Azido erribonukleiko

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ezkerrean, RNA, nitrogeno oinarriarekin; eskuinean, DNA.

Azido erribonukleikoa (oro har RNA siglarekin laburtua; edota, batzuetan, ARN siglarekin)[1] azido nukleiko mota bat da, nukleotido monomeroz osatua, DNA eta erribosomen arteko mezulari eginkizuna duena. Proteinen sintesian funtsezko zeregina burutzen du.

Zelula prokariotoetan zein eukariotoetan dago, eta hainbat birusen material genetikoa ere bada (RNA birusak). Zelula guztietan RNAren kopurua DNA kopurua baino askoz handiagoa da.

DNAren aldean, RNAk kate bakarra dauka, eta egitura primarioa edo lineala besterik ez dauka (gogoratu DNAk bi kate dituela, lotuta daudenak base nitrogenatuen artean ezartzen diren hidrogeno zubien bidez).

Nahiz eta eskuarki kate bakarrekoa izan, hainbat birusek bi kateetako RNA dute (hori da egiturari dagokionez RNAren salbuespena).

RNA DNAtik abiatuta sortzen da: DNAren bi kateetako batek molde bezala jarduten du RNA sortu ahal izateko, transkripzio izeneko prozesuan. RNA polimerasa entzimak erribonukleotidoak gehitzen ditu DNA kate baten aurrean (moldea) sortzen ari den RNAm-aren kate berrian.

Informazio genetikoa DNAn dago. Transkripzioaren bidez, informazio hori RNAm-ra pasatzen da. RNAm hori zelula nukleotik zitoplasmako erribosometara abiatzen da. Bertan, RNAm-aren baseak "irakurrita" izaten dira, aminoazidoen sekuentzia batzuk agertuz (itzulpen prozesua).


ADN → ARN (Transkripzioa)

ARN → PROTEINA (Itzulpena)

Hiru RNA mota daude, hirurak DNA kate batetik abiatuta sortzen direnak: RNA mezularia (RNAm), RNA erribosomikoa (RNAr) eta RNA transferentziakoa (RNAt).


Azido erribonukleikoaren egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

RNAren egitura kimikoa

RNA nukleotidoz osatutako kate lineal bakarra eta luzea da. Nukleotido bakoitzak base nitrogenatu batez, azukre batez eta azido fosforikoz osatuta dago.

  • azukrea: erribonukleotidoetan (hots, RNAren nukleotidoetan) dagoen azukrea erribosa da.
  • azido fosforikoa: erribosari lotzen zaio azukre honen 3. karbonoan, eta hurrengo nukleotidoarekin lotzen da erribosaren 5. karbonoan (ikus irudia)

RNA motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

RNA mezularia (RNAm)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere izenak (mezularia) agerian jartzen du bera dela DNAn dagoen informazio genetikoa erribosometara garraiatzen duena, bertan proteinak sortzeko.

Hari bakarreko kate lineala da. Nukleoan sortzen da transkripzio izeneko prozesuan. Prozesu horretan RNA polimerasa entzimak DNAren bi kateak banandu eta kate bat moldetzat hartuz erribonukleotidoak gehitzen ditu, RNAm-aren kate berria agertuz. Sortzen ari den RNAaren kate berrian DNAren moldearekiko osagarriak diren base nitrogenatuak eta nukleotidoak jartzen ditu RNA polimerasak (adeninaren aurrean urazilo jarriz, eta guaninaren aurrean zitosina).

RNA mezulariak proteinen sintesirako kode genetikoa eramaten duenez, RNAm-ari kodifikatzaile deritzo. Beste RNA motak (RNAr, RNAt), aldiz, ez dira kodifikatzaileak.

Itzulpen prozesuan RNAm-aren nukleotido hirukoteek (kodoiek) aminoazido bat kodetuko dute.

RNA erribosomikoa (RNAr))[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat proteinekin lotzerakoan erribosomen egitura osatzen du. Erribosomen masa guztiaren %65a RNAr-ari dagokio.

Erribosomak proteinen ekoizpenaren zentruak dira. Bi azpiunitatez osatuta daude (handia eta txikia), eta ezberdinak dira zelula prokariotoetan eta zelula eukariotoetan. Prokariotoen erribosometan 3 RNAr ezberdin daude, eta eukariotoetan, 4.

RNA mota honek ezaugarri katalitikoak ditu itzulpen prozesuan; beraz, erribozimen antzera jarduten du.

RNA transferentziazkoa (RNAt)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

RNAt-ren egitura espaziala

Hirusta-hosto baten morfologia du. Aurrez aurre eta hidrogeno zubien bidez lotuta dauden RNAren kate bikoitzak ditu, lau beso osatuz (ikus irudia). Hiru bukle ditu beso horien muturretan, bertan ez dagoelako baseen arteko loturarik.

Goiko besoan kate bat bestea baino luzeagoa da. Hain zuzen, kate luzeago horretan ACC baseak daude. Toki horri atxikitzen zaio RNAt guztietan dagoen aminoazidoa (3' muturrean).

Beheko besoan, aldiz, antikodoi izeneko tokian 3 base nitrogenatu dauzka. Goiko besoan dagoen aminoazidoa antikodoian dauden 3 baseen arabera izango da. Hots, antikodoi bakoitzari aminoazido bat dagokio.

Era berean, antikodoian dauden 3 base horiek RNAm-aren 3 base osagarriekin (kodoian daudenekin) lotuko dira erribosometan, itzulpen prozesua burutzen denean. Nabaria da, beraz, funtsezko zeregina daukala RNAt-k proteinen sintesian, bera baita RNAm-an dagoen kode genetikoari aminoazido espezifiko bat jartzen diona.

RNAt-ren zenbait eremuk egitura primarioa ez ezik, egitura sekundarioa ere badute (aipatu den bezala baseen arteko lotura kimikoak ezartzen baitira eta helize bikoitza sortzen baitute).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Azido erribonukleiko Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. RNA da laburtzapenik erabiliena euskaraz eta nazioartean.