Amazoniako oihana
Amazonia[1] edo Amazoniako oihana (portugesez: Floresta Amazônica edo Amazônia; gaztelaniaz: Selva Amazónica, Amazonía edo Amazonia; frantsesez: Forêt amazonienne; nederlanderaz: Amazoneregenwoud) Amazonasen arroaren gehiena osatzen duen hostozabalen oihan hezea da. Arroaren 7 milioi kilometroko karratutik 5,5 Amazoniako basoa dira.
Erliebea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oro har oso lurralde laua denez, bertatik igarotzen diren ibai ugariek gainezka egiten dutenean oso erraz urperatzen da. Iraganean, Guyanatik eta Brasildik zetozen aire masen eraginez, inguruko erliebeetako higadurazko material kopuru handiak pilatu ziren bertan, eta geroago, itsaso, aintzira eta ibaietako jalkin ugari. Horrek guztiak garaiera txikiko erliebeak eman ditu, 100 eta 350 m bitartekoak.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hileko batez besteko tenperatura 26 °C-koa da. Euriteak urte osoan oso ugariak izaten dira, eta zenbait alderditan urteko 2.500 mm baino gehiago botatzen du. Eurite hauen erdia baino gehiago bertako arroetatik lurrindutakoa da, eta gainerakoa Ozeano Atlantikotik datozen haize alisioek ekarria da.
Landaredia eta fauna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima bero eta hezearen ondorioz, oihan joria duen lurraldea da. 60 mila zuhaitz mota baino gehiago ditu, ehun metroko garaiera ere izan dezaketenak. Mota batzuk hosto erorkorrekoak diren arren, oihana beti berde egoten da. Bertakoek hiru oihan mota bereizten dituzte: guazú, beti lehor dena; varcea, urtaroaren arabera urak hartzen duena; eta igapo, beti urez estalita dagoena. Faunari dagokionez, hegazti, intsektu eta narrasti espezie ugariren habitata da.
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ibai nagusia Amazonas da, luzeran dituen 6.275 km-etatik ia bi heren ontziz ibiltzekoak dituena. Munduko ibai sare zabalena eta emari handienekoa da; Atlantikoan itsasoratzen denean 100.000 m3/s-ko emaria du. Amazonasen ibaiadar nagusiak dira Negro, Madeira, Tapajós eta Xingu eta Tocantins.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2013/7/16 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2012-05-25). 170. araua: Amerikako toponimia. .