1878ko enbata
1878ko enbata edo Gloriako Larunbateko enbata 1878ko apirilaren 20an Bizkaiko golkoa jo zuen enbata bortitza izan zen. 322 arrantzale hil ziren: 132 kantabriar eta 190 euskal herritar.[1] Dolu handiko egunak izan ziren. Gorpuzkinak eta txalupen aztarnak kostalde osoan joan ziren agertzen hurrengo egunetan. Euskal portuetan heriotza eta atsekabea utzi zituen.[2]
Gertaerak
Itsasoko gizonek galernak beldurtzen dituzte, oso bortizkeria handiko fenomeno meteorologikoa delako eta marinelen artean bizitza asko eraman direlako. Gogoratuenetako bat, 1878ko apirilaren 20an gertatu zen galerna izan zen. Noticiero Bilbaíno egunkariaren arabera enbatak hiru laurden besterik ez zuen iraun baina txikizioa izugarria izan zen. Dirudienez, ordu bata eta laurden gutxitan haizeak bat-batean aldatu zen eta arrantzaleak ezustean harrapatu zituen.[3] Arratsalde hartan, arrantzale guztiak portuetan eta kostaldean pilatzen ziren, euren senideak txalupa eta traineruetan kostaldea irabazten saiatzen ari zirela ikusita. , eta oso garrantzitsua izango zen herrialdean sortutako zirrara. Hondamendi horretatik aurrera, nabigazioan hobekuntzak egin ziren (estalki jarraitua, informazio meteorologikoak, itsasoan galdutakoen salbamendua, etab.).
Ekaitzak kostalde osoa erasan zuen: esan diteke Donostiatik Santanderra bitartian. 322 arrantzale itota hil ziren Kantauri itsasoan, 132 kantabriar eta 190 euskaldun. Bermeoko laurogeita hamabost arrantzale hil zituen; haietatik hogeita hamar kale berekoak ziren; berrogeita zazpi, Elantxobekoak; hogeita hamabost, Colindreskoak; hamabost Santanderkoak; zortzi gutxienez, Lekeitiokoak eta, beste batzuk, zenbat izan ziren ez dakigunak, Ondarroakoak, Mutrikukoak, Donostiakoak, Algortakoak...
1878ko enbata literaturan
Euskaraz ere bertsotan jaso ziren gertaerak. Egile ezezagunak badira ere Tolosako Facundo Adurriagaren eskuizkribuzko bilduma jorian jasoa.[4]
Desgraziarik orrelakorik
sekulan ez da aditu,
itxaso ori asarretuta
neurrian ezin kabitu;
nere kristauak, aiziak eta
urak indarrak baditu,
aplakatutzen dan arte bera
iñork ezin errenditu.
Ai, itxasora ez dadukagu
edozein moduz juaterik,
an dabiltzanak jeneralian
daude peligroz beterik,
egiten badu emen edo an
modu ortako kalterik
ez dauka iñork alketeakin
justizia egiterik.
Espainian, José María de Pereda Kantabriako idazleak gertakizunak 1885ean argitaratutako bere Sotileza eleberrian jaso zituen.[5]
Elkartasuna
Berehala jarri zen abian hildakoen familientzat laguntza eskatzeko kanpaina. Bizkaiko Foru Aldundiak eman zion herri mailako izen emateari hasiera, mila erreal jarrita. Uste izatekoa da Gipuzkoakoak ere antzera jokatu zuela, nahiz eta probintzia hau zoritxarrak gutxiago zigortua izan. Noticiero Bilbaíno egunkariak ere bere zerrenda ireki zuen eta erredakzioak ehun errealen ekarpena egin zuen. Espainia osoan ere doako ekintza adina laguntza emate antolatu ziren. Madrilen, urrian egin zen Price zirkuan, Alfontso XII.a eta Mercedes Erregina bertan zirelarik, ikuslegoak oihuka eskatu zion Iparragirreri eszenatokira jaisteko, eta goialdeko eserlekutik bizkarrean ekarri eta hantxe abestu zuen "Gernikako Arbola", eta ondoren erregeen palkora igo zen.
Erreferentziak
- ↑ https://www.euskonews.eus/zbk/204/enbatak/ar-0204001004E/
- ↑ https://web.archive.org/web/20210119135248/https://itsasmuseoa.eus/eu/ikerkuntza/argitalpenak/erakusketen-katalogoa/212-naufragios-en-la-costa-vasca
- ↑ AME Boletín, 22 zk., 2008ko urria, 20 or.[1]
- ↑ https://eu.wikibooks.org/wiki/Itsasoko_kultura/Itsasoaren_oihartzunak_bertsolaritzan
- ↑ http://www.cervantesvirtual.com/obra-visor/sotileza--0/html/fedc7bb6-82b1-11df-acc7-002185ce6064_1.html