Asun-tximeleta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Asun-tximeleta
Small Tortoiseshell flip666.jpg
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaArthropoda
KlaseaInsecta
OrdenaLepidoptera
FamiliaNymphalidae
LeinuaNymphalini Nymphalini
GeneroaAglais Aglais
Espeziea Aglais urticae
(Linnaeus, 1758)
Banaketa mapa
Aglais urticae appearance.png
Datu orokorrak
Ostalaria asun

Asun-tximeleta (Aglais urticae) Euskal Herrian aurki daitekeen tximeleta bat da. Asun-tximeleta ninfalido ezagun eta koloretsua da. Atlantikotik Ural mendizerraraino eta Mediterraneo kostaldetik Eskandinaviaraino aurki daiteke, eta Euskal Herrian, Europa guztian bezala, espezie arrunta da. Ez dira asko Euskal Herrian neguan hegan egiten duten espezieak, baina asun-tximeleta horietako bat da.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Heldua (Imagoa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

44 -55 mm-ko hego-zabalera duen tamaina ertaineko tximeleta da, eta ez du dimorfismo sexualik; hots, kolore eta forma bera dute arrek eta emeek. Gorputza iluna eta iletsua da. Hegoen goialdea laranja kolorekoa da, hainbat koloretako orbanez hornitua. Aurreko hegoen aurrealdean 3 orban beltz, eta, horien artean, bi orban hori eta orban zuri bat nabari zaizkio, eta e3, e3 eta e4 eremuetan orban bana du; lehenengoa, handia, eta azken biak, txikiagoak. Atzeko hegoaren oinarria eta diskoa marroi kolorekoak dira. Aurreko zein atzeko hegoen kanpo- eta atze-ertzak ilunak dira, eta ertzondoa ingerada beltza dutek kolore urdin-turkesako orbanez horniturik dago. Ninfalido gehienetan gertatu bezala, hegoen azpialdeak kolore kriptikoa du. Aurreko hegoaren oinarria iluna da, eta diskoa eta diskondoa hori kolorekoak. Ertzondoa, berriz, iluna da, eta ertza apur bat argiagoa. Atzeko hegoaren azpialdeko oinarria eta diskoa ilunak dira, diskondoa argiagoa –marra ilunekin-, eta ertza eta ertzondoa aurreko hegoaren oso antzekoak.

Krisalida (Pupa)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Krisalida berdea da hasieran, eta denbora aurrera joan ahala, kolore arrea hartzen du.

Beldarra (Larba)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beldarrak ilunak dira jaiotzen direnean, eta arantza-itxurako aterakinak izaten dituzte. Hasieran beltzak diren arren, hori-beltz bihurtzen dira hilabeteren buruan.

Arrautza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txikiak eta berdeak dira, ildo zuridunak.

Azpiespezieak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • A. u. urticae (Linnaeus, 1758) Europa, mendebaldeko Siberia - Altai
  • A. u. polaris (Staudinger, 1871) Iparraldeko Europa, Siberia, Errusiako Ekialde Urruna
  • A. u. turcica (Staudinger, 1871) Hegoaldeko Europa, Kaukaso, Transkaukasia, Kopet Dagh, erdialdeko Asia
  • A. u. baicalensis (Kleinschmidt, 1929) Sajan, Transbaikalia
  • A. u. eximia (Sheljuzhko, 1919) Amur, Ussuri
  • A. u. stoetzneri (Kleinschmidt, 1929) Xetxuan
  • A. u. kansuensis (Kleinschmidt, 1940) ipar-mendebaldeko Txina
  • A. u. chinensis Leech, 1893
  • A. u. chinensis Leech, 1893 Txina Japonia Korea
  • A. u. connexa (Butler, [1882]) Hegoaldeko Ussuri, Hegoaldeko Sakhalin, Kurilak, Japonia

Korsikar asun-tximeleta (Aglais (urticae) ichnusa) parekoa da oso baina zalantzazkoa da azpiespezie edo beste espezie bat den.

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Europa osoan hedaturik dagoen espeziea da, Atlantikoko kostaldetik Ural mendikateraino. Atlantikoko eta Mediterraneoko uharteetan, ordea, ez da alerik aurkitu.

Habitata[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urte guztian zehar aurki daitezke heldu hegalariak. Askotariko lekuetan ikusi ohi den arren, mendi-inguruneetan aurkitu ohi da, batez ere. Itsas mailatik 3.000 metrora arte ikusi da hegan. Beldarren elikagai nagusia denez, asunak diren inguruan izaten dira ugarienak. (Tolman & Lewington, 2008).

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beldarrak asunez (Urtica dioica, Urtica urens) elikatzen dira, beste hainbat ninfalidok egin bezala, eta landare baten hosto guztiak jatera irits daitezke. Helduek, berriz, hainbat landararen loreetako nektarra zurrupatzen dute, tartean txilarrak (Calluna vulgaris, Erica spp.), karduak (Carduus spp.) , San Jose loreak (Primula spp.), eta abar.

Ugalketa eta ontogenia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hegoaldeko Europan 2-3 belaunaldi izaten dira urteko. Martxoa eta urria bitartean egiten dute hegan tximeletek. Espezie hibernatzailea da; hau da, urteko azken bigarren eta azken belaunaldian sortzen diren tximeleta gehienek negua igarotzen dute, harik eta udaberrian parekatu eta hiltzen diren arte. Negua, batez ere, Salix generoko zuhaitzen enborretako arrakaletan eta zuloetan igaro ohi dute, baina badira eraikuntzetako arrakaletan-eta ikusi diren aleak ere. Hala ere, neguko egun beroetan aktibitatea izan dezakete.

Arrautzak Urtica generoko landareen hostoen azpian jartzen dituzte negua hibernatzen igaro duten emeek martxoa eta maiatza bitartean. Lehenengo belaunaldiko beldarrak maiatzean jaiotzen dira, eta bigarrenekoak, uztaila-abuztua inguruan.

Emeek 80 arrautza inguru jartzen dituzte asunen hostoetan, elkarren ondoan pilatuta, eta 20 eta 100 minutu artean behar izaten dute arrautza guztiak jartzeko. Arrautza-faseak astebete eta hiru aste bitartean irauten du, baldintza meteorologikoen arabera.

Beldar guztiak bateratsu jaiotzen dira eta guztien artean zetazko babes-sare bat eraikitzen dute. Guztira 4 muda izaten dituzten, eta hilabete inguru igaro ostean krisalidatzen dira. Krisalidak, ordea, bakarka jartzen dituzte asunen zurtoinetatik eskegita. Pupa-aldiak 2-4 aste irauten du, ingurune-tenperaturaren arabera.

Espezieen arteko elkarrekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sturmia bella euliaren larba parasitikoek dute tximeleta honekin elkarrekintza sakonena. Euliak arrautzak asunen hostoetan uzten dituzte. Asun-tximeletaren larbek euliaren arrautzak jaten dituzte eta euliaren larbak tximeletaren larbaren barnean jaiotzen dira. Euli-larbak beldarraren barne-organoetaz elikatzen dira, eta beldarraren heriotza eragiten dute. S. bellaren larbek beste hainbat tximeletaren larbei ere eragiten dien arren, asun-tximeleta izan ohi da espezierik kaltetuenak, bi espezieen fenologia antzekoa baita.

Antzeko espeziea Nymphalis polychloros du. Asun-tximeletaren oso antzekoa da morfologikoki. Azken hori, ordea, handiagoa da, eta aurreko hegoen goialdeko aurre-ertzean ez du orban zuririk. Bestalde, atzeko hegoen goialdeko oinarria ez da asun-tximeletarena bezain iluna.

Kontserbazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie arrunta den arren, azken urteetan mendebaldeko Europako dentsitatea jaisten ari dela uste da. Ikerketek adierazi dutenez, ugal arrakasta handiagoa dute uda hezea eta freskoa denean (Leraut, 1997), eta azken urteotan uda bero asko izan izanak kalte handia eragin diola uste da.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Asun-tximeleta Aldatu lotura Wikidatan
Wikispezieetan bada informazioa gehiago, gai hau dela eta: Aglais_urticae