Sloboda Ukraina

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Horiz Sloboda Ukrainaren eremua (XVIII. mendean).

Sloboda Ukraina (ukraineraz: Слобiдська Україна, translit. Slobids'ka Ukrayina) Errusiar Tsarerriaren hego-mendebaldeko mugan XVII. eta XVIII. mendeetan garatu zen eskualde historikoa da.

XVI. mendearen hasieran, Severiaren hegoaldean hedatzen diren estepak oso lurralde bakartiak ziren. Horretaz baliatzen ziren Krimeako eta Nogaiko tartariarrak errusiar lurraldeetan urteroko erasoaldiak egiteko. Errusia eta Krimearen arteko gerra ugariren ondoren, errusiar monarkek kosakoen kokapena sustatu zuten eskualde honetan, mugazain moduan joka zezaten tatariar oldarraldien aurka. Kosakoez gain, ukrainiar nekazariak ere lurralde honetan kokatu ziren. Sloboda Ukraina izena sloboda deitutako jendegune motatik dator. Tsarraren mesedez, sloboda batera bizitzera joaten zirenak zergak ordaintzetik salbuetsirik egoten ziren aldi batez. XVIII. mendearen amaieran, Sloboda Ukrainan 523 slobody zeuden[1].

Katalina II.a Errusiakoak, 1765eko uztailaren 28ko aginduaren bidez, errejimentu kosakoak deuseztatu eta pribilejioak indargabetu zituen. Ordura arte lurralde autonomoa zen Sloboda Ukraina probintzia bilakatu zen (hiriburua Kharkiv). Probintzia 1835an deuseztatu zen eta handik aurrera zenbait berrantolaketa izan zituen. Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna eratu zelarik, iparraldea Errusiako Sobietar Errepublika Sozialista Federatiboaren barnean gelditu zen eta hegoaldea Ukrainako Sobietar Errepublika Sozialistaren barnean[2].

Gaur egun, Ukrainako zatiak Kharkiveko oblasta osoa eta Sumi, Donetsk eta Luhanskeko oblasten parte batzuk hartzen ditu. Errusiako zatia, berriz, Belgorod, Kursk eta Voronezh oblasten artean banaturik dago.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Sloboda Encyclopediaofukraine.com
  2. Slobidska Ukraine Encyclopediaofukraine.com

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]