Atarrabia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Atarrabia

 Nafarroa Garaia
Atarrabiako bandera

Atarrabiako armarria

Izen ofiziala Villava/Atarrabia
Estatua
Erkidegoa
Merindadea
Eskualdea
Espainia
Nafarroako Foru Erkidegoa
Iruñeko merindadea
Iruñerria
Alkatea Pedro Gaztearena García (Bildu)
Herritarra atarrabiar
Koordenatuak 42°49′51″N 1°36′31″W / 42.83083°N 1.60861°W / 42.83083; -1.60861Koordenatuak: 42°49′51″N 1°36′31″W / 42.83083°N 1.60861°W / 42.83083; -1.60861

Navarra municipalities Atarrabia.JPG

Eremua 1,10 km2
Garaiera 434 m
Distantzia 4 km Iruñera
Posta kodea 31610
Biztanleria 10.496 bizt. (2012)
Dentsitatea 9.541,82 bizt./km²
http://www.atarrabia.es/eu

Atarrabia[1] Nafarroa Garaiko erdialdeko udalerri bat da, Iruñerrikoa. 2012ko urtarrilaren 1eko erroldaren arabera 10.496 biztanle zituen. 1960ko hamarkadatik aurrera garatutako herria da, Iruñerriko gune metropolitarraren iparraldean. Itsasoaren mailatik 434 metrora kokaturik dago.

Euskarazko izena Atarrabia izan arren, gaur egungo izen arautua Villava/Atarrabia da, gaztelaniaz eta euskaraz.

Iruñerriko Mankomunitatea, zaborra bildu, ur-hornidura eta bestelako zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da, Iruñea inguruko gune metropolitarreko beste hainbat herritan bezala.

Inguru naturala eta kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atarrabiako udaletxea, Kale Nagusitik ikusia.

Atarrabiak azalera nahiko txikia dauka, 1,1 kilometro koadrokoa, eta, Iruñetik lau kilometrora dago, Iruñeko merindadearen hegoaldean eta Iruñerriko gune metropolitarrean. Herrira Iruñetik heltzeko, Vianako Printzearen plazatik abiatuta, Beloso aldapatik behera eginez, Atarrabiara heltzen da Serapio Uitzi etorbidetik.

Mugakide honako udalerri hauek ditu: Iparraldean Ezkabarte, ekialdean Uharte, hegoaldean Burlata eta mendebaldean Iruñea.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atarrabiako klima azpimediterraneo epela da, prezipitazioak ugariak dira urte osoan zehar, baina uztaila eta abuztuan nahiko urriak dira, aldaketa termikoa ertaina da. Urteko batez besteko tenperatura 12-13 gradukoa eta prezipitazioak 1.100 eta 1.200mm artekoak dira. Urteroko egun euritsuak 100-120 dira.

Udaberrian eta udazkenean ohikoak izaten dira ekaitzak. Oro har, Iruñean baino euri apur bat gehiago egiten du, Iruñerriko gune metropolitarraren iparraldean baitago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1184. urtean Villava edo "Villa noua" izeneko hiribildua sortu zuen Antso VI.a Nafarroakoak, Atarrabia herrixkaren ondoan. Bertako biztanleei Iruñeko San Nikolas burgu berriko biztanleen foru bera eman zitzaien. Foru horiek 1256an berretsiak izan ziren. 1405. urtean Karlos III.a Nafarroakoari eman zitzaion San Andres eliza babestearen ardura. Errege hark Orreagako Monasterioari eman zion.

Atarrabia Frantziara edo Nafarroako Erresumaren iparraldera joaten ziren merkatari eta bidaiarien ezinbesteko igarobidea izan zen Erdi Aro osoan. Betidanik Zangozako merindadearen zati izan eta gero, XVII. mendean Iruñeko merindadearen zati bihurtu zen herria. Atarrabia batzar batek aukeraturiko alkate batek eta bi epaimahaikidek gobernatzen zuten. Gaztelak Nafarroa indarrez konkistatu eta gero, erregeorde batek izendatu zituen karguok.

XIV. mende eta XV. mendeak izurri eta pobreziaz beteriko mendeak izan ziren Atarrabiarrentzat. Hauek gaindituta, egoerak hobera egin eta biztanleria hazten joan zen. 1545ean udaletxea, eliza berria eta errota nagusia eraiki ziren. Nekazaritza eta abeltzantzarekin loturiko iharduera nagusiak nagusi zirelarik XVIII. mendearen amaieran, irina egiteko errotak eraiki ziren.

Karlistadaren eta Frantziako Iraultzaren ondorioz egondako gerrateen ondorioz Atarrabiako herria erabat suntsiturik geratu zen. Horrez gain, Orreagako Monasterioaren ondasunen desamortizazioa egin zuen Espainiako gobernuak. Behin gerrateak gaindituta industrializazio xume bat hasi zen. 1841. urtean papergintzaren sektoreko Papelera Española lantegia eraiki zen. Horrekin batera beste hainbat sektoretako lantegiak eraiki ziren, likoregintzan, orgagintzan, ardogintzan, zurgintzan eta abar.

XX. mendearen hasieran azpiegiturek eta garraiobideek hobera egin zuten Zangozaraino zihoan Irati trenbide elektrikoa inauguratzean. Mendea igaro ahala, industria ezberdinak garatu zirenean, biztanleria haziz joan zen, sortutako lan aukera berriek erakarrita. Industria berriak agertu ziren horrela, plastikogintza eta lantegi mekanikoak. XX. mendearen erdialdetik hasita, Atarrabiako biztanleria hamar halako hazi zen.

Gaur egun, Atarrabia Iruñerriko udalerria da, Nafarroako hiriburu Iruñeari erabat lotua.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atarrabiako biztanleria
1897 1900 1910 1920 1930 1940 1950 1960 1970 1981 1991 2001 2006
976 918 1.202 1.540 1.524 1.933 2.486 3.225 4.446 6.216 7.528 9.575 10.295

2008ko erroldaren arabera, 969 etorkin bizi ziren herrian, biztanleriaren %9,48 (Nafarroa Garaiko batezbestekoaren azpitik).

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atarrabiako jarduera ekonomiko nagusia zerbitzuak eta industria dira. XX. mendean zehar nekazaritza alde batera utzi eta industriak garrantzia hartu zuen. Gaur egun, herrian industrialde bat bada, eta etxebizitza guneekin nahasten diren enpresa bakan batzuk. Azken urteetako hazkunde demografikoak eraikitzeko libre geratzen ziren orubeak agortzea ekarri du. Horrela, hurrengo hamarkadan herrian dauden enpresa gehienek beste kokaleku bat topatu beharko dute.

Atarrabiako industrialdeko enpresa gehienak altzariaren sektorekoak dira.

Industrialdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

N-121A errepidearen ondoan kokatua, industrialdeak 100.500 metro koadroko azalera dauka. Atarrabiako hirigintza-plangintza orokorrak dioenaren arabera, erabilera industrialekoa da gunea, merkataritza eta ostalaritza erabilera osagarriak direla. Eraikinek izan dezaketen altuera gehienekoa sei metro da. 1998ko iraileko datuen arabera, industrialdean 46 enpresa daude, eta 58 sailetatik bederatzi bakarrik zeuden betetzeke.

Industrialdea N-121A errepidearen kokatua egoteaz gain, Iruñerriko PA-30 ingurabide autobidearen hegoaldean dago.

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta 1980ko hamarkadan Atarrabiako herritarrek erreferendum baten bidez Euskal Herriko ikurrina udaletxeko balkoi nagusian egotea onartu, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak egindako Zeinuen Legeak kentzera behartu zituen udaleko arduradunak. Ondoren, alkateak udaletxearen ondoan, masta jarri zuen ikurrina jarri ahal izateko, baina Gobernuak hura ere kentzera behartu zuen.

Udal hauteskundeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2007an Atarrabiako alkate kargurako Pello Gurbindo Jiménez aukeratu zuten. Hauteskunde haietan Nafarroa Bai izan zen boto gehien jaso zituen alderdia, guztira sei zinegotzi eskuratu zituen. UPNk bost zinegotzi lortu zituen, Eusko Abertzale Ekintzak hiru zinegotzi, PSNk bi, eta Ezker Batuak zinegotzi bakarra. Baliogabeko botoak 37 izan ziren (emandako guztien %0,68) eta 83 boto zuri izan ziren (botoen %1,52). Abstentzioa %28,47koa izan zen.

Atarrabiako Udala (2007)
Alderdia Botoak Zinegotziak
Nafarroa Bai 1.833 6
UPN 1.432 5
EAE 1.018 3
PSN 620 2
NEB 299 1
CDN 159 0


2011ko udal eta foru hauteskundeen ondoren Atarrabiako alkatea Pedro Gaztearena da. Bildu izan zen boto gehien jaso zituen alderdia, guztira bost zinegotzi eskuratu baitzituen. Bigarren alderdia Atarrabia Bai izan zen (5 zinegotzi), UPNk lau zinegotzi lortu zituen, eta PSN, Nafarroa Bai 2011 eta Nafarroako Ezker Batuak (I-Eko zerrendarik ez zen egon) zinegotzi bana lortu zituzten. Baliogabeko botoak 50 izan ziren (emandako guztien %0,97) eta 170 boto zuri izan ziren (botoen %3,32). Abstentzioa %32,49koa izan zen.


Atarrabiako Udala (2011)
Alderdia Botoak Zinegotziak
Bildu 1.266 5
Atarrabia Bai[2] 1.255 5
UPN 1.144 4
PSN 460 1
NaBai 2011 322 1
NEB 272 1
PP 227 0

Udaletxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Udaletxea Kale Nagusian dago, elizaren plazaren ondoan, eta Atarrabiako herriaren erdigunean. Lau zatitan banatutako adreiluzko eraikina da. XX. mendearen amaieran, eraberritze lanak burutu ziren, eta 239 milioi pezeta gastatu zituen udalak, Nafarroako Foru Erkidegoko Gobernuak emandako diru laguntzari esker. Udala alkatea eta hamabi zinegotzik osatzen dute.

  • HELBIDEA: Kale Nagusia, 22

Atarrabiako alkateen zerrenda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alkateen zerrenda
1979-1983 José María Arrasate Oloritz Indep.
1983-1987 Emilio Carrasco Maya PSN
1987-1991 Vicente Sabalza Martínez Indep.
1991-1995 Vicente Sabalza Martínez Indep.
1995-1996 Hilario Erantsus Olleta UPN
1996-1999 Alfonso Ukar Zaratiegi UPN
1999-1999 Peio Monteano Sorbet EA
1999-2003 Alfonso Ukar Zaratiegi UPN
2003-2007 Alfonso Ukar Zaratiegi UPN
2007-2011 Peio Gurbindo Jiménez NaBai
2011-2015 Pedro Gaztearena García Bildu


Ondarea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

San Andres eliza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzinako San Andres eliza XVI. mendearen bigarren erdian hasi ziren eraikitzen, zehazki 1563. urtean. Eraikuntza lanak XVII. mendera arte ez zituzten amaitu. Gaur egun, eraikina kokatzen zen toki berean eliza moderno bat ageri da, 1960ko hamarkadan jatorrizko elizaren arrastoen gainean eraikia. Historialarien ustetan, Erdi Aroan eliza erromaniko bat izan zen herrian, San Andres zubiaren ondoan, eta Ultzama kalea gurutzatzen den tokian.

Peritos Agricolas Eskola, 1912an eraiki zuten

Antso VI. jakitunaren monumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atarrabiako kale nagusian dago, udaletxearen ondoan. Egitura 1984an jarri zen, herriak Antso VI.a erregearengandik forua jaso zuela 800 urte bete zirela ospatzeko. Aezkoako eskulturgile batek egin zuen eta bloke baten gainean dagoen Antso VI.aren gorputza irudikatzen du. Harrian, latinez, gaztelaniaz eta euskaraz idatzitako testua ageri da.

Bestelako eraikinak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Serapio Uitzi kalea eta Atarrabiako Kale Nagusian, XX. mende hasierako eraikin eta jauregiak daude. 1911. urtean "Besta Jira Bello" izeneko eraikina altxatu zen Iruñeko familia burgesen ekimenez, bertan kasino eta jatetxe moderno bat ezartzeko asmoarekin. 1915ean Dominikoek eraikina erosi zuten.

Jaiak eta ospakizunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Herriko jaiak Ama Birjina Arrosariokoaren omenez ospatzen dira. Urriko lehen igandearen bezperan jaurtitako suziriarekin hasten dira, eta astebete irauten dute. Iruñerriko udalerrietako azken jaiak dira.
  • Nafarroako Foru Erkidegoaren Eguna abenduaren 3an ospatzen da, Frantzisko Xabierkoaren egunean alegia.
  • Zuhaitzaren eguna martxoko bigarren larunbatean antolatzen da. Egun horretan, herriko ikasleek zuhaitzak landatzen dituzte eta hormirudi berde bat margotzen dute. Oro har, haur eta gazteei zuzenduriko ekitaldia da.
  • Atarrabiaren eguna iraileko lehen igandean ospatzen da.
  • San Andres eguna azaroaren 30ean ospatzen da. Herriko patroiaren omenezko hainbat ekitaldi antolatzen dira: besteak beste, santuaren omenezko meza nagusia. Mezan udalbatza osorik izaten da.

Garraiobide eta azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñerriko PA-30 ingurabide autobideak udalerria iparraldetik zeharkatzen du, Atarrabia gune-metropolitarreko gainontzeko udalerriekin batuz. Horrez gain, N-121A errepideak ere inguruko Arre, Burlata eta Uharterekin elkartzen ditu Atarrabia.

Iruñerriko Hiri Garraioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garraio publikoari dagokionez, Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren laugarren eta zazpigarren lineek Atarrabia Iruñarekin eta inguruko herriekin komunikatzen du. Laugarren linearen kasuan sei minutuan behin igarotzen dira, eta zazpigarren lineako autobusak hamar minutuan behin.

Línea Ibilbidea Ordutegia Maiztasuna Oharrak
TUCPamplona4.GIF Barañain - Atarrabia 06:23 - 22:29
TUCPamplona7.GIF Atarrabia - Txantrea - Barañain 06:25 - 22:29 10´
TUCPamplonaN5.svg Labriteko Jaitsiera - Uharte Gauez 30´

Autobuses Artieda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horrez gain, Nafarroa Garaiko ipar-ekialdeko hainbat herri Iruñearekin batzen dituen Autobus Artieda konpainiaren linea batek geltokia dauka Atarrabian. Autobus lineak, honako ibilbidea egiten du:

Konpainia beraren bigarren lineak (Eugi eta Iruñea bitartekoa), geltokia dauka herrian. Ibilbidea honakoa da.

Condaren lineak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Conda autobus konpainiaren Otsagabia eta Iruñea bitarteko lineak geltokia dauka herrian. Lineak honako ibilbidea egiten du:

Konpainia beraren beste linea batek Irunberri eta Iruñea batzen ditu, Irunberritik aurrera aurreko lineak duen ibilbide berarekin.

Orbaizeta eta Iruñea batzen dituen lineak ere Agoitz zeharkatzen du, eta honako ibilbidea egiten du:

Hirugarren linea batek Agoitz eta Iruñea batzen ditu, hiru zerbitzu baino ez ditu eguneko eta Agoitz eta Iruñea batzen ditu Eguesibar, Urrotz eta Lizoainibar zeharkatuz.

Hezkuntza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Pedro de Atarrabia B.H.I
  • Paz de Ziganda Ikastola
  • Atargi ikastola Publikoa

Aretoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Totem musika aretoa.

Jakingarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruñerriko biztanleek "Atarrabiar" deitzen diete Iruñerriko Eskualdeko Hiri Garraioaren autobusei.

Atarrabiar ospetsuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Miguel Indurain, atarrabiarrik ospetsuena.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Atarrabia Aldatu lotura Wikidatan
Portal.svg
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko:Wikiatlasa