Trachinotus ovatus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Trachinotus ovatus
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaCarangidae
GeneroaTrachinotus
Espeziea Trachinotus ovatus
Linnaeus, 1758

Trachinotus ovatus Trachinotus generoko animalia da. Arrainen barruko Carangidae familian sailkatzen da. Ozeano Atlantikoan Bizkaiko golkoa eta Angola artean aurkitzen da, bai eta Mediterraneoan ere[1].

Ur azaletik oso gertu ibiltzen da talde txikietan eta arrain azkarra da. Kirol-arrantzan oso estimatua da[2]. Ur epelak atsegin dituenez klima larrialdiaren ondorioz populazioa asko handitu da[3].

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trachinotus ovatus izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[4]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
itxas potsu Ondarroa
lapua
litxa

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorputz luze obalatua du eta alboetatik oso zapalduta dago. Normalean 35 cm-ko luzera hartzen badu ere 70 cm neur ditzake eta 2'8 kg pisatu[1].

Zilar kolorekoa da oinarrian eta atzealderantz kolore berdexkak ditu. Arrain zaharrek 4-6 marra bertikal ilun izaten dituzte, lausoak dira ordea[2]. Albo bakoitzean 3-5 puntu beltz ditu, bertikalki luzatzen direnak eta era kaotikoan kokaturik daudenak[5]. Ezkata txikiak ditu, azalean erdi sartuak. Buztanak urkila itxura nabarmena du. Ertz beltzak ditu eta punta bakoitzean orban zuri bana. Bizkarraldeko eta uzkialdeko hegatsek puntu beltzak dituzte. Bizkarraldeko hegatsak 7 arantza ditu eta 23-27 erradio bigun[1].

Begi handi samarrak ditu eta muturretik oso gertu. Goiko baraila oso estua da. Mingaina du eta hortz lerro oso txiki bat[1].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ekialdean aurkitzen da. Bizkaiko golkotik (batzuetan Eskandinavia eta Britainiar uharteetan ere ikusten da) hegoaldera Gineako golkoan barrena Angolaraino iristen da. Azoreetan, Madeiran, Kanarietan eta Cabo Verde uhartedian ere aurkitzen da. Atlantiko hegoaldeko Santa Helena eta Ascension uharteetan ere ikusten da. Bestalde Mediterraneo osoan zabalduta dago, ez ordea Itsaso Beltzean[1].

50 eta 200 metroko sakonera artean bizi da eta pelagikoa eta neritikoa da. Ur gazitako arraina bada ere estuariotan eta kostaldeko aintziratan ere sartzen da. Ur gardenak atsegin ditu, hareazko edo lokatzezko hondoa dutenak[1].

Arrain termofiloa izanik tenperaturari jarraituz migratzen du eta udan kostaldera inguratzen da[6]. Ur epelak atsegin dituenez klima larrialdiaren ondorioz populazioa asko handitu da[3].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trachinotus ovatus, zilar kolore bakarrekoa.

Arrain kuxkuxeroa da eta aldi berean oso fidakaitza, arriskua ikusten badu berehala desagertzen da[7].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eguez jarduten du. Talde txikiak osatzen ditu kostaldean eta oso azkarrak dira mugimenduetan[8], buztanaren "V" itxurak laguntzen die abiadura hartzen[2]. Udan ur azaletik zentimetro oso gutxitara ibiltzen dira hareazko hondoetan. Abiaduraz eta ikusmenaz baliatuz arrain txikiak erraz harrapatzen dituzte, esate baterako, arrain gazteak, sardinak eta antxoak[2]. Krustazeoak eta moluskuak ere jaten ditu[1], bai eta tarteka algak ere[7].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errunaldia udaberrian izaten da, martxoa eta ekaina artean, orduan inguratzen baitira gehien kostaldera[7]. Kanpo ernalketa dute eta arrautzak pelagikoak dira[1]. Arrain gazteak hondartzako bainularien artean ikustea nahiko ohikoa izaten da[7].

Arrantza eta akuikultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tirreniar itsasoan harrapaturiko alea.

Jateko ona den arren ez da askorik arrantzatzen. Kirol-arrantzan arrain preziatua da, ez soilik haragiaren kalitateagatik, harrapatzeko zaila delako ere bai. Buia baten bidez beita ur azaletik gertu jartzen da eta arrain sarda inguratzerakoan ale asko harrapa daitezke. Bestetik sardinak birrinduz eta ogiz egindako beita sartzen da uretan eta desegiten doan ahala usaina zabaltzen doa eta sardina birrinduaren ezkaten distirak Trachinotus ovatus arrainak erakartzen dituzte[2].

Akuikultura haztegietan ere hazten da.

Arrain dotorea denez akuarioetan ere ohiko espeziea da.

Gastronomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Haragi zuriko arraina da, gantzek %4'2 osatzen dute eta ez du kaloria askorik aportatzen. Ezkata gutxi du eta duen itxura zapalari esker erraz aterazten zaizkio xerrak. Plantxan, irineztatu eta frijituta eta saltsa berdean prestatzen da[9].

Bitxikeria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Trachinotus ovatus arrainaren immunitate sistemak timosina beta-4 izeneko proteina ekoizten du. Bakterioen hazkuntza inhibitzen duela ikusi da, hala in vivo nola in vitro egin diren saiakeretan. Etorkizunean antibiotiko izateko ikerketak abiatu dituzte[3]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f g h «Trachinotus ovatus, Pompano : fisheries, aquaculture, gamefish» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  2. a b c d e «La palometa blanca o palometa (Trachinotus ovatus) – societat pescadors barcelona» www.societatpescadorsbarcelona.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  3. a b c (Gaztelaniaz) humana, Océanos y salud. «Potencial antibacteriano | Océanos y salud humana» www.oceanshealth.udg.edu (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  4. (Indonesieraz) Yumpu.com. «Ondarruko arrantzaleen lexikoa eta toponimia Jakintza ... - Euskara» yumpu.com (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  5. (Ingelesez) «Trachinotus ovatus • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  6. (Katalanez) humana, Oceans i salut. «Medicines del mar | Oceans i salut humana» www.oceanshealth.udg.edu (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  7. a b c d «Club de Inmersión Biología :: 21. Peces óseos, Trachinotus ovatus» www.cibsub.cat (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  8. (Gaztelaniaz) «Trachinotus ovatus o Palometa | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).
  9. (Gaztelaniaz) «palometa» Diccionario Gastronomía (Noiz kontsultatua: 2024-01-19).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]