Urtasun-Lakidain anaiak

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jose Manuel Urtasun Lakidain
Datu pertsonalak
Izen osoa Jose Manuel Urtasun Lakidain
Jaio 1773-11-26
Zildotz (Nafarroa Garaia)
Hil 1844-6-1
Zildotz (Nafarroa Garaia)

Jose Manuel Urtasun Lakidain (Zildotz, 1773ko azaroaren 26aibidem, 1844ko ekainaren 1a) apaiza eta euskarazko predikuen idazlea izan zen, anaia Juan Manuelekin batera.

Juan Manuel Urtasun Lakidain (Zildotz, 1786ko irailaren 17aibidem, 1855eko irailaren 17a) apaiza eta euskarazko predikuen idazlea izan zen, anaia Jose Manuelekin batera.

Juan Manuel Urtasun Lakidain
Datu pertsonalak
Izen osoa Juan Manuel Urtasun Lakidain
Jaio 1786-9-17
Zildotz (Nafarroa Garaia)
Hil 1855-9-17
Zildotz (Nafarroa Garaia)

Biografiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jose Manuel Urtasun Lakidain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zildozko Perutxenean sortua, Juan Jose Urtasunen eta Manuela Mikaela Lakidainen seme zaharrena izan zen. Aitatxi-amatxiak Zildozko Juan Urtasun eta Barbara Leranotz zituen aitaren aldetik, eta Matias Lakidain eta Juana Maria Larunbe beltzuntzearrak amarenetik.

Aldatz-Etxabakoizko parrokia eskuratu zuen 1798ko maiatzaren 9an, eta 1801eko uztailaren 13an Untzuko parrokiara joan zen, bestea utzita. Kargu hartan egon zen hil arte. Tarteka, behin-behineko apez ere ibili zen Zildotzen eta Nabatzen, eta Anueko behin-behineko artzipreste karguan ere aritu zen urte luzez.

1812an Untzun bizi ziren 15 eta 50 urte bitarteko gizonen errolda egin zen, datu fisionomiko eta guzti, eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dago kontsultagai[1]. Manuel Urtasun ageri zaigu, Untzuko apezetxean bizi zena. Altueraz txikia bide zen, kolore sanokoa, kopeta-zabala, begi urdinkarak zituen, sudurra eta ahoa arruntak, eta ilea eta bizarra urdintzen hasiak.

1844ko ekainaren 1ean zendu zen Zildotzen, 70 urtetan, eta aspaldi burua galdua zuela. Hil horren 3an ehortzi zuten sorterrian, eliza ondoko kanposantuan.

Zildozko Perutxena etxea
Zildozko Perutxena etxea

Juan Manuel Urtasun Lakidain[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anaia bezala, Zildozko Perutxenean sortu zen. Juan Jose Urtasunen eta Manuela Mikaela Lakidainen seme gazteena izan zen. Atarrabian konfirmatu zen, 1787ko apirilaren 17an.

Zildozko gizonen 1812ko errolda badugu, Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordea[2]. Horretan esaten zaigu altueraz baxua, kolorez beltzarana, kopeta eta aho arruntekoa, begi-nabarra, sudurluzea, eta ile eta bizar beltzekoa zela. Ageri denez, orduan ez zen oraindik apeztua.

Gramatika ikasketak Garesen egin zituen eta 1818an jaso zuen lehen tontsura. Iruñeko San Migel seminarioan filosofia eta teologia morala ikasten zebilela, 1818an lehen tontsura galdegin zuen, eta Zildozko abadetza esleituta, 1819an ordena txikiak eta subdiakono ordena jaso zituen. Diakono izan zen urte hartan berean, baita apez ere.

Artean Untzun parroko zebilen Jose Manuelek anaia gazteari utzi zion, beraz, behin-behinean zuen Zildozko parrokia, 1819. urtean. Arreko Trinitateko abadia laikoko kapilaua ere izan zen.

1855eko irailaren 17an hil zen, urtebetetze egunean, hain zuzen. Zildotzen ehortzi zuten.

Sermoiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urtasun-Lakidain anaien predikua (XIX. mendea).
Urtasun-Lakidain anaien predikua (XIX. mendea)[3].

Sortetxean, Perutxenean, Urtasun Lakidain anaiek euskaraz idatzitako ehundik gora prediku gorde zituzten, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako bestelako eskuizkribu eta liburu inprimatu zenbaitekin batera. XX. mende hastapenean, predikuen eta eskuizkribuen zati bat Aingeru Irigaraik bereganatu zuen, eta gaur egun Nafarroako Errege Artxibo Nagusian dago[4]. Predikuen beste sorta bat eta zenbait euskal liburu, aldiz, Diez de Ultzurrun-Sagalà familiaren eskutan dira egun.

Predikuek ez dute ez datarik ez sinadurarik, eta ez da beti erraza nork zer idatzi zuen argitzea, bi anaiek letrakera bertsua baitzuten. Sermoi batzuen saihetsean, ordea, predikazio-urteak jaso ziren. Goiztiarrena 1810ekoa dugu, eta zaharrena, aldiz, 1879koa. Bistakoa da, beraz, testuak Untzuko eta Zildozko elizetako sermoietan erabili zirela, eta, irudiz, Isidoro Diez de Ultzurrun Urtasunek, Perutxenean sortutako ilobak, 1842tik 1879ra Untzun eta Zildotzen apez ibili zenak ere erabili zituela.

Sermoiak idazteko, ohi bezala, bestelako lan batzuk izan zituzten iturri urtasundarrek. Hala, Sebastian Mendibururen Jesusen Amore-nequeei dagozten cembait otoitz gai (1760) obraren emaria ikusten da, baita latinez eta gaztelaniaz idatzitako sermoi-bildumetatik egindako itzulpenak ere. Hona esaterako, Francisco de la Madre de Diosen Theatro Trinitario adornado de sermones para la dominica del año… (1705. Iruñea: Juan Joseph Ezquerro) obratik egindako itzulpena.

Lastimoso caso! Lance estrecho! y riguroso ahogo es la memoria de el Juycio Universal, q[ue] oy nos pinta la pluma de San Lucas. Precederàn señales espantosas, y horribles al dia de el Juycio. Vendra el Hijo de Dios con espantosa Magestad, à juzgar à los mortales. El sol, luna, y estrellas han de apagar sus resplandores, en señal, de que Dios ha encendido su divino enojo[5].

Caso lastimosoa! lance erchia! eta neque rigurosoa da juicio universalaren memoria, cein pintacen baitigu egungo egunean S[a]n Lucasec. Juicioaren egunari alcinduco zaizquio sañale izugarriac. Etorrico da Jang[oicoare]m [sic] semea magestade espantoso batequi, mortaleac juzgazera, Yguzquiac, Yllarguiac, eta Yzarrac guibelatuco dute beren arguitasuna, mateco entendazera, etzi Jang[oico]ac ychequi, edo vistu duela bere colera divinoa[6].

Predikuen hizkera, Egileen jatorria eta lantokia ikusita, Ezkabartekotzat edo Txulapaingotzat hartu izan da. Bonaparteren etiketak erabiliz, Hegoaldeko goi nafarrera dela ere esan izan da. Hona erakusgarri bat, gaur egungo ortografiara ekarria, ohar argigarri batzuez lagundurik:

Unikornio deitzen duten animale fiero batek, zion sandu honek, segitzen zion gizon batei, arrepatu naies, irasteko [irensteko]. Gizon pobre hau, hala igesi zidoaielarik, ellegatu zen marga [barga, amildegi] haundi baten puntera zeñetatik etzen posible txaustea [jeistea], eta ia unikornio hure ellegatu zekion [zitzaion] urbiltzera, eta ez zauken bertze remediorik, baizik, edo bere burue bota marga bera, edo gelditu animale fiero harren presatako.

Elegitu zuelarik lenbizikoa, saltatu zen marga bera, eta izan zuen harren erdien zegon arbole baten arramatik zilintzeka gelditzeko fortune. Kontsuelo zerbait hartu zuen ikustean animale fiero harrengandik libratu zela geiagoko miñik hartu bage [gabe], baño laster guartu [ohartu] zen arbole hure erortzera zidoaiela, zeren bi saguek, bata txurie eta bertzea beltxa, ari ziren gelditu bage harren zañek [zainak, sustraiak] gastatzen.

Begiratu zuen bera eta ikusi zuen han zegola dragon horroroso bat esperan noiz eroriko ote zen, agua [ahoa] zabaldurik, haren irasteko. Itzuli begiek alde guzietara, eta reparatu zuen lau aldetatik zeudela lau aspide edo serpiente, miek [mihiak] atrarik harrei jokatzeko figuren [hari eraso egiteko itxuran]. Ikusazie zer gizonaren estadoa: margaren gañetik zegokion beire [begira] unikornioa, marga petik dragona, au aldetatik lau serpiente, eta guziek hure arrepatu naies, eta bi saguek gelditu bage zemazkiten akabatus arbolearen zañek. Ha, gizon tristea, alde guzietatik zegona beterik era hartako peligroes, niondik [inondik] esperantzarik izan zezaken bage!

Nolakoak izanen ote ziren gizon honen turbazioa eta kongoja? Aituko [adituko] duzie bereala nolakoak. Estado erran dugun hontan zegolarik, guartu zen arbole harren ostoetatik erortzen zirela ezti tanta batzuek, eta peligro guziez atzendurik [ahazturik] bezala, hasi zen haiekin dibertitzen, beldurtzeko motiborik ez zuen bezala [ez balu bezala]. Ha zer gizonaren sentidoa! Zer erraiñ [erranen] ziñukete horlako [horrelako] bates? Zenbait sinple edo zentzu bagekoa izanen zela[7].

Bestelako euskal testuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esan bezala, predikuez gain, bestelako euskal testuak ere baziren Perutxenean. Liburu inprimatuen artean, Larramendiren hiztegiaren (1745) liburuki bat ere bazen, Mendibururen Jesusen biotzaren debocioaren bigarren edizioa (1751), eta Mikelestorenaren Cerura nayduenac ardezaquean vide erraza lanaren zatia, 1754ko ediziokoa, gaur egun Diez de Ultzurrun-Sagalà familiaren eskutan denak.

Eskuizkribuen artean, beste apezek idatzitakoak ere badaude, hala nola sermoi zenbait; Gurutzebide bat eta otoitzak dakartzan liburutxoa, hainbat eskuk idatzitakoa, eta San Joseren bederatziurrena. Denak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian daude gaur egun, Irigarai funtsean[8].

Bestalde, ezkontideei ezkontzan irakurri beharreko euskarazko abisu bat ere, Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan gordea, urtasundarrek idatzia da ziur aski[9].

Omenaldia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Perutxenean paratutako oroigarria
Perutxenean paratutako oroigarria

2023ko azaroaren 26an, Juan Jose Urtasunen jaiotzaren 250. mendeurrenean, Euskaltzaindiak omenaldia egin zien bi anaiei Zildotzen. Perutxenean oroigarri bat paratu zen, elizan aurkezpenak egin ziren, eta Pertuxeneko eta Ezkabarteko euskal testu zaharren inguruko erakusteta ere izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Estatistika, 11. sorta, 14. zk.
  2. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Estatistika, 10. sorta, 59. zk.
  3. Diez de Ultzurrun-Sagalà familiaren funts pribatua, DUSAT-004
  4. Santazilia, Ekaitz. (2022-12-28). «Irigarai familiaren funtsa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian: katalogoa (II. dokumentu argitaragabeak)» Fontes Linguae Vasconum (134): 471–490.  doi:10.35462/flv134.7. ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
  5. (Gaztelaniaz) de la Madre de Dios, Francisco. (1705). Theatro trinitario adornado de sermones para las dominicas del año, y con triplicados sermones para las dominicas de Aduiento, y Quaresma con Semana Santa .... Iruñea: Joseph de Ezquerro, 1 or..
  6. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Familia funtsak, Irigarai funtsa, 1. kaxa, 1. karpetatxoa, IR-019
  7. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia, Familia funtsak, Irigarai funtsa, 1. kaxa, 1. karpetatxoa, IR-011
  8. Santazilia, Ekaitz. (2022-12-28). «Irigarai familiaren funtsa Nafarroako Errege Artxibo Nagusian: katalogoa (II. dokumentu argitaragabeak)» Fontes Linguae Vasconum (134): 471–490.  doi:10.35462/flv134.7. ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).
  9. Santazilia, Ekaitz. (2013-09-30). «Iruñe ondoko euskal testu zahar berri bat» Fontes Linguae Vasconum (116): 91–119.  doi:10.35462/flv116.3. ISSN 2530-5832. (Noiz kontsultatua: 2023-08-01).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Santazilia, Ekaitz. (2022-11-03). «Zildozko Perutxeneko euskal predikuak (XIX. m.): aurkezpena eta ikerketaren lehen emaitzak» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" doi:10.1387/asju.23959. ISSN 2444-2992. (Noiz kontsultatua: 2023-07-20).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]