Ana Mendieta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ana Mendieta
Ana Mendieta in Havana in 1981.jpg
Bizitza
Jaiotza Habana1948ko azaroaren  18a
Herrialdea  Ameriketako Estatu Batuak
Bizilekua Habana
Lehen hizkuntza gaztelania
Heriotza Manhattan1985eko irailaren  8a (36 urte)
Heriotza modua Genero-indarkeria
Familia
Ezkontidea(k) Carl Andre
Hezkuntza
Heziketa University of Iowa Itzuli 1977) Master of Fine Arts Itzuli : Intermedia Itzuli
Jarduerak
Jarduerak performantze artista, artista, margolaria, artista plastikoa, land artista Itzuli eta argazkilaria
Lantokia(k) New York
Jasotako sariak
Mugimendua arte feminista

Ana Mendieta (Habana, 1948ko azaroaren 18a - New York, 1985eko irailaren 8a) performance-artista feminista izan zen. Bere obra ezagunena Land Art deritzonaren ildotik landutako performance multzoa da. Hala ere, Ana Mendietak earth-body art izendapenarekin deskribatu zuen bere lana.

Kubatik alde egin zuen 12 urterekin eta errefuxiatu bezala heldu zen Ameriketako Estatu Batuetara. Iowa-ko Unibertsitatean ikasi, eta han, bere ibilbide artistikoari hasiera eman zion. Ibilbidean zehar Amerikako Estatu Batuetan, Kuban, Mexikon eta Italian lan egin zuen. 36 urte zituela, bere senarrak, Carl Andre artistak, hil egin zuen 34. solairu batetik behera bultzatuz. Carl Andre hilketagatik epaitu bazuten ere, errugabetu egin zuten.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kubatik Amerikako Estatu Batuetara[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ana Mendieta Habanan jaio zen, 1948an. Bere aita, Ignacio Mendieta, politika arloko abokatu garrantzitsua izan zen[1]. Hasiera batean, Fulgencio Batistaren aurka eta Fidel Castroren alde egin zuen. Ondorioz, iraultza ondorengo estatua-ministerioko laguntzaile izendatu zuten. Baina Ignacio Mendietak, fededun amorratu izanik, Kuba berriak katolizismoaren kontra zuen jarrera ikusita, Castroren estatuaren aurka egin zuen[2]. Segurtasuna bermatzeko, Ana eta Raquel alabak Amerikako Estatu Batuetara bidali zituen. Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak Catholic Charities izeneko sare kristauarekin elkarrekintzan Peter Pan Ekintza sortu zuen Kubako ume kristauak “estatu komunistaren arriskutik” aldentzeko [3]. Ekintzan parte hartu zuten ume gehienek bazituzten familiak Estatu Batuetan. Baina hori ez zen Ana eta Raquelen kasua izan. 1961ean ahizpak Estatu Batuetara heldu zirenean, hasierako asteak errefuxiatu kanpamendu batean pasa ostean, Dubuquera (Iowara) lekualdatu zituzten. Han, Ana 6 urtez egon zen harrera-etxe batetik bestera [4].


Goi-mailako ikasketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iowako Unibertsitatean ikasi, eta bertan eman zion hasiera bere ibilbide artistikoari. 1972an Arte Ederretako maisutza jaso zuen. Urte berean, Intermedia programara batu zen. Unibertsitateak 1968. urtean sortutako programa horren xedea sortu berri zen bideo eta arte kontzeptualarekiko interesa ikasleen artean piztea izan zen [5]. Horrela ezagutu zuen Hans Breder artista, programaren irakaslea izan zen eta.

Arte mugimendu feministarekin lotura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arte Ederretako Multimedia eta Bideo Masterra egin zuen urteetan (1976-1977) sarritan bisitatu zuen New York hiria. Brederren eskutik, tokiko artistekin harremanetan jarri eta eszena artistikoa ezagutu zuen. 1978an, New Yorkera lekualdatu zen. Behin New Yorken finkatuta, Nancy Spero, Mary Beth Edelson eta Carolee Schneeman artista feministekin harremana izan zuen. Horiek izan ziren Wooster kaleko A.I.R Galleryren fundatzaileak. Emakumeen eskutik kudeatutako lehen arte galeria izan zen, 1972an sortua. Mendieta proiektu horretara batu zen 1979an. Nancy Speroren eskutik, ezagutu zuen Carl Andre artista, gerora bere senarra izango zena.

Jaioterrira bueltan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1980. urtean, Kubara bueltatu zen. Jaioterriarekiko lotura egiteko yoruba izeneko sorginkeria erabiliko du bere produkzio artistikoan, esaterako, Death of a Chicken (1972) obran. Izan ere, obraren funtsezko osagaia odola izan zen. Sorginkerian odola bizi-indartzat irudikatuko da.

Heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1983an Erroma Saria irabazi zuen eta Italiako hiriburura lekualdatu zen. Han ezkondu zen Carl Andrerekin, 1985eko urtarrilaren 17an. 8 hilabete geroago, bikotea New Yorkeko bere pisuan bueltan zela, liskar baten ostean [6], Carl Andrek Ana 34. solairutik behera bultzatu zuen [7]. Carl Andre hilketagatik epaitu zuten, baina errugabetu zuten. Andreren abokatuak istripu bat izan zela edo Anak bere buruaz beste egin zuela defendatu zuen [8]. Epaileak, arrazoizko zalantza zegoela egotziz, Carl Andre errugabetu zuen. Hortik aurrera hainbat protesta-ekintza antolatu dira Carl Andreren errugabetasuna salatzeko.

Ibilbide artistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ana Mendietaren lana autobiografikoa da. Identitatea, indarkeria, maitasuna, generoa, sexua, bizitza eta heriotza bezalako auzien inguruan mintzatzen da; betiere ikuspuntu espiritual eta sinbolismo bizi batekin landuta. Emakume latinoamerikar bezala, Ana Mendietaren lanek kritika gogorra egin zioten Estatu Batuetako gizarte patriarkal eta anglosaxoiari [9].

Glass on Body (1972)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Glass on Body izeneko performacearen bidez Ana Mendietak indarkeria matxista salatu zuen. Gorputz zatiak kristal baten kontra zanpatu zituen, gorputza jipoitua izan balitz bezala desitxuratuz.

Death of a chicken (1972)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Horma zuri baten aurrean, Ana Mendieta biluzik aurkeztu zen. Oilo bati lepoa moztu eta gerriaren altueran, odolgabetzen utzi zuen. Performanceak emakumeek pairatzen dituzten bortxaketak eta hilketak salatu zituen.

Facial Hair Transplant (1972)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ana Mendietak bere aurpegira Marty Skal lagunaren bizarra itsatsi zuen. Performance honek identitate-eremua aldarrikatu zuen, generoa ulertzeko aniztasuna ikusgai eginez.

Sara Ann Otten gogoan (1973)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sara Ann Otten gogoan izanda egindako performacea izan zen. Sara, 20 urte zituela, bortxatu eta erail egin zuten Iowako Unibertsitatean. Ana Mendietak, bere etxebizitzan, performance bat egin zuen. Bere burua biktima bezala aurkezten zuen, odolez beterik eta mahai bati lotua zegoela. Etxebizitzara lagunak gonbidatu zituen hilketaren eszena ikusteko [10].

1970eko hamarkadan, sortu berri ziren Land Art, Body Art eta Performance arte-generoekin esperimentatu zuen. Ana Mendietak hiru generoak batera landu zituen eta emaitzari earth body art izena eman zion.

Silhouette (1973-1980)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Silhouette izeneko seriean, bere gorputzaren siluetak aurkezten zituen naturan. Horrelakoak egiteko hostoak, adarrak, sua, odola, harea... bezalako elementu naturalez baliatu zen. Serie honen lehedabiziko siluetak Flowers on the body izena hartzen du. 1973. urtean egin zuen, Mexikon. Ana Mendieta biluzik agertu zen, hilobi zapoteka baten barruan, gorputza lorez estalita duela. Gorputza eta hilobia, natura, kontaktu zuzenean jarriz, bere jatorri latinoamerikarrarekiko lotura sortu zuen. Beraz, naturarekiko mimetizazioaren bidez, bere kubatar jatorrietara bueltatu nahi zuen. Ana Mendietak zioen "emakumezko gorputza eta paisaiaren arteko elkarrizketa sortu dut. Uste dut nerabezaroan nire jaioterritik atera izanaren emaitza zuzena izan dela. Umetokitik (natura izango dena) atera izanaren sentimenduak gainezkatzen nau. Artearen bidez unibertsora lotzen nauten loturak berrezartzen ditut" [9].

1980. urtean, jaioterrira bueltatu zenean, serie honi amaiera eman zion.

Cave sculptures (1981)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumezkoen gorputzak aurkeztu zituen labarretan zizelkaturik. Guacar (Gure Hilekoa), Guanaroca (Lehen Emakumea), Itiba Cachubaba (Odolaren Ama Zaharra)... bezalako jainkosak irudikatu zituen [9].

Body Tracks (1982)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Body Tracks izeneko piezan, orri zuri baten gainean irristatzen zen bitartean, esku eta besoekin arrasto luzeak eta lausoak sortu zituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Blocker, Jane, Where is Ana Mendieta? : identity, performativity, and exile ISBN 0822323044 PMC 39523289 . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  2. (Ingelesez) O'Hagan, Sean (2013-09-21) «Ana Mendieta: death of an artist foretold in blood» The Observer ISSN 0029-7712 . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  3. «"Ana Mendieta's Primal Scream" by Rauch, Heidi; Suro, Federico - Americas (English Edition), Vol. 44, Issue 5, September-October 1992 | Online Research Library: Questia» www.questia.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  4. Cabanas, Kaira M. (21/1999) «Ana Mendieta: "Pain of Cuba, Body I Am"» Woman's Art Journal (1): 12 doi:10.2307/1358840 . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  5. (Ingelesez) Visa, Olga (20014) Ana Mendieta: Earth Body Hatje Cantz Publishers.
  6. «Los Angeles Times - Page unavailable in your region» notices.californiatimes.com . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  7. (Ingelesez) «The History of New York Scandals - Carl Andre’s Murder Trial -- New York Magazine - Nymag» New York Magazine . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  8. (Ingelesez) Patrick, Vincent (1990-06-10) «A Death in the Art World» The New York Times ISSN 0362-4331 . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  9. a b c (Gaztelaniaz) Sifón, Sara Torres (2018-03-11) «Ana Mendieta» Woman Art House . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.
  10. (Ingelesez) «Spring Break Killer: Murder of Sarah Ann Ottens 1973 - Iowa Unsolved Murders: Historic Cases» Iowa Unsolved Murders: Historic Cases . Noiz kontsultatua: 2019-05-07.