Simone Martini

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Maestà, Ama Birjina koroatua (1315), Simone Martini
Deikundea eta bi santu (1333), Simone Martini
Deikundea eta bi santu obraren xehetasuna

Simone Martini italiar margolaria izan zen (Siena, 1285 - Avignon, 1344). XIV. mendeko Sienako Eskola Gotikoaren kide aipagarrienetakoa da. Irudi gotikoak margotu zituen, kolore biziz eginak.

Duccioren ikasle izan zen, eta haien artean ospetsuena. Ezagutzen den bere lehen lana 1315ean egindako fresko bat da: Maestà, Ama Birjina koroatua (1315); Sienako Jauregi Publikoan dago (Batzar Aretoan), eta Martinik berak berriztatu zuen 1321ean.

Giovanni Pisanok Sienako katedralerako egin zituen eskulturek, agi danean, eragin handia izan zuten Martiniren obran, eta Avignonera joaterako oso ongi ezagutzen zituen frantses gotikoko lan eder asko, esmalte, miniatura eta bolizko lanen bitartez. Batez ere, marra erabili zuen adierazpide nagusi gisa, eta guztiz modu finean interpretatu zituen hala gai sakratuak nola profanoak.

1317an, anjoutarrekin hasi zen harremanetan, eta orduan margotu zituen bi obra ospetsu: Tolosako San Luis Anjouko Roberto koroatzen (egun Napolin, Capodimonteko museoan) eta San Martinen bizitzako pasarteak, anjoutarren aldekoa zen Gentile di Montefiori kardinalaren eskariz, Asisko San Frantziskoren beheko basilikan margotutako fresko bat. Zaldun santuaren bizitza pintatzeak bide eman zion Martiniri kontakizun sakratu hura elementu profano ugariz aberasteko.

1319tik 1325era bitartekoak dira Ornietoko katedralerako egindako poliptiko batzuk eta Agostino Novello dohatsuaren bizitzako pasarteak. 1333koa da, berriz, Deikundea izenekoa, Sienako katedraleko aldarerako egina, baina gaur Florentziako Uffizin dagoena. 1340an, Avignonera joan zen Martini Benedikto XII. aita santuaren gorteko pintore gisa, eta han Petrarkaren lagun egin zen.

Azken garaikoak dira Aita Santuen Jauregiko fresko batzuk (gaur oso hondatuak), mundu guztian barreiaturik dagoen Orsini poliptikoa, eta Liverpooleko Walker Art Galleryn dagoen Familia Sakratua. Aipagarria da, bestalde, Kristo tenplutik ateratzen (1342).


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Simone Martini Aldatu lotura Wikidatan