador Dalí, Joan Miró, Luis Buñuel, René Magritte eta Max Ernst ditugu. Marcel Duchamp eta Frida Kahlo, besteak beste, surrealismotik gertu ibili ziren, ofizialki bat egin ez bazuten ere.

Izenari dagokionez, hizkuntza gehien-gehienetan hartu izan dute frantsesezko jatorrizkoa hizkiz hizki. Hala ere, batzuen ustez egokiagoa izango zen "superrealismo" izena, esate baterako esperantoz egiten duten moduan.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Surrealista hitza Apollinaireren lan baten izenburuan agertu zen lehenengo aldiz: Les mamelles de Tirésias, drame surréaliste (1917, Tirésiasen titiak, drama surrealista). Surrealismoak dadaismoa du hurbileneko aitzidaria eta André Breton sortzaile eta bultzatzaile nagusia; Bretonek berak honela definitu zuen surrealismoa: automatismo psikikoa, pentsamenduaren benetako funtzionamendua hitzez, idatziz edo beste modu batez adierazten duena, adimenaren inongo kontrolik gabe eta edozein kezka estetiko edo moral baztertuz. Surrealistek ametsa, irudimena, grina, umore beltza eta erotismoa goraipatu zituzten, burgesiaren kulturaren eta indarrean zegoen ordenaren zapalkuntza era guztien aurka borrokatzeko. Aitzindaritzat zituen, besteak beste, Apollinaire, Baudelaire, Chateaubriand, Hugo, Jarry, Lautréamont, Mallarmé, Nerval, Novalis, Poe, Rimbaud, Sade, Swift eta Freuden psikoanalisiaren teoria. 1919an André Breton, Louis Aragon eta Philippe Soupault-ek Littérature aldizkaria sortu zuten. Hasieran surrealistak inkontzientea eta beronen adierazgarritzat jotzen zituzten ametsa, eromena, sukar-ametsa ezagutzeko eta haietaz baliatzeko bilaketan ari izan ziren; horretarako idazketa automatikoa landu zuten, adimena eta borondatea saihesten zituen bat-bateko etorria. 1921ean argitaratu zen joera horretako lehen idazlana, Bretonek eta Soupaultek idatzitako Les champs magnétiques (Eremu magnetikoak). 1924an Bretonek Manifestu surrealista idatzi zuen:

« Surrealismoa buruko automatismo hutsa da, pentsamenduaren benetako funtzioa azaldu nahi duena ahoz, idatziz edo beste edozein bidez. Pentsamenduaren agindua da, arrazoiak egindako edozein kontrolik gabekoa, batere kezka estetiko eta moraletik kanpokoa.  »

eta urte hartan bertan sortu ziren Bureau de recherches surréalistes (Ikerketa surrealisten bulegoa) eta La révolution surréaliste (Iraultza surrealista) aldizkaria, lehenengo alean suizidioari buruzko inkesta bat plazaratu zuena. Bizitza aldatu nahiak jarrera politikoak hartzera eraman zituen surrealistak; hala, 1925ean gutunak idatzi zizkieten Paul Claudel idazleari, Aita Santuari eta Dalai-Lamari; espetxeak irekitzea eta gudarostea desegitea eskatu zuten, eta Rifeko gerraren aurka jardun zuten. Orduan hasi zituzten harremanak komunistekin eta orduantxe hasi ziren baita ere taldekoen arteko liskarrak: batzuek beren iraultza nahiaren ondoriotzat jotzen zuten militantzia komunista eta besteek surrealismoa arte sorkuntzari bakarrik zegokiola uste zuten. 1929an Bretonek Bigarren Manifestu Surrealista argitaratu zuen eta harekin bat ez zetozen kide asko mugimendutik kanpora bota zituen: Artaud, Desnos, Vitrac, Picabia, Queneau, Prévert, Bataille. "La Révolution surréaliste" izeneko aldizkaria argitaratu zuten 1924tik 1929 arte, guztira 12 zenbaki idatziz. 1930ean surrealisten aldizkari berria argitaratu zen, Le surréalisme au service de la révolution (Surrealismoa iraultzaren zerbitzuan); Aragon, Eluard, Péret eta Breton alderdi komunistan sartu ziren, baina 1933ean Breton eta Eluard alderditik bota zituzten. Gerora, Bretonek estalinismoa gaitzetsi eta harremanak izan zituen Trotskirekin. Aipatzekoa da, bestela, London International Surrealist Exhibition delakoa, 1936an eta Londonen egindako erakusketa. 1938an nazioarteko erakusketa surrealista egin zen Parisen. Bigarren Mundu Gerrak surrealistak sakabanatu zituen eta surrealismoak behera egin zuen. Surrealismoaren eragina nabarmena da mendebaleko kulturan eta artearen alor guztietan. Surrealismoa pinturan, literaturan eta zineman gauzatu zen batez ere. Pintura estilo jakin bat ez denez, pintore espresionistak, abstraktuak, errealistak, klasizistak bildu zituen, XX. mendeko margolari surrealista garrantzitsuenak: Hans Arp, Salvador Dali, Marcel Duchamp, Max Ernst, Paul Klee, René Magritte, Joan Miró, Francis Picabia, Pablo Picasso, Man Ray, Yves Tanguy. Idazle surrealisten artean hauek dira aipagarrienak: Louis Aragon, Antonin Artaud, Georges Bataille, André Breton, René Char, Paul Eluard, Benjamin Péret, Philippe Soupault. Luis Buñuel, Salvador Dalí, Jean Cocteau, Germaine Dulac, Jean Epstein eta Man Ray zinemagileak ere joera hauen jarraitzaile izan ziren.

Filmak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bestela, surrealistek "Absurdoaren antzerkia" delakoa inspiratu zuten, eta eragina eduki zuten halaber Laurel eta Hardy eta Marx anaiak aktoreengan.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikari surrealistek harreman estuak eduki zituzten jazz eta blues estilo garaikideekin.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Surrealismo Aldatu lotura Wikidatan
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: surrealista .

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]