Harold Davenport
Harold Davenport (Huncoat, Lancashire, Ingalaterra, 1907ko urriaren 30a - Cambridge, Ingalaterra, 1969ko ekainaren 9a) Erresuma Batuko matematikaria izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Manchesterreko Unibertsitatean ikasi zuen matematika, beka baten laguntzaz; bere irakasleen artean Louis Mordell eta Milne zeuden. 1927an graduatu zen; hala ere, ikasketak jarraitu zituen Cambridgeko Trinity Collegen. Cambridgen Littlewood eta Abram Besikovitxen hitzaldietara joateko aukera izan zuen, eta tesia lehenengoaren zuzendaritzapean egin zuen.
1932an beka bat eman zioten; honela Hasseri bisita bat egin zion Marburgen, eta lan garrantzitsu bat egin zuten elkarrekin. Heilbronnekin ere lankidetzan aritu zen urte askoan. Cambridgera itzulita, ikerlanean jarraitu zuen eta artikulu ugari idatzi zituen urte horietan.
1937an Manchesterreko Unibertsitatera joan zen irakasle-laguntzaile. Mordellen eragina izan zuen bertan; honela, zenbakien geometria eta hurbiltze diofantostarrak aztertzen hasi zen. 1941ean matematika-katedra lortu zuen Ipar Galesko Bangor Unibertsitatean. Londresko Unibertsitateko eta Cambridgeko matematika-irakasle ere izan zen.
Davenportek zenbaki-teorian (bereziki zenbakien geometrian), hurbiltze diofantostarretan eta zenbakien teoria analitikoan egin ditu ekarpenik garrantzitsuenak.
Bere lanean artean, Analytic methods for Diophantine equations and Diophantine inequalities eta Multiplicative number theory (1967) monografiak daude. 1940an Errege Elkarteko kide hautatu zuten, eta Sylvester domina irabazi zuen 1967an. Londresko Matematika Elkarteko mahaiburu ere izan zen (1957-59), eta Berwick saria jaso zuen 1954an elkartearen eskutik.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.