Galtzerdi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Puntuz egindako galtzerdia.

Galtzerdia oinetan eramaten den jantzia da, askotan orkatila edo bernaren zati bat estaltzen duena. Oinetako edo bota mota batzuk galtzerdien gainean eraman ohi dira. Aintzinean, galtzerdiak larruz edo abereen ilea korapilatuz egiten ziren. XVI. mendearen amaieran, galtzerdiak trikotatzeko makinekin egiten hasi ziren. XIX. mendera arte, eskuz zein trikotatzeko makinaz fabrikatzen ziren galtzerdiak. Azken teknika hori XIX. mendean ohikoagoa bihurtu zen eta gaur egun ere erabiltzen da.

Erronbodun galtzerdia.

Galtzerdien eginkizunetako bat izerdia xurgatzea da. Gure gorputzean izerdi gehien ekoizten duen atala oina da eta egunean, 0,12 izerdi litro baino gehiago eragin ditzake[1]. Galtzerdiek izerdia xurgatzen dute, airearen bidez lurrun dadin. Ingurune hotzetan, kotoiz edo artilez egindako galtzerdiek oin hotzak berotzen laguntzen dute eta horrek izozteko arriskua murrizten du. Galtzerdi finak udako hilabeteetan eraman ohi dira oinak fresko edukitzeko. Kolore argiko galtzerdiak kiroleko oinetakoekin janzten dira eta kolore ilunekoak (askotan beltzak edo itsas-urdinak), berriz, oinetako formalekin.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galtzerdiak mendetan zehar garatu dira. Lehenengo modeloak abereen azalarekin egiten ziren eta orkatilan lotzen ziren, greziar eta erromatar oinetakoak bezala. Industriaurreko garaietan, galtzerdien manufakturak denbora asko hartzen zuenez, bakarrik aberatsek erabiltzen zituzten. Txiroek oin bilkariak janzten zituzten. XX. mendearen amaiera arte Ekialdeko Europako armadek oihal hauek erabiltzen jarraitu zuten.

Ezagutzen den galtzerdi parerik zaharrena, naalbinding bidez sortua. 300 eta 500 urte bitartekoak dira eta Oxirrinkon topatu zituzten, Egiptoko Nilo ibaian. Behatzak banatuak dituzte sandaliekin erabiltzeko diseinatu zirelako. Victoria and Albert museoan daude ikusgai (erreferentzia 2085&A-1900).

Hesiodo greziar poetaren arabera, K.a. VIII. mendean, aintzinako greziarrek abereen ilea korapilatuz egindako «piloi» izeneko galtzerdiak janzten zituzten[2]. Erromatarrek ere haien oinak larrua edo ehunarekin biltzen zituzten. K.o. II. mendearen inguruan, erromatarrak ehunak elkarrekin josten hasi ziren, «udone» izeneko galtzerdi estuak egiteko. K.o. V. mendean, Europan, sainduek «puttee» izeneko galtzerdiak janzten zituzten garbitasuna sinbolizatzeko.

Erdi Aroan, prakak luzatu ziren. Horrekin batera, galtzerdiak hankaren behealdea estaltzen zuten kolore biziko oihal estuak bihurtu ziren. Galtzerdiek tira elastikorik ez zutenez, eror ez zitezen, goiko aldean galtzariak ipintzen ziren. Prakak laburragoak bihurtu ziren heinean, galtzerdiak luzeagoak eta garestiagoak  bilakatu ziren. K.o. 1000. urtean, galtzerdiak aberastasunaren ikur bihurtu ziren noblezian. XVI. mendetik aurrera, galtzerdien diseinu apaingarriari ingelesez, clock deitu zitzaion[3][4]. Diseinu honek orkatila edo oinaren alboa estaltzen du.

XII. mendeko kotoizko galtzerdia, Egipton aurkitutakoa. Galtzerdi honen ehuleak puntatik hasi zuen bere lana eta gero, hankarantz igo zen. Ehuleak egindako azkeneko atala orpoa izan zen, hankaren zatia josi bitartean lotu zuena. Horrela, orpoaren zatia gastatuz gero, modu erraz batean aldatu ahal izateko.

1589an trikotatzeko makina asmatu zen eta horri esker, galtzerdiak eskuz baino sei aldiz azkarrago egiten ziren. Hala eta guztiz ere, 1800. urtera arte, ehuleek galtzerdiak eskuz egiten jarraitu zuten.

1938. urtean beste iraultza bat gertatu zen, nylona erabiltzen hasi zirelako. Urte horretara arte, galtzerdiak normalean zetaz, kotoiz eta artilez egiten ziren. Nylonarekin galtzerdiak ekoizterakoan bi hari edo gehiago nahasten hasi ziren. Prozesu hori oraindik gaur egun egiten da.

Fabrikazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galtzerdiak askotariko materialekin egin daitezke: kotoia, artilea, nylona, akrilikoa, poliesterra eta olefinak (polipropilenoa, adibidez). Leuntasun handiagoa lortzeko, prozesuan zehar erabili daitezkeen beste material batzuk zeta, banbua, lihoa, kaxmirra edo mohairra dira. Merino-artilea maiz aukeratzen den ehun bat da, galtzerdiei berotasuna eta erosotasuna emateko. Artile honek, beste materialekin nahasterakoan, galtzerdien forma hobe mantentzen laguntzen du. Galtzerdiaren kolorea diseinatzailearen asmoaren araberakoa da. Batzuetan, arteaz baliatzen dira galtzerdien itxura hobetzeko. Koloretako galtzerdiak kirol-uniformeen funtsezko zati bat izan daitezke; izan ere, jokalari-taldeak bereizteko aukera ematen dute hankak bakarrik ikusten direnean.

XXI. mendearen hasieran egindako galtzerdien ia erdia Alabamako Fort Payne hirian egin ziren. Horregatik, hiri hau «galtzerdiaren munduko hiriburutzat» hartzen da. Fort Payneko galtzerdien industriak  bere punturik gorenean (K.o. 2000 urtearen inguruan), 7000 lanpostu inguru sortu zituen. Nahiz eta Fort Payne galtzerdi ekoizle nagusienetako bat izan, orain munduko galtzerdien laurden bat baino ez du ekoizten. Gaur egun, Datang da ekoizlerik handiena.

Datang, «Galtzerdi Hiria» bezala ezaguna, Zhejiang probintziako Zhuji hirian dago (Txinako Herri Errepublika). Gaur egun, hiriak 8 mila milioi galtzerdi pare ekoizten ditu urtero, munduan ekoizten diren galtzerdien heren bat[5]. 2011n munduko pertsona bakoitzarentzako bi galtzerdi pare fabrikatu ziren Datangen[6].

Estiloak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behatzen forma duten galtzerdiak.
Flip-flop txankleta galtzerdiak.

Galtzerdiak luzera desberdinetan fabrikatzen dira. Ikusten ez diren eta orkatilarainoko galtzerdiak informal janzteko edota kirola egiteko eramaten dira. Galtzerdi mota hauek zapatila bakarrik daramazula iruditzeko janzten dira. Belaunetarainoko galtzerdiak janzkera formalarekin edo uniformearekin erabiltzen dira: eskoletako uniformeetan, kiroletan (futbolean edo beisbolean), gazte talde baten janzkera bereizteko… Belaunetik gorako edo izterretarainoko galtzerdiak emakumeen jantziekin zerikusia dute oraingo aroan. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, haurrek asko erabiltzen zituzten, bai mutilek eta bai neskek. Hala ere, ospea oso ezberdina zen herrialde batetik bestera[7]. Emakumeek belaunetarainoko edo izterretarainoko galtzerdiak erabiltzen dituztenean, gizon batzuek erakarpen sexual eta fetitxismotzat har dezakete[8]. Azpiko galtzerdiak beste galtzerdi baten azpian erabiltzen diren galtzerdiak dira, babak saihesteko asmoz.

Behatzen forma duten galtzerdiek banaka estaltzen dute behatz bakoitza, hatzak eskularruetan sartuta dauden modu berean. Behatz lodia bereizten duten galtzerdiek, berriz, bi atal dituzte: bata behatz lodiarentzat eta bestea gainerakoentzat, eskuzorroetan bezala. Azken galtzerdi hauek tabi gisa ezagutzen dira Japonian. Bi galtzerdi mota hauek flip-flop txankletekin eraman daitezke[9].

Zango berogarriak, galtzerdi kontsideratzen ez direnak, galtza zango-estuen antzekoak dira eta klima hotzetan, galtzerdiak ordezka ditzakete. Hauek hankak bakarrik berotzen dituzte eta ez oina.

Galtzerdi formalak kolore iluneko galtzerdiak dira, normalean, beltzak edo itsas urdinak direnak. Oinetako formalekin edota informalekin erabiltzen dira. Laneko galtzerdiak bezala ere ezagunak dira eta egoera hauetan erabili ohi dira: ezkontzetan, hileta-elizkizunetan, graduazio-ekitaldietan, kurtso amaierako dantzaldietan, elizan edota lanean.

Kirol galtzerdiak eguneroko galtzerdi motzak dira, lodiak edo meheak izan daitezkeenak. Normalean, marrak edukitzen dituzte orkatiletan[10][11]. Goraino igotzen badira, hankak berotzen dituzte[12]. Kirol galtzerdiak 1948an erabili ziren lehen aldiz. Kirol galtzerdiak unisexak izaten dira[13].

Orkatilatik behera iristen den galtzerdi motari orkatilarainoko galtzerdi esaten zaio eta pertsona baten oinak estaltzeko erabiltzen da. Unisexak izan arren, emakumeek eta neskek erabili ohi dituzte. Ontzi-oinetakoekin eta mokasinekin janzten dira normalean.

Antzinako Egiptoko galtzerdi estiloa mendebaldeko galtzerdi modernoaren eta japoniar tabiaren arteko nahasketa bat da. Tabi galtzerdien antzera, Egiptoko galtzerdiek bi atal dituzte: bata behatz lodiarentzat eta bestea gainerakoentzat, sandaliekin erabili ahal izateko. Mendebaldeko galtzerdiak bezalaxe, ezin hobeto egokitzen dira oinera eta ez daukate inolako euskarririk, tabiek, aldiz, bai.

Neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belaunetarainoko galtzerdi zuriak modan edo eskolako uniformeetan maiz erabiltzen direnak.

Galtzerdien neurriak orokorrean S, M, L, etabarrekoak dira. Hala ere, merkatuaren arabera neurriak alda daitezke[14].  Neurri arau batzuk estandarizaziorako nazioarteko erakundeek  koordinatzen dituzte, baina beste batzuk ohituretatik sortu dira[15]. Galtzerdien luzerak alda daitezke, orkatiletatik izterretaraino[16].

Kirolak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kirol gehienetan, hankak zaurietatik babesteko, belaunetaraino edo bernetaraino iristen diren galtzerdiak erabili ohi dira. Saskibaloian, galtzerdi lodi eta estuak  eramaten dira eta lacrossean, bernetarainoko  galtzerdiak beharrezkoak dira. Futbolean, berriz, belaunetarainoko galtzerdiak erabiltzen dira belarrak sortutako erredurak saihesteko.

Oin bilkariak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1990eko hamarkadara arte Finlandiako armadak  erabilitako oin bilkariak.

Oin bilkariak oinen inguruan bilduta eramaten diren oihalezko zatiak dira, galtzerdiak gizarteratu aurretik botekin erabiltzen zirenak. XXI. mendearen hasiera arte, Ekialdeko Europako armadek oihal zati hauek erabiltzen jarraitu zuten[17].

Galtzerdi termikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ingurune hotzetan erabiltzen direnez, galtzerdi termikoak lodiagoak dira. Eskian, patinajean eta neguko beste kirol batzuetan erabiltzen dira. Galtzerdi hauek duten lodierari esker, babesgarriak izateaz gain, oina ere isolatzen dute.

Diabetesdunentzako galtzerdiak akrilikoz, kotoiz, nylonez eta elastikoz egindako galtzerdi termiko mota bat dira. Erosotasuna hobetzeko eginak daude, eta, modu berean, oinak fresko eta lehor mantentzeko. Hala ere, ez dago froga sendorik onuragarriak direla esateko[18].

Eguberrietako elementuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Galtzerdiak ere Eguberrietan erabiltzen diren elementuetako bat dira. Gabon-gauean, haurrek iltze txiki batetik Eguberriko galtzerdi handi bat zintzilikatzen dute, eta lo egiten duten bitartean, gurasoek opari txikiz betetzen dituzte. Tradizioaren arabera, Bizarzurik opari hauek ondo portatzen diren haurrei ekartzen dizkie. Haur bihurrienek, aldiz, ikatza jasotzen dute[19].

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musulmanen artean galtzerdiek eztabaida berria sortu dute, wudhuaren gorabeheren ingurukoa. Wudhua otoitzaren aurretik egiten duten garbiketa formala da. Elizgizon musulman batzuek, egoera zailetan bizi diren musulmanak kontuan hartuta, musulmanen ediktuak aldatu dituzte[20].  Horrela, musulmanek galtzerdiak busti ditzakete otoitz egiteko eserlekurik ez dagoen lekuetan edo itxaroteko ilara luzea den kasuetan. Iritzi hau Suni islameko Malikiek defendatzen dute bereziki[21].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Why do feet stink?» HowStuffWorks 2000-11-16 (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  2. Bos, Samone. (2008). Take me back to the beginning--. London ; New York : DK Pub. ISBN 978-0-7566-4090-3. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  3. «Clock[3 - Definition and More from the Free Merriam-Webster Dictionary»] web.archive.org 2011-11-16 (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  4. «Lonely Sock - The history of socks» web.archive.org 2016-09-29 (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  5. «Largest Sock Production Town in China» web.archive.org 2012-07-19 (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  6. (Ingelesez) Branigan, Tania. (2012-09-08). «Sock City's decline may reveal an unravelling in China's economy» The Observer ISSN 0029-7712. (Noiz kontsultatua: 2024-04-26).
  7. «End of an era: knee high socks face defeat | Easier» www.easier.com (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  8. Boothby, Richard. Sex on the Couch: What Freud Still Has To Teach Us About Sex and Gender. Routledge. 2014. P. 225
  9. (Ingelesez) Marshall, John. (1988). Make Your Own Japanese Clothes: Patterns and Ideas for Modern Wear. Kodansha International ISBN 978-0-87011-865-4. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  10. «Crew sock | Define Crew sock at Dictionary.com» web.archive.org 2015-07-05 (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  11. «Crew Sock | Definition of Crew sock by Merriam-Webster» web.archive.org 2016-01-25 (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  12. «Crew sock - definition of crew sock by The Free Dictionary» web.archive.org 2015-12-25 (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  13. Goldstein, Jayme Adelson; Shapiro, Norma (6 March 2008). Oxford Picture Dictionary (second ed.). OUP Oxford. ISBN 978-0-19-436976-3.
  14. (Ingelesez) «Size Guide» Bridgedale (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  15. "Foot Size Chart". Yarn Standards. Craft Yarn Council. Archived from the original on 29 March 2018. Retrieved 28 March 2018.
  16. «UK and European sock and shoe sizes» www.p2d.co.uk (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  17. «Russian Army: Footwraps Are Out, Socks Are In | Defense | RIA Novosti» web.archive.org 2013-01-16 (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  18. «Are Diabetic Socks Better Than Generic Socks?» web.archive.org 2017-12-29 (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  19. Bowler, G. Q.. (2000). The world encyclopedia of Christmas. Toronto : McClelland & Stewart ISBN 978-0-7710-1531-1. (Noiz kontsultatua: 2024-05-03).
  20. Spencer, Tanya (2013). Personal Security: A Guide for International Travelers. p.25
  21. Al-Muwatta Of Iman Malik Ibn Ana – Page 14, 2013 Anas

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]