Edukira joan

Neurona

Wikipedia, Entziklopedia askea
Aioramu (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 09:55, 13 iraila 2022
(ezb.) ←Bertsio zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb.) | Bertsio berriagoa→ (ezb.)
Neurona
Xehetasunak
Honen parteNerbio-sistema
nerbio-ehuna
KonponenteakDendrita
Axoia
myelin sheath (en) Itzuli
Soma
zelula nukleoa
axon terminus (en) Itzuli
Identifikadoreak
Latinezneuron
MeSHeta A11.671 A08.675 eta A11.671
TAA14.0.00.002
THH2.00.06.1.00002
FMA54527
Terminologia anatomikoa

Neurona nerbio-sistema osatzen duen zelula banako morfologiko eta funtzionala da, informazioa prozesatu eta garraiatzeko ahalmena duena. Egitura eta forma oso desberdinak har ditzake, baina guztietan bereiz ditzakegu soma edo gorputza eta luzakinak. Azken hauek bi eratakoak izan daitezke, axoia (normalean luzeena, neurohodixka eta neurozuntzekin) eta dendritak.

Neurona gehienak ez dira birsortzen, beraz galtzen direnak betiko galtzen dira. Beren zeregin nagusia nerbio-bulkadaren transmisioan datza.

Halaber, Nerbio ehunaren bi osagaietako bat da, glia zelulekin batera.

1887an Ramon y Cajal espainiarrak neuronari buruzko lehen teoria plazaratu zuen.

Neuronaren atalak
  • Soma: Neuronaren zelula-gorputza da. Zelulen ohizko funtzioak betetzeaz gain, neurotransmisore peptidikoak sintetizatzen ditu, axoi-bukaeretara eramateko ondoren. Dendritak bezala, beste neuronengandik seinaleak jasotzeko gaitasuna du.
  • Dendritak: Somatik hazten diren luzakin hauek beste neuronen axoi-bukaerekin egiten dute topo, bertan sinapsia eginez eta estimulua jasoz. Kasu batzuetan dendritek seinalea beste neurona batera eraman dezakete (sinapsi dendrodendritikoen bidez). Dendritek plastikotasun handia dute, estimulu ugari jasotzen dituzten zeluletan hauek hazi eta biderkatu ohi dira, kontaktuan dauden neuronekin komunikazioa indartuz.
  • Axoia: Soka antzeko luzakina da, bakarra neurona bakoitzeko. Seinalea somatik hurrengo zelularen dendrita edota somara bidaltzen du, akzio-potentziala izeneko prozesuaren bitartez. Axoia mielinizatua edo mielinagabea izan daiteke, diametro gutxiko axoietan mielinarik agertzen ez delarik. Axoi multzoek nerbioak osatzen dituzte SNPan, eta luzera handikoak izan daitezke. Axoiak axodendroi edo axoi-bukaera du muturrean, zuhaitzen adarren tankerako egitura, adar bakoitzaren amaieretan botoi terminala dagoelarik. Bertan gertatzen da sinapsia beste zelulen dendrita edo somekin. Botoi terminaletan neurotransmisore ez-peptidikoak sintetizatzen dira.

Sailkapena egituraren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Polobakarrak edo sasi-polobakarrak:

Luzakin bakarra dute, bertatik noranzkoa aurkako bi adar hazten dira, dendrita eta axoi funtzioa betetzen dutenak. Neurona sentsorialak dira, hortaz Nerbio-Sistema-Periferikoaren parte dira, bere gorputz multzoek gongoilak osatuz. Dendritak zentzuetatik datorren seinalea jasotzen du, eta honek luzakin bakarra eta gorputzetik igaro ondoren axoiaren aldetik irten egiten du, bizkarrezur-muinerantz.

  • Bipolarrak:

Dendrita bakarra eta axoi bakarra somaren aurkako aldetatik irteten dira. Betsarean oso ugariak dira.

  • Multipolarrak:

Bi dendrita baino gehiago dituztenak. Bi mota daude: -Golgi I: axoi luzedunak, seinalea urrun eramaten dute. Adibidez zelula piramidalak (burmuin-azalean) eta purkinje zelulak (garuntxoan). -Golgi II: axoi motzekin, inguruko neuronekin komunikatzeko. Adibidez izar-zelulak (burmuin-azalean, garuntxoan, hipokanpoan).

Sailkapena funtzioaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Neurona aferentea:

Nerbio Sistema Periferikoan daude.Zentzumen-errezeptoreetatik datorren informazioa NSZra daramate, bidean zehar informazio hau zertxobait prozesatzen dute.

  • Neurona eferentea:

Nerbio Sistema Periferikoan daude. NSZ-tik gihar eta guruinetara aginduak eramaten dituzte.

  • Interneurona:

Nerbio Sistema Zentralean daude. Aferente eta eferenteen artean kokatuak, lehenengoek jasotako informazioa prozesatzen dute, prozesu honen emaitza bigarrengoek bete dezaten.

Sailkapena efektuaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Neurona kitzikatzailea:

Beraien helburu neuronak (bere seinalea jasotzen dutenak) kitzikatzen dituzte. NSZ-ean glutaminergikoak izan ohi dira, hau da, glutamato neurotransmisorea erabiltzen dute sinapsietan; Motoneuronak aldiz, giharrak kitzikatzen dituztenak, kolinergikoak dira (azetilkolina).

  • Neurona inhibitzailea:

Helburu neuronak inhibitu egiten dituzte. Burmuinetako zenbait egituren irteera seinalea beti inhibitzailea da (neostriatum, globus pallidus, cerebellum). Neurotransmisore inhibitzaile nagusiak GABA eta glizina dira.

  • Neurona modulatzailea:

Beste neurona edo neurona multzoa estimulatu ordez, bi neuronen arteko komunikazioa aldatzen du. Neurona modulatzaileek sinapsi axo-axonikoa erabiltzen dute, eta dopamina, azetilkolina eta serotonina neurotransisoreak nagusiki.

Sailkapena deskarga-patroiaren arabera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Tonikoa edo buruxka erregularrekoa, zenbait neurona beti ari dira bulkadak sortzen.
  • Fasikoa, bulkada-sortak eragiten dituenak.
  • Buruxka azkarrekoa, hauek kitzikatzerakoan bulkada asko ematen dituzte oso denbora gutxian.
  • Buruxka motzekoa, akzio potentzial motzak erabiltzen dituzte axoietan, besteekin konparaturik.

Buruxka ekintza potentzialean gertatzen den polarizazio inbertsioa da, elektrograman muino itxura duelako.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]