Andy Schleck

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Andy Schleck
Andy Schleck
Informazio pertsonala
Izena Andy Schleck
Jaiotza data 1985eko ekainaren 10a (31 urte)
Jaiotza herria Luxenburgo
Jaiotza herrialdea  Luxenburgo
Altuera 1,86 m
Pisua 67 kg
Kirol informazioa
Modalitatea Errepidea
Trebetasuna Igotzailea
Amateur taldea(k)
2004
2004
VC Roubaix
Team CSC (harrobia)
Profesional taldea(k)
2005-2010
2011-2014
Team CSC
Leopard/RadioShack/Trek
Garaipen nagusiak
Jersey yellow.svgFrantziako Tourra (2010)
Frantizako Tourrean: 3x gazterik onenaJersey white.svg, eta 3 etapa
Italiako Giroan: gazterik onenaJersey white.svg
Lieja-Bastogne-Lieja (2009)

Andy Schleck (Luxenburgo Hiria, Luxenburgo, 1985eko ekainaren 10a) txirrindulari luxenburgotarra da, 2005 eta 2014 artean profesional izana. Familia txirrindularitzazale batean jaioa, Fränk Schleck txirrindulariaren anaia gaztea, Johnny Schleck txirrindulariaren semea eta Gustav Schleck txirrindulariaren biloba da.

Frantziako Tourra irabazi zuen 2010. urtean (Alberto Contador deskalifikatua izan ostean), eta bigarren postuan sailkatu zen 2009 eta 2011n. Horrez gain, Lieja-Bastogne-Lieja monumentua irabazi zuen 2009an, eta 2007ko Italiako Giroan bigarren izan zen.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak (2005-2006)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2005ean egin zuen profesionaletara jauzi, Bjarne Riisen eskutik. Aurreko urteko irailetik zebilen Team CSC taldearekin entrenatzen, baina ez zuen lasterketetan parte hartu hilabete horietan.

Bere lehen urtean Luxenburgoko Erlojupeko Txapelketa irabazi zuen, eta iraupeneko modalitatean ere podiumera igo zen (bere anaia Fränk-ek irabazi zuen).

Hurrengo urtean GP Cholet-Pays de Loire lasterketan erori eta zortzi astez geldirik egon zen, Kataluniako Itzulia arte. Uztailean Luxenburgotik kanpo lortutako bere lehen bi garaipenak heldu ziren (Sachsen Tourreko 2 etapa), eta Britainiako Tourreko mendiko sailkapena ere eskuratu zuen.

Italiako Giroko sorpresa (2007)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

21 urterekin bere lehen itzuli handia egin zuen, Italiako Giroa, eta lasterketako gizonik indartsuenetako bat izan zen. Sailkapen nagusian bigarren egin zuen, Danilo Di Luca italiarraren atzetik, eta gazterik onenaren saria irabazi zuen.

Frantziako Tourraren lehian (2008-2011)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jada nazioartean ezaguna, Frantziako Tourra prestatzen eman zuen hurrengo denboraldiaren lehen zatia. Urteko lasterketarik handienean momentu gazi-gozoak bizi zituen bere lehen parte-hartzean: hamargarren etapan ia bederatzi minutu galdu eta sailkapen nagusiaren borrokatik kanpo gelditu zen arren, gainerakoan maila eman zuen (Alpe d'Huez mendatean amaitu zen etapan hirugarren izan zen, esate baterako), eta Parisera 12. postuan iritsi zen. Nahiz eta lehen hamarretatik kanpo gelditu, bera izan zen gazterik onena.

2008ko Olinpiar Jokoetan 5. egin zuen errepideko proban, domina lortzetik oso gertu egon eta gero (ia amaieraraino Samuel Sánchez eta Davide Rebellinekin ihes eginda ibili zen (urrea eta zilarra, hurrenez hurren), baina Fabian Cancellara (zilarra) buru zuen taldetxo batek harrapatu zituzten). Denborarekin Rebellin italiarra deskalifikatu egin zuten debekatutako substantziak erabiltzeagatik, eta behin betiko sailkapenean laugarren postura igo zen.

Ordura arteko denboraldirik osoena izan zen Andy Schleckentzat 2009koa. Aurreko urtean ez bezala, udaberriko proba garrantzitsuetan onenen pare ibili zen (2. La Flèche Wallonne klasikoan, eta txapeldun Lieja-Bastogne-Lieja monumentuan). Tourra prestatzeko bere bidean Luxenburgoko Itzuliko etapa bat eta errepideko txapelketa nazionala irabazi zituen (azken honetan bere anaiaren lekukoa hartuz).

Frantziako lasterketan maila handia erakutsi zuen, sailkapen nagusian bigarren postuan amaituz, Astana taldeko Alberto Contador eta Lance Armstrongen artean. Bigarren mailako sari gisa, gazterik onenaren saria berretsi zuen.

Contador eta bera izan ziren hurrengo urteko Tourreko hautagai nagusiak, eta bien arteko borroka estuaren ostean espainiarra nagusitu zen. Gerora dopingarekin lotutako irregulartasunen ondorioz Astana taldeko liderra sailkapenetatik egotzia izan zen, eta txirrindulari luxenburgotarrak 2010eko Frantziako Tourra irabazi zuen. Urte bereko Espainiako Vueltatik egotzia izan zen, lasterketan zehar parrandan irtetea galarazten zuen taldearen barne-arau bat hausteagatik.

2011ko udaberrian Lieja-Bastogne-Lieja klasiko handian hirugarren sailkatu zen, urte horretan egun bakarreko probetan jaun eta jabe izan zen Philippe Gilbert eta anaia Fränken atzetik. Behin Frantziako Tourrean, 19. etapan, etapa erreginan, helmugatik 60km-ra eraso jo eta bakarrik helmugaratu zen, azken urteetako erakustaldirik gogoangarrienetako bat emanez. Nahiz eta lidertza eskuratu zuen, hurrengo eguneko erlojuaren aurkako saio luzean, Parisera heltzeko etapa baten faltan, Cadel Evans australiarrak kendu zion maillot horia. Azkenean bigarren sailkatu zen, podiumean Evans eta bere anaia Fränk zituela lagun (historiako lehen anaiak izan ziren Tourreko podium berera igotzen).

Erorikoa, beherakada eta erretiroa (2012-2014)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko urteetako emaitza bikainak berresteko helburuarekin hasi zuen hurrengo denboraldia, baina Frantziako Tourraren aurreko lasterketan, Dauphiné Libéré astebeteko itzulian, erori eta egoera larrian erretiratu beharrean izan zen. Hainbat hilabetez bizikletatik jaitsita egon ondoren, Beijingo itzulia lehiatu zuen. Lau etaparen ondoren erretiratu egin zen, sailkapenean azkena zegoela. 33 lehiaketa-egunekin amaitu zuen urtea.

2013a aurreko urtea amaitu zuen modu berean hasi zuen. Tour Down Under eta Mediterraneoko Tourra amaitu ezinda. Ia urtebeteren ondoren bere lehen World Tourreko lasterketa amaitu zuen, Lieja-Bastogne-Lieja. Suitzako Itzulia aukeratu zuen Frantziako Tourra prestatzeko. Denboraldiko lehiaketarik garrantzitsuenean ez zuen bere garairik onenetako mailarik ematerik izan, baina azken bi urteetako pedal-kolperik sendoena izan zuen. 20. postuan amaitu zuen nagusian, eta bazirudien, pixkanaka, nazioarteko lehen mailara itzultzen ari zela. Urte amaierara arte ia ez zuen korritu.

Hurrengo denboraldian lasterketa gehiago amaitzea lortu zuen (Paris-Niza, Euskal Herriko Itzulia eta Suitzako Itzulia, besteak beste). Luxenburgoko Errepideko Txapelketan hirugarren amaitu zuen (Fränk anaiak irabazi zuen), eta bazirudien gora egiten hasia zela. Alabaina, Frantziako Tourreko hirugarren etapan erori eta belaunean lesio larria izan zuen. urte bereko Urriaren 9an presntsaurreko bat eman zuen bere erretiroa aditzera emanez, lesiotik errekuperatzeko ezina medio, 29 urte baino ez zituela.

Taldeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palmaresa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2004
2005
  • Luxenburgoko Erlojupekoko Txirrindularitza Txapelketa Gold medal with cup.svg MaillotLuxemburgo.PNG
  • 3. Luxenburgoko Errepideko Txirrindularitza Txapelketan Bronze medal with cup.svg
2006
2007
2008
2009
2010
  • Luxenburgoko Erlojupekoko Txirrindularitza Txapelketa Gold medal with cup.svg MaillotLuxemburgo.PNG
  • 2. Luxenburgoko Errepideko Txirrindularitza Txapelketan Silver medal with cup.svg
  • Frantziako Tourra Jersey yellow.svg, 2 etapa eta gazterik onena Jersey white.svg

2011

2012

  • 3. Luxenburgoko Errepideko Txirrindularitza Txapelketan Bronze medal with cup.svg

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Andy Schleck Aldatu lotura Wikidatan