Soylent Green

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Soylent Green
Datuak
Jatorrizko izenburua Soylent Green
Izenburua euskaraz Soylent Green
Urtea 1973
Estreinaldia 1973ko apirilaren 19a
Generoa Zientzia fikzioa
Herrialdea Ameriketako Estatu BatuakAmeriketako Estatu Batuak
Iraupena 97 minutu
Banatzailea Metro-Goldwyn-Mayer
Zuzendaria
Richard Fleischer
Ekoizleak
Walter Seltzer
Russell Thacher
Gidoilariak
Stanley R. Greenberg
Harry Harrison idazlearen Make Room! Make Room! eleberrian oinarritua
Aktoreak
Charlton Heston
Leigh Taylor-Young
Edward G. Robinson
Joseph Cotten
Musikagileak
Fred Myrow
Argazkilariak
Richard H. Kline
Jatorrizko hizkuntza
Ingelesa

Soylent Green 1973ko Richard Fleischer estatubatuar zinema zuzendariaren zientzia fikziozko filma da, Harry Harrisonen Make Room! Make Room! eleberrian oinarritua. Charlton Heston, Leigh Taylor-Young, Edward G. Robinson eta Joseph Cotten aktoreek hartzen dute parte. Etorkizuneko distopia batean dago kokatua, hondamendi ekologiko baten osteko New York gainpopulatuan.

Edward G. Robinson aktore mitikoak antzeztutako azken filma izan zen, handik gutxira hil baitzen. Bestalde, Charlton Hestonek bere helduaroan antzeztutako zientzia fikziozko hirugarren filma izan zen, besteak Planet of the Apes (1968) eta The Omega Man (1971) izan zirelarik.

Argumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oharra: Atal honek istorio osoa edo amaiera argitzen du.

Filma 2022. urteko New York hiri gainpopulatuan dago girotua. Hiriak bakarrik, 40 milioi biztanle ditu, denak ahal duten moduan bizirauten. Gehiengo pobre bat gutxiengo aberats baten menpe bizi da. Aberatsak, botere ekonomiko eta politiko osoaren jabe direlarik, beraiek baino ezin dituzte eskuratu barazkiak eta okela bezalako luxuak. Herritar gehienak, aldiz, etxerik gabe, kale-bazterretan edo eraikinetako eskilaretan lo eginez bizi dira. Munduko jende gehiena Soylent korporazioak fabrikatzen dituen elikagai artifizialez elikatzen da, elikagai natural gehienak negutegi efektuaren ondorioz desagertu baitziren. Munduko hiri guztiak egoera berean omen daude, eta debekatua dago jatekoak ekoizten diren landetxeetara joatea. Bi elikagai mota daude merkatuan: Soylent gorria eta soylent horia. Berriki, Soylent berdea ("Soylent green") izeneko produktu berria merkaturatu da, agintarien eta enpresa ekoizlearen esanetan, planktonean oinarritua dagoena.

Robert Thorn (Charlton Heston) New Yorkeko polizia, "Sol" Roth (Edward G. Robinson) izeneko irakasle ohi zahar batekin bizi da, laguntzaile bezala berarekin lan egiten duena. Solek gogoko du garai zaharrak gogora ekartzea, Lur planetan mundu guztiarentzako janaria zenean. Orduan ere jende gaiztoa egon arren, mundua ederragoa omen zen. Thorn, hondamendi ekologikoa jazo ondorengo belaunaldikoa denez, ez die Solen kontu zaharrei jaramonik egiten. Sinestezinak iruditzen zaizkio.

Egun batean, Thorni ustekabean egokituko zaio William R. Simonson (Joseph Cotten), Soylent-eko akziodun inportanteenetako baten hilketa kasua ikertzea, hau bere apartamentuan hilik aurkitzen dutenean. Thornek Simonsonen gorpua odol putzu baten erdian topatuko du, buruan hainbat kolpe dituela. Lapur batek hil omen du, baina ez dirudi etxetik ezer eraman dutenik, eta Thornek susmo txarra hartzen dio. Gainera, halabeharrez-edo, lapurra sartu zenean Simonsonen bizkartzaina kanpoan zen eta eraikineko segurtasun-sistema hondatua zegoen.

Etxean, jende gehienarentzat eskuraezinak diren gutizi eta zerbitzuak daude: idi-okela, barazkiak, fruta, whiskya, ur beroa eta xaboia, aire girotua,... Thornek, horrelako egoeretan poliziek egin ohi duten moduan, ahal duen guztia beretzat hartzen du. Bi liburuki handi ere topatuko ditu, ikerketa ozeanografiko baten ingurukoak.

Thornek, Tab Fielding (Chuck Connors) bizkartzainari galdeketa egin ondoren, Shirl (Leigh Taylor-Young) neskarekin segitzen du, etxeko "hornigaia" edo "altzaria", hau da, nagusiaren neskame sexual moduko bat.

Hurrengo egunean, Thornek etxean harrapatutako jan-edana Solekin elkarbanatuko du. Orduan, Thorn adiskidearen istorioak antzikotzat hartzen hasiko da.

Thornek jakiten duenean Simonsonen bizkartzaina etxebizitza duin batean bizi dela "hornigai" beltz eder batekin, eta marrubi-marmelada bezalako gai izugarri garestiak erosteko nahiko diru baduela, bere susmoak areagotu egingo dira.

Thornek ikerketak bere aldetik daramatzan bitartean, Sol bi liburuki handi horiek zer informazio dakarten jakiten ahalegintzen da. Biblioteka batera doa bere adineko lagun batzuei galdetzera. Haiei esker, egia beldurgarri batez ohartuko da. Nekatua eta atsekabetua, eta dagoeneko luzaroegi bizi izan dela iritzita, Sol Rothek Etxea izeneko lekura joatea erabakitzen du, bere bizitzari amaiera ematera. Etxea da hiriko leku bat, non bezeroaren eskakizunei jarraituz, gaztaroko mundu ederraren irudiak jarri eta zaharrei bertan lasai hiltzeko modua eskaintzen zaien.

Thornek Solen agur-gutuna aurkitzen du etxean eta lasterka doa laguna salbatzera, baina berandu iristen da, orduko Solek edabea hartua baitu. Hala ere, lagun zaharrarekin azken hitz batzuk trukatzen ditu. Hil baino lehen, hiriko eraikin batera joatea eskatzen dio Solek, handik frogak jaso eta jendeak egia jakin dezan. Thornek, Solen gorpuaren ibilbidea segituz, azkenean, hiriko giza-gorpu guztien azken patua zein den ikusiko du: gorpuak soylent berdea ekoizteko prozesatzen dira. Simonsonen etxean aurkitutako bi liburukiek salatzen zutenez, ozeanoak lehortzen ari dira eta ez dago elikagaiak ekoizteko plaktonik.

Thornek, Soylenteko langileak atzetik dituela, haietako batzuk hil eta lantegitik ihes egitea lortzen du, hiriko gorpuak jasotzen dituen kamioi batera igoz.

Bere eraikinaren atarira hurbiltzen ari delarik, gizon batzuk zain dituela ohartzen da. Telefono kabina batetik poliziaburuari laguntza eskatzen dio, baina kaleaz beste aldetik gizonak tiroka hasten zaizkio. Tiroketa luze batean, Thornek Simonsonen bizkartzaina eta honen kideak banan banan hiltzen ditu. Azken agerraldia jendez betetako eliza batean da. Zaurituta, poliziaburuari eta bertan dagoen jende guztiari Soylent enpresaren sekretua jakinarazten die. "Gizateria salbatu behar da!" dio oihuka, esku-ohe batean daramaten bitartean.

Filmaren amaierak benetako egoera zein den erakusten du, baina ez dio inolako konponbiderik ematen.

Aktoreak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Charlton Heston - Robert Thorn detektibea
  • Edward G. Robinson - Solomon "Sol" Roth
  • Leigh Taylor-Young - Shirl
  • Joseph Cotten - William R. Simonson
  • Chuck Connors - Tab Fielding
  • Brock Peters - Hatcher
  • Paula Kelly - Martha
  • Stephen Young - Gilbert
  • Mike Henry - Kulozik
  • Lincoln Kilpatrick - El sacerdote
  • Roy Jenson - Donovan
  • Leonard Stone - Charles
  • Whit Bissell - Gobernador Santini
  • Celia Lovsky - Jefa de intercambio
  • Dick Van Patten - Usher 1

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]