Txantiloi:2012-47 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Behi terreña edo behi terreñoa, euskaraz Gorbeia aldean bertoko behia, Euskal Herriko zein inguruko zenbait lurraldetan zabaldutako bertako Bos taurus edo behi arraza bat da. Behi azienda mota hau Kantabriar behi enbor gaiztankaran kokatzen da, baina inguruko behi gorrien (betizu zein piriniar behi) eraginarekin. Euskal Herrian Bizkaiko mendebaldean, Gorbeia aldean, Enkarterrian zein Arabako ipar eta mendebaldean (Aiaraldea, Urkabustaiz, Kuartango eta Gaubean) zabaltzen da egun. Behi terreñoak aurki daitezke baita ere Burgosko eta Kantabriako Euskal Herriarekiko mugakideak diren hainbat herrietan, baina gune haietan arrazak daukan egungo egoerari buruz ez dago informazio handirik. Historikoki behi eta idi terreñoak lanerako oso estimatuak zirenez, arraza honetako abereak beste zenbait herrialdetara hedatzen ziren ere, Gipuzkoara esate baterako. Hori frogatzeko joan den mendeko hainbat argazki zahar daude. Hiru erabilera izan dituen arraza izan da; haragitarako, esnerako zein nekazal lanetarako. Ibiltari onak dira eta larre eskasetan ondo moldatzen dira. Garai batean arraza honen abereen zabalpena handiagoa bazen ere, egun behi terreña arrazako kopurua txikia da, eta desagertzeko arriskuan dago. FAO erakundeak 1996en urtean desagertzeko zorian dagoen arrazatzat onartu zuen. Nekazaritzako lanek ekarri zuten arraza honen idien gainberaz gain, joan den mendeko azken hamarkadetan dexente murriztu zen animalia hauen populazioa, mendiko larretan beste arraza batzuetako zezenekin gurutzatu baitziren arrazako behiak. Narrua gaztain-kolorekoa edukitzen dute, zenbait tonalitatetan, eta baita hur-kolorekoa ere. Muki-zuntzak, berriz, beltzak edo arbel-kolorekoak izan ohi dituzte. Nekez izaten dituzte soin-gurutzera 142 cm. baino garaiera handiagoa. Adar finak dauzkate, zuriak, eta gehienetan beltzak muturrean. Emeek krema koloreko erroak dauzkate, ilez estalita. Bere haragiaren kalitate handia dela eta, arrazak bultzada berria hartu du 2010etik aurera, Euskal Herriko beste zenbait lekuetara zabalduz eta garai bateko hainbat eskualdetara itzuliz. Ugalkortasun handikoak dira, euren landatartasuna dela eta.