Belerofon
| Belerofon | |
|---|---|
| Greziar mitologia | |
| Ezaugarriak | |
| Sexua | gizonezkoa |
| Familia | |
| Aita | Glauko eta Poseidon |
| Ama | Eurynome (en) |
| Ezkontidea(k) | Phylonoe (en) |
| Seme-alabak | Hydissus (en) |
| Anai-arrebak | Alcimenes (en) |
Belerofon (bigarren mailan baita Belerofonte ere[1]) greziar mitologiako heroi bat da, Korintoiko heroi[2] "nazionala". Bere balentriarik handienak Kimera hiltzea eta Pegaso hegodun zaldia otzantzea izan ziren. Korintoko Glauko erregearen eta Eurimederen semea zen, tradizioren batzuk Poseidonen semea zela dioten arren.
Bere jatorrizko izena Hiponoo edo Leofontes zen, baina Belerofonte izena hartu zuen (Beleroren hiltzailea esan nahi duena) Belero izeneko Korintoko tirano bat istripuz hil ondoren. Beste bertsio batzuetan Deliades, Piren edo Altzimenes izeneko bere anaia bat hil zuen istripuz.
Mitoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tirintora erbestea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahi gabe bere anaia hil zuenean, Korinto utzi zuen eta erregutzaile bezala, purutzeko, Tirintora joan zen, Preto erregearen gortera. Preto erregeak Belerofon apopilo hartu eta purutu egin zuen.
Preto erregearen emaztea, Estenebea edo Antea izenekoa, berehala maitemindu zen Belerofonekin, eta zenbait proposamen lizun egin zizkion, baina Belerofonek uko egin zien proposamen horiei.
Estenebeak, iraindua sentituz, ukazio honetaz mendeku hartzeko, limurtu edo bortxatzeaz faltsuki salatzen du Belerofon. Tirintoko erregea haserre bizian jartzen da istorioa egia dela sinetsita, baina apopilo bat zuzen hiltzeak abegikortasun lege sakratuak urratzea ekarriko zuela eta, Belerofoni, erregeak dioenez, bere aitaginarreba eta Estenebearen aita den Liziako Iobates erregeari gomendio gutun zigilatu bat eramatea agintzen dio. Baina gutunean, benetan, Iobates erregeari Belerofon hiltzeko esaten zion.
Belerofonek gutuna daroa Liziara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Preto erregearen asmoak ezagutzen ez zituela, Belerofon Liziara iritsi zen. Iobates erregeak sutsuki hartu zuen Belerofon, abegikortasun handia erakutsiz. Lehen bederatzi egunak jai artean pasa zituzten. Hamargarren eguneko goizean Iobates erregeak Belerofonek eraman zion gutuna ireki zuen.
Enkargua betetzeko Belerofonteri Kimera hiltzea eskatu zion, munstro horrek heroia hilko zuen esperantzarekin. Kimera Tifon eta Ekidna edo Lernako Hidraren alaba zen, eta sua botatzen zuen ahuntz burua zuen, lehoi gorputza eta dragoi isatsa.
Belerofonek Kimerari aurre egiten dio
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Piztiak zelai emankorrak txikitzen zituen eta abereak irensten. Lan zail horretara abiatu aurretik, Belerofonek Poliido igarleari galdetu zion, eta harek Pegaso hegodun zaldia harrapatzea gomendatu zion. Pegaso Helikon mendiko musek nahi zuten, bere hanka baten kolpearekin lurretik Hipokrene ur iturria sorrarazi baitzuen.
Belerofonek ez zuen Pegaso Helikon mendian aurkitu, baizik eta Korintoko Akropoliko Pirene iturrian. Atenea jainkosak urrezko aho-uhal bat eman zion zaldia otzantzeko, eta Belerofontek buru gainean jarri ziona. Beste bertsio batzuetan zuzenean Atenak eman zion Pegaso jainkosak berak otzandu ondoren, edo Poseidon izan zen Belerofoni Pegaso eman ziona.
Behin armatuta, Kimerari aurre egitera joan zen. Pegasoren gainean eseri, eta, Kimeraren gainetik hegan eginez, munstroari geziak jaurtitzen hasi zen. Ondoren, bere lantzaren muturra Kimeraren ahoan sartu zuen, honen suzko hatsak berunezko muturra urtu zuelarik. Beruna Kimeraren eztarritik irristatu zen, funtsezko organuak errez, eta hala, Belerofontek munstroa garaitu zuen.
Beste eginkizun batzuk
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ondoren, Iobatesek solimoen aurka eta jarraian emakume gerlariak ziren Amazonen aurka borrokatzea agindu zion, eta bi lanetan arrakasta izan zuen heroiak. Hala eta guztiz ere, Iobatesek Belerofon hiltzea nahi zuen, eta honen aurkako segada bat prestatu zuen, bere gizonik hoberenak bidaliz, baina Belerofonek guztiak hil zituen. Azkenik Iobatesek bere alaba eskaini zion Belerofoni emazte eta elkarrekin hiru seme-alaba izan zituzten: Laodamia, Isandro eta Hipoloko.
Pretoren emaztearen aurkako mendekua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizioren batzuetan, Anteak bere buruaz beste egin zuen Belerofonen ezkontzaren berri izan zuenean. Beste tradizio batean, heroiak bere traizioagatik ordainarazi zion, eta, beraz, berataz maiteminduta egotearen itxurak egin zituen, eta, hala, berarekin Tirintora ihes egiteko konbentzitu zuen. Pegasoren gainean hegan eginez, Belerofon itsasorantz joan zen, eta Antea uretara bultzatu zuen, eta erregina kostaldeko harkaitzen gainean erori zen.
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Belerofon, ondoren, jainkoek arrazoi ezezagunengatik gorrotatu zuten, eta, halako batean, Olinpo mendira Pegasoren gainean iritsi nahi izan zuen. Alabaina, Zeus ez zuen ustekabean hartu, eta jainkoak Pegasori ezten bat sartu zion, zaldia haserraraziz. Belerofonek ez zuen zaldia lasaitzea lortu, eta zaldizkoak oreka galdu eta hutsera erortzea eragin zuen.
Tradizio baten arabera, Belerofon bizirik irten zen erorketa horretatik. Alabaina, herren edo itsu geratu zen, eta noraezean aritu zen Aleya izeneko lautadan. Pegaso, bere aldetik, zerurantz joan zen, eta han konstelazio bihurtu zen. Beste bertsio batean, Belerofon hutsera beldur edo bertigoagatik erori eta bertan hil zen.
Kimeraren mitoaren interpretazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Ikertzaile batuzen arabera, baliteke Belerofonteren mitoa errealitate historiko jakin batean oinarrituta egotea. Liziako Olinpo hiritik eta Olinpo haranetik (gaur egun Natur pareke dena) gertu, oraindik sutan daude gas naturalaren isuriak daude (Yanartaş lekua, antzina Kimera mendia zena).
Robin Lane Foxek ere hizkuntza semitikoetan surako hitzaren sustraia chmr dela adierazten du. Suzko izaki hori Kimera bihurtu ote zen proposatu da hipotesi moduan. Istorio alternatibo batek dioenez, Kimerak Urte Sakratua irudikatzen zuen antzinako jainkosa bat irudikatzen zuen, hiru zatitan banatua, bakoitza sinbolo batekin: lehoi bat udaberrirako, ahuntz bat udarako eta suge bat negurako. Belerofontek, greziarrak ordezkatzen zituenak, Lizia ondoan dagoen Kariaren konkista historikoa ere sinboliza dezake, egutegiaren ikurra, Kimera, zuen ilargi-jainkosa bat gurtzen baitzuten bertan. Azkenik, baliteke Belerofontek Pegaso bezatu izanak istorio bereko beste alderdi bat islatzea, zaldia ilargi-jainkosa honen sinboloa baitzen.[2]
| Aurrekoa Glauko |
Korintoko erregeak |
Ondorengoa Ornition |
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Euskaltzaindia. 82. araua. Grezia eta Erromako pertsonaia mitologikoak. .. Euskaltzaindiak Belerofon hobesten du baina Belerofonte ere onargarria da, bigarren mailan.
- 1 2 (Gaztelaniaz) Cartwright, Mark. (2023-01-25). «Belerofonte» World History Encyclopedia (kontsulta data: 2026-06-04).