Teatre Lliure

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Bartzelonako egoitza berria

Teatre Lliure Kataluniako antzerki-taldea da. 1976ko maiatzaren 1ean sortu zuten, elkarte kooperatibo gisa, Fabià Puigserver, Pere Planella, Lluís Pasqual eta Carlota Soldevilak. Birritan irabazi du Antzerkiaren Sari Nazionala, bata 1978. urtean egindako lanagatik, eta bestea, Shakespeareren Al vostre gust (1984, Zure nahierara) lanaren egokitzapenagatik.

Antzerki independentearen barruan, talde honek Europako antzerki eredu aurreratuenak bereganatu ditu, eta antzerkigile klasiko nahiz modernoen lanak aurkeztu ditu. Sortzaile izan zirenetatik, egun Carlota Soldevilak jarraitzen du bakarrik; Lluís Pasqual Parisko Odeonera joan zen, Fabiá Puigserver 1991n hil zen, eta Pere Planellak taldea utzi zuen zentsuraren inguruko desadostasunengatik.

Lluís Homar, Anna Lizaran eta Carlota Soldevila antzezleek eta Ricard Pedreira zuzendari teknikoak osatu izan dute taldea. Teatre Lliureren historian zehar beste antzezle askok hartu izan dute parte: Inma Colomer, Quim Lecina, Domènech Reixach, Antoni Sevilla, Muntsa Alcañiz eta abar. Antzerki mundutik kanpoko hainbat artistaren lankidetza ere izan dute, hala nola Frederic Amat pintorearena, Lluís Llach musikariarena, edota Albert Boadella eta Carlos Gandolfo eszena-zuzendariena.

Ikuskizun aipagarrienen artean ditu: Lluís Pasqualen Camí de nit 1854 (1976), Bertolt Brechten Mahagonhy hiriaren goraldia eta beheraldia (1977), Georg Büchneren Leontzi eta Lena (1977), W. Shakespeareren Titus Andronicus (1978), Meilhac eta Halevyren Helene ederra (1979), Anton Txekhoven Hiru Germaniarrak (1979), Rosa i María (1979), Geneten Balkoia (1980), Boadellaren Operació Ubú (1981), Pablo Nerudaren Joaquin Murietaren distira eta heriotza (1982), Espriuren Primera historia d'Esther (1982), Molièreren Misantropoa (1982), Shakespeareren Al vostre gust (1983, Zure nahierara), Mozarten Txirula Miragarria (1984), Beaumarchaisen Figaroren ezteiak (1989), Guimeráren Terra Baixa (1990) eta abar.

Hainbat sari jaso ditu, hala nola Antzerkiko Sari Nazionala (1978), Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina (1983), Sant Jordi Gurutzea (1985), Jaume I.aren Ohorezko Saria. 1985ean Teatre Lliureren Ganbera Orkestra sortu zen. Azken urteotan, hainbat lan egin ditu Cesc Gelabert eta Lidia Azzopardiren dantza-taldearekin.

2003. urtetik Àlex Rigola da zuzendari artistikoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]