Artemisia min
| Artemisia mina | |
|---|---|
| Sailkapen zientifikoa | |
| Erreinua | Plantae |
| Ordena | Asterales |
| Familia | Asteraceae |
| Leinua | Anthemideae |
| Generoa | Artemisia |
| Espeziea | Artemisia vulgaris Linnaeus, 1753 |

Artemisia mina[1] edo zizare-belarra[2] (Artemisia vulgaris) Asteraceae familiako landare belarkara da, sendabelar gisa erabilia.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artemisia izena Artemisa jainkosaren ohorez jarri zioten, emakumeak babestea baitzuen hark bere zereginetako bat.[2]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Landare belarkara iraunkorra da, hemikriptofitoa, 0,3-1,5 metro garai. Zurtoin tentea, gorri-purpurakara. Hosto pinatuak, lantza-formako segmentu dentatuekin. Kapitulu luzaranak, 4 mm luze eta 3 mm zabal, pedunkulu motzekoak, batzuetan apur bat dilindariak. Inbolukruko brakteak lantzeolatu-obalak, ilupadunak, ertz eskarioso zabalekin. Lore horixkak edo gorrixkak.[3]
Banaketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa, Asia eta Afrikaren iparraldeko leku epeletakoa da jatorriz, eta Ipar Amerikan bertakoturik dago.
Bizilekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ongi hazten da nitrogenoz aberastutako lurzoruetan: azienda gehien ibiltzen den tokiak, landu gabeko sailak, zabortegiak, bide ertzak...[2]
Osagaiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]B bitaminaren taldeko kolina, DNA eta RNA azidoen osagai adenina eta, batik bat esentzian nabarmenak diren eukaliptola eta tujona.[2]
Erabilpenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hilekoa eragiteko eta ohikotzeko indarra du, zilborpean jarrita, zizare-belarraren hostoekin egindako enplastuak. Erditu ezinik dagoenari ere laguntzen dio eta, behin erdituta, kumino (Cuminun cyminum) haziak, egositako oilo-arrautza gorringoak eta txerri gantza bere zukuarekin nahasian duen enplastua mina kentzeko aproposa da. Batzuetan abortatzeko ere erabili izan omen da, eta haren sinonimo gisa ere artemisa hitza darabilte gazteleraz.[2]
Frantzian XIV. mendean ziotenez, baraurik beraren ura hartzen duen emakumea loratu egiten da; ezker eskuaz eta eguzkia azaldu aurretik bildutakoa behar du, baina...[2] Dioskoridesen testuetan, barne-zizareen kontrako erremedio gisa aipatzen da. Euskaraz ere, zizare-belar deritzo hizkera arruntean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Artemisia vulgaris L.. Euskalterm Terminologia Banku Publikoa, euskadi.eus (kontsulta data: 2021-2-5).
- 1 2 3 4 5 6 Errekondo, Jakoba. Emetan. Argia aldizkaria, 2012ko apirilak 22, CC BY-SA 3.0, aldizkaria.elhuyar.eus (kontsulta data: 2021-2-5).
- ↑ Gras, Airy, D’Ambrosio, Ugo, Garnatje, Teresa, Parada, Montse eta Vallès, Joan. Artemisia vulgaris L.. digital.csic.es (kontsulta data: 2021-2-5).