Bund

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Poloniako, Lituaniako eta Errusiako Langile Judutarren Federazio Nagusia
Bund
Sorrera 1897
Desegitea 1920
Ideologia politikoa Sozialismoa
Judutar autonomismoa
Antisionismoa

Poloniako, Lituaniako eta Errusiako Langile Judutarren Federazio Nagusia edo Bund (yiddisez, “Algemeyner Yidisher Arbeter Bund in Lite, Poyln un Rusland”, Bund hitzak yiddishez Federazio esan nahi du) langile judutarrak biltzen zituen alderdi sozialista judutarra izan zen[1].

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bundisten manifestazioa, 1917an.

Bund erakundea 1897an sortu zen, Errusiar Inperioko langile judutar guztiak elkarte bakar batean batzeko asmoz. Errusiako Langileen Alderdi Sozialdemokrata 1898an sortzean, Bund erakundea mugimendu marxista bateratuaren parte izatera pasa zen, baina azken honen II Kongresuan, Bund erakundeak alderdi bateratua utzi egin zuen, honek Bundaren autonomia nazionalerako proposamena onartu ez zuelako[1].

Errusiar Inperioan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1906an, IV Biltzarrean, berriz batu bazen ere, batasun hori formazkoa izan zen, ez benetakoa. Bundistek, errusiar mugimendu marxistaren zatiketaren aurrean, gehienbat mentxebikeen alde egiten zuten (adibidez, 1912ko abuztuan mentxebikeen Konferentzian parte hartzerakoan). Bund erakundea sionismoaren aurka zegoen, Europako judutarrentzat Palestinan Estatu judutarra eraikitzeko emigratzea baino autonomia kulturala defendatzen zuelako eta judutarren hizkuntza legez hebraieraren ordez jiddishera defendatzen zuelako; halere, judutar askok Palestinara emigratzeak, Bundaren militantziaren murrizketa ekarri zuen[1].

Polonian, Bierrolusian eta Ukrainan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1914an Poloniako Bund banandu egin zen eta alderdi propioa eratu zuen. Errusiako Bund erakundea, batez ere Bielorrusian eta Ukrainan zen indartsua eta judutarrak pogrometatik defendatzeko miliziak antolatzen zituen[1].

1917ko iraultzan parte hartzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1917an otsaileko iraultza burgesa babestu zuten, eta urte horretan batez ere mentxebikeen alde egin zuen, adibidez hauen politika kontziliatzailea babestuz eta Urriko Iraultzaren aurka eginez (lider bundistarik ezagunena, Mikhail Liber, mentxebikeen buruzagi izan zen). Hala ere, zuriek eramandako pogrom gogorrek bundista asko boltxebikeengana hurbildu zituzten, Bundaren barruan zatiketa prokomunista bat sortuz (1920an Bielorrusiako Homel hirian izan zen zatiketa erabatekoa)[1].

Bundista batzuek boltxebikeekin lan egitera pasa ziren, adibidez David Petrovski (Sobietar Industria Astunerako Herri Komisarioa 1932-37) eta Moisei Rafes (Kominternaren ordezkaria Txinan eta Sobietar Zinema Konpainiaren zuzendaria). SESBen, Bundaren “post mortem” lorpenik handiena, Birobidzhaneko Judutar Oblast Autonomoaren sorrera izan zen. Polonian alderdi aktiboa izan zen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte, eta nazismoaren aurkako erresistentzian (esaterako Vartsoviako Ghettoko Matxinadan) parte hartu zuen. Gaur egun ez da alderdi bezala existitzen, baina badaude Bundaren ondarea bizirik mantentzen duten zenbait judutar gune kultural[1].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Bund, K17, 2017-07-07. CC0 Domeinu Publikoa