2012ko martxoaren 29ko Hego Euskal Herriko eta Espainiako greba orokorra

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
2012ko martxoaren 19ko grebarako deia egiten duen pankarta, Tolosan.

2012ko martxoaren 29ko greba orokorra Hego Euskal Herriko eta Espainiako sindikatu gehienek PP alderdiaren gobernuak ezarritako lan erreformaren aurka deitu zuten greba orokorra da. Lan erreforma horrek langileen kaleratzea erraztu zuen, eta enpresaburuei malgutasun handia eman zien langileen soldatak murrizteko eta beste lan baldintzak aldatzeko.

Grebaren deialdia lehenik Hego Euskal Herri mailan egin zen, otsailaren 16an, ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta ESK sindikatuen eskutik.[1] Ondoren, Galizian (CIG sindikatua) eta Kanarietan (Intersindical Canaria), sindikatu nazionalistek greba orokorrerako deia luzatu zuten lurralde horietan. Deialdi horien ostean, martxoaren 9an, CCOO eta UGT sindikatuek Espainiako estatu osorako egin zuten greba orokorrerako deia.[2] Beste hainbat sindikatuk (LSB-USO, CGT, CNT eta abarrek) deialdi desberdin horiekin bat egin zuten, edo egun bererako deialdi propioak egin zituzten.

Grebak Hego Euskal Herria geldiarazi zuen, azken hamarkadetako greba handiena izanik.[3] Espainian ere greba esanguratsua izan zen, nahiz eta industria sektorean izan zuen jarraipenik handiena.

Greba Hego Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasleen pankarta EHUko Gipuzkoako campusean.

Deialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen deialdia eta gero, Hego Euskal Herrirako greba deialdi berezia egin zuten ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, CGT-LKN, EHNE eta Hiru sindikatuek, eta hogei gizate-eragiletik gorak. Azken hauei dagokioenez, hauek izan ziren deitzaileetako batzuk: Anitzak, Argilan, Asamblea abierta en defensa de las prestaciones sociales, Asamblea de Invisibles, Gipuzkoa eta Bizkaiko langabeen asabladak, Berri-Otxoak, Bilgune Feminista, Iruñerriko Langabeen Kolektiboa, Euskadiko Gazteriaren Kontseilua, Danok Lan, Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformnak, Eguzki, Elkartzen, Ikasle Abertzaleak eta SOS Arrazakeria.[4] Deialdian salatu zutenez, "krisiaren aitzakiarekin, Ongizate Estatuan murrizketak egiteko" aprobetxatzen ari ziren.

CNTk ere deialdiarekin bat egin zuen, nahiz eta "euskal sindikatuak batetik eta Espainiakoak bestetik" aritzea salatu zuen. LSBk ere dialdiarekin bat egin zuen.[5]

Grebaren data gerturatzearekin batera, 66 gizarte-eragile gehiagok bat egin zuten ELA, LAB, ESK, CGT-LKN, beste sindikatu batzuek eta beste hainbat eragilek bultzatutako protestarekin, eta baita Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako udal gobernuak ere.[6]

Martxoaren 9an, CCOOk eta UGTk ere egun bererako greba deialdia egin zuten, Espainiako estatu mailan oraingoan. Hori dela eta , azken hamarkadetan ez bezala, Hego Euskal Herriko lau sindikatu nagusiek (ELA, CCOO, LAB eta UGT) egun berean deitu zuten grebara, deialdi desberdinen baitan izan arren.

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Greba eguneko manifestaldia, Donostian.

Greba deialdiak azken hamarkadetako jarraipenik zabalena izan zuen Hego Euskal Herrian, komunikabideek nabarmendu zutenez, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa geldiarazi zituen.[3] Iturrien arabera datuak aldatu baziren ere, oro har grebaren jarraipen zabala onartu zuten alde guztiek: sindikatu abertzaleen arabera, industrian %87koa izan zen grebaren jarraipena, erabatekoa garraioan, eta %80koa administrazioan. UGT eta CCOOren arabera, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko jarraipena %95ekoa izan zen, eta %90ekoa Nafarroa Garaian.[3]

Beste greba batzuetan ez bezala, administrazioak eta patrolanak ere grebaren indarra onartu zuten. Eusko Jaurlaritzaren arabera, horrela, % 71,9ko jarraipena izan zen administrazio publikoan eta % 60-70ekoa arlo pribatuan.[3] Confebaskek ere industrian greba %60ekoa izan zela adierazi zuen.[7] Merkatzaritza arloan ere greba ia erabatekoa izan zela nabarmendu zuten iturri guztiek.

Manifestaldi jendetsuak egin ziren goizean eta arratsaldean. Sindikatu abertzaleen arabera, beraiek deitutako egurdiko agerraldietan 100.000 lagun atera ziren kalera lau hiriburuetan. CCOO eta UGTk beraien manifestaldi propioak egin zituzten hiriburuetan, eta milaka lagun bildu zituzten.

Istiluei dagokienez, larrienak Gasteizen jazo ziren. Bertan, 19 urteko gazte bat ZIUn ospitaleratu zuten, lekukoen arabera Ertzaintzak 4 metrotik gomazko pilota bat jaurti ondoren.[8] Aitak salatu zuenez, gainera, gaztea lurrean zauriturik zegoela, tratu txarrak eragin zizkioten.[9] Horrez gain, Ertzaintzak 8 lagun atxilotu zituen greba egunean, eta garraioen aurkako eraso txiki batzuk ere gertatu ziren.[3]

Greba Espainian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Deialdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CCOO eta UGT sindikatu nagusiek Espainia mailako deialdia egin aurretik, greba orokorrerako deialdiak egin ziren Galizian eta Kanarietan. Galizian, CIG sindikatu nazionalistak egin zuen deialdia, eta ondoren CGT, CNT eta CUT sindikatuak batu zitzaizkion.[10] Kanarietan, Intersindical Canaria nazionalistak egin zuen deialdia.[11]

Eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: 2012ko martxoaren 29ko Hego Euskal Herriko eta Espainiako greba orokorra