Azulejuzko herri-seinale
Azulejuzko edo zeramikazko herri-seinaleak Hego Euskal Herrian hedatutako lehen bide seinaleetako batzuk izan ziren, motor-ibilgailuentzat errepideak egokitzen hasi zirenean, herriak markatzeko erabiliak. 1918. urteko Espainiako ministeritza baten aginduz hasi ziren jartzen, eta 20. mendean zehar berriztu ziren zenbait hedapen[1].
Zutoinen gainean ezarritako bide-seinale beregainak izan beharrean, errotulo hauek herrietako sarreretan egon ohi ziren etxeetako hormetan jartzen ziren, azulejuz edo zeramikaz eginak, argi ikustekoak ziren, eta askok iraun dute 21. mendera arte.
Ezarri ziren garaiaren ondorioz, ia seinale guztietan gaztelaniazko toponimoak agertzen dira, batzuetan ez tradizionalak, eta kasu askotan gaur egun ofizialak ez direnak. Salbuespen gutxi batzuetan, batez ere euskal toponimo tradizionala gaztelaniaren oso bestelakoa denean, Erriberrin edo Auritzen bezala, euskal bertsioa ere agertzen da.
Jatorria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1918. urteko agindua Espainiako Sustapen ministerioak eman zuen, Real Automómil Club elkarteak eskatuta. Agindu hark seinaleak lurretik 2,25 metrora egon behar zirela zioen, eta baita hizki zuriak izan behar zirela, fondo urdinaren gainean[2]. Herrilanen Ministerioa enkargatu zen seinaleak jartzeaz Espainian zehar, baina Hego Euskal Herrian foru-erakundeen esku geratu zen kontua, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako diputazioen esku. Bizkaiko kasuan diseinu-koloreei kasu egin zitzaien, baina Gipuzkoan eta Nafarroan beste diseinu bateko seinaleak prestatu ziren.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroa Garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nafarroan 1919. eta 1920. urteetan ezarri ziren herri gehienetan seinaleak, eta polikromoak egin ziren. Zuriak ziren azulejuzko teilak, ertz eta letra urdin ilun edo beltzarekin, eta Nafarroako ezkutuarekin (batzuetan urdina, gehienetan gorria). Beste euskal herrialdeetan ez bezala, zenbait herritan elebidunak ezarri ziren 1920ko seinale asko, hizki txikiagoz ohikoan euskarazko forma. Halakoak zeuden, adibidez, Erriberrin[3].
1949. urtean Espainiako beste agindu bat izan zen seinaleen premia berresteko, eta berriztu edo gehitu egin ziren zenbait seinale Nafarroan 1950. urtean, frankismoaren garaiko Nafarroako ezkutuaren bertsioarekin (Laureada delakoa). Halakoa da, adibidez, Sarasibar herrian dagoena. 1950eko seinale hauek Valentziako Juan Bautista Molins-en enpresak egin zituen.
1980ko hamarkadan eta geroago ere, arauek eskatu ez arren, berriztu egin dira zenbait seinale. 21. mendean, Aurizko alkate izadako Joxepe Irigaraik errotulo hauek babesteko lan handia egin du, eta ikerketa oso bat ere argitaratu izan du[1].
Bizkaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkaian, azuleju urdinean letra zuriak zituzten seinaleak hedatu ziren. Bizkaiko ezkutua zuten ezkerrean, eta inguru osoan uhin erako apaingarri bat. 60 zentimetroko garaiera izan ohi zuten, eta zabalera aldakorra, izenaren luzearen arabera. Gaztelerazko toponimoak bakarrik erabili ziren, eta 1919. urtetik aurrera hasi ziren ezartzen. Auzune, kontzeju edo udalerri handiago baten parte diren herrien kasuan, handiz ageri zen herria, eta behean txikiago udalerria[2].
Gipuzkoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gipuzkoan, azuleju zuriaren gainean, ezkutua eta herri-izena urdinez agertzen ziren errotuloetan[4]. Erdara hutsez eta lehor agertzen ziren izenak; adibidez, Salinas eta ez Leintz Gatzaga edo Salinas de Léniz[5].
Araba
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arabako egoera, 21. mendeko testigantzegatik, nahasiagoa da eta seinale asko ere ez dira geratzen. Seinale zuriak daude zenbait herritan (Okondo[6] eta Urabain, adibidez), eta beste batzuetan Bizkaikoak bezalakoak (Luiaondon).[7]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Bizkaiko seinale tipiko bat, Karrantzan.
-
Iberoko seinalea, Oltza zendean, Nafarroan.
-
Ostitz herrikoa, Nafarroako ezkutu bereziarekin (urdina).
-
Zarauzko sarrera kartel zaharra.
-
Luiaondo Araban dago, baina bere seinalea Bizkaiko estilokoa da.
-
Urabaingo seinaleak badu Arabako Aldundiaren armarria.
-
Herri batzuetan, azulejua berriztearekin, zuzendu eta egokitu dituzte lehengo gaztelerazko izenak, adibidez Altzagan.
-
Madril probintziako herri batekoa.
-
Galdio herriko seinalea, Allin ibarrean (Lizarrerria, Nafarroa Garaia).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b Gil, Joxepe Irigaray. (2018). «Antiguos rótulos indicadores de población en Navarra» Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra 50 (92): 237–268. ISSN 0590-1871. (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ a b Km130. (2013-02-19). «Km 130: Rótulos de azulejo. Encartaciones» Km 130 (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ «El Olitense bi: EN RIESGO DESPUÉS DE DAR 100 AÑOS LA BIENVENIDA» El Olitense bi 2018-10-02 (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ «https://twitter.com/xabierazkue/status/1293857124452311041» Twitter (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ «https://twitter.com/ipingixa/status/1293846997217288192» Twitter (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ «https://twitter.com/ihitzek/status/1293840966487506944/photo/1» Twitter (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).
- ↑ «https://twitter.com/damoto/status/1293843829922181121» Twitter (Noiz kontsultatua: 2020-08-13).