Txirri arrunt
Txirri arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Charadriiformes |
Familia | Scolopacidae |
Generoa | Calidris |
Espeziea | Calidris alpina Linnaeus, 1758 |
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 0,36 m |
Txirri arrunta (Calidris alpina) scolopacidae familiako hegazti zangaluzea da[1]. Bizkaieraz Txirrin ere esaten zaio.[2]
Eurasiaren iparraldean eta Artiko inguruan kumatzen du eta neguan Afrikara, Ekialde Hurbilera eta hegoaldeko Asiara migratzen da.
Deskribapena
Hegazti limikolo txikia da, 16-20 cm arteko luzera eta 38-43 cm arteko hego-zabalera ditu.48 eta 64 gramo artean pisatzen du[3]. Ugalketa lumaian kolore marroi, arre eta gorrixkak nagusitzen dira orokorrean baina ezaugarri nabarmenena sabelalde beltza du. Moko beltz, luze eta zorrotza du, pixkat beherantz kurbatua, eta hankak ere kolore ilunekoak dira. Negua denean kolore gris uniformea du eta sabelaldea zuria da[4].
Habitata
Ugalketa garaian aintzira edo hezegune ertzetako belardietan kokatzen da eta kolonia oso handiak osa ditzake[5]. Migrazio garaian kostaldeko padura eta eremu intermarealak gustatzen zaizkio. Barnealdeko aintziren ertzetan ere ikusten da[3].
Elikadura
Ornogabeetaz elikatzen da gehienbat, intsektuak eta hauen larbak, krustazeo txikiak eta zizareak. Tarteka belarra edota haziak ere jaten ditu[5]. Korrika eginez harrapatzen ditu eta baita lokatzen barruan sakonera txikian mokoa sartuz ere[6].
Ugalketa
Apirilaren amaieran edo maiatzean habia egiten du. Lurrean ezartzen du, landare artean ezkutatuta, eta belar eta hostoz estaltzen du. Hiru edo lau arrautza jartzen ditu kolore argikoak baina orbain ilun ugari dituztenak. Guraso biek txitatzen dituzte 21-22 egunetan zehar. Txitak jaio bezain laister nahiko autonomoak dira eta 19-21 egun behar izaten dituzte erabat garatzeko[6].
Taxonomia
Carl von Linneok deskribatu zuen 1758 urtean eta oraindik berak emandako izena darama. Hamar azpiespezie ezagutzen dira eta lumaiaren gorritasunagatik eta mokoaren luzeragatik bereizten dira[7]:
- Calidris alpina actites (Nechaev & Tomkovich, 1988): Sakhalin uhartean kumatu eta Asia ekialdean pasatzen du negua.
- Calidris alpina alpina (Linnaeus, 1758): Ipar Europan eta Siberian kumatu eta Mediterraneoan, Ekialde Hurbilean eta Indian pasatzen du negua.
- Calidris alpina arctica (Schioler, 1922): Groenlandian kumatu eta Afrika ipar-mendebaldean pasatzen du negua.
- Calidris alpina arcticola (Todd, 1953): Alaska eta Kanada iparraldean kumatu eta Txina, Korea eta Japonian pasatzen du negua.
- Calidris alpina centralis (Buturlin, 1932):
- Calidris alpina hudsonia (Todd, 1953): Kanada erdialdeko Hudson badian kumatu eta Estatu Batuen hego-ekialdean pasatzen du negua.
- Calidris alpina kistchinski (Tomkovich, 1986): Okhotskeko itsasoaren iparraldean, Kamtxatkan eta Kurile uhartetan kumatu eta Asia ekialdean pasatzen du negua.
- Calidris alpina pacifica (Coues, 1861): Kanada hego-mendebaldean kumatu eta Estatu Batuetan eta Mexikon pasatzen du negua.
- Calidris alpina sakhalina (Vieillot, 1816): Asiaren ipar-mendebaldeko muturrean kumatu eta Txina, Korea, Japonia eta Taiwanen pasatzen du negua.
- Calidris alpina schinzii (Brehm, C.L. & Schilling, 1822): Groenlandia, Islandia, Britainiar uharteak eta Eskandinabian kumatu eta Europako hego-mendebaldean eta Afrikako ipar-mendebaldean pasatzen du negua.
Iruditegia
-
Txirriak elikatzen.
-
Neguko lumaia.
-
Txirri arrunta hegan.
-
Txirrien multzo handia.
-
Museum specimen
Erreferentziak
- ↑ BirdLife International (2004). Calidris alpina. 2006. IUCN Red List of Threatened Species. IUCN 2006
- ↑ «Txirrin», Orotariko Euskal Hiztegia.
- ↑ a b (Ingelesez) «Dunlin Identification, All About Birds, Cornell Lab of Ornithology» www.allaboutbirds.org (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
- ↑ Hume, Rob. (2002). Guía de campo de las aves de España y Europa. Ediciones Omega ISBN 84-282-1317-8..
- ↑ a b «Correlimos Común» www.pajaricos.es (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).
- ↑ a b «Correlimos común» SEO/BirdLife.
- ↑ «Zoonomen Avtax Frames Layout Page» www.zoonomen.net (Noiz kontsultatua: 2019-12-17).