Carmen Portinho

Wikipedia, Entziklopedia askea
Carmen Portinho
Carmem Portinho em frente ao Museu de Arte Moderna – MAM, Rio de Janeiro.tif
Bizitza
Izen osoa Carmen Velasco Portinho
Jaiotza Corumbá1903ko urtarrilaren 26a
Herrialdea  Brasil
Heriotza Rio de Janeiro2001eko uztailaren 25a (98 urte)
Hezkuntza
Heziketa Escola Politécnica da Universidade Federal do Rio de Janeiro (en) Itzuli
Jarduerak
Jarduerak ingeniari zibila, hirigilea eta ingeniaria
Carmen Portinho signature.svg

Carmen Velasco Portinho (Corumbá, Brasil, 1903ko urtarrilaren 26a - Rio de Janeiro, 2001eko uztailaren 25a) Brasilgo ingeniari zibila, hirigile eta feminista izan zen, bere herrialdeko emakumeen eskubideen aldeko borrokan aitzindaria. Brasilen hirigile gisa graduatu zen lehen emakumea izan zen eta hirugarrena ingeniari gisa. [1]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1903an jaio zen Corumbán, gaur egungo Hegoaldeko Mato Grosso estatuan, eta Francisco Sertorio Portinho gaúchoaren eta María Velasco boliviarraren bederatzi seme-alabetatik zaharrena izan zen. 1911n, familia Rio de Janeirora joan zen bizitzera eta bertan aita Garbiketa Publikoko superintendente gisa aritu zen hil zen arte.

1912an Colégio Sacré Coeur de Jesus ikastetxean hasi zen ikasten eta 1920an Brasilgo Unibertsitate zaharreko Eskola Politeknikoan. 1924an, 21 urte zituela, ingeniari geografo gisa lizentziatu zen. 1925ean matematika eskolak ematen hasi zen Colégio Pedro II ikastetxean. Horrek, gizonentzako barnetegia izanik, eskandalu handia sortu zuen, baina Justizia ministroaren esku hartzeak ere ez zuen lortu Portinho handik bereiztea. Beste hiru urtez eskolak eman zituen bere borondatez dimisioa aurkeztu zuen arte[2].

Ibilbide profesionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1926an Brasilen Ingeniari zibil gisa graduaturiko hirugarren emakumea bihurtu zen. Brasilgo Unibertsitatean, egungo Rio de Janeiroko Unibertsitate Federalean, lizentziatu zen. Barruti Federaleko, gaur egungo Rio de Janeiroko, prefekturako Obra eta Errepide Zuzendaritzan sartu zen ingeniari laguntzaile gisa. Graduatu ondoren, bere lehen lana "Ricardo de Albuquerque" eskola izan zen, izen bereko auzune kariokan[2].

1935ean Rio de Janeiroko Arkitekto eta Ingeniarien Elkartearen sorrera akta sinatu zuen. 1937an Brasilgo Ingeniari eta Arkitektoen Elkarteko sortzaileetako bat eta lehen emakume presidentea izan zen. Hirigile Graduondoa gainditu zuen lehen emakume brasildarra ere izan zen. Titulua 1939an lortu zuen, Barruti Federaleko Unibertsitate ohian, eta Mário de Andradek sinatu zuen diploma.[3] Unibertsitate Federaleko Barrutian (UDF) graduatu zen Anteprojeto para a Futura Capital do Brasil no Planalto Central (Brasilgo etorkizuneko hiribururako aurreproiektua Erdialdeko Planaltoan) tesiarekin. Proiektu hau Lúcio Costaren Brasiliako Plan Pilotuaren aurrekari zuzena izan zen.[4] 1945ean, beka bati esker, Ingalaterrara joan eta Bigarren Mundu Gerran bonbardatutako hango hirietako berreraikuntza eta birmoldaketa taldeetan parte hartu zuen.

1947an, Departamento de Habitação Popular (Etxebizitza Herrikoiaren Saila) sortu zen prefekturaren barruan bere proposamenez, eta bertako lehen zuzendaria izan zen. 1950eko hamarkadan São Cristóvãon inauguratutako Prefeito Mendes de Morais - Pedregulho Etxebizitza Multzoaren proiektuan eta eraikuntzan ingeniari zibila izan zen. Proiektuaren arkitektoa bere senarra, Affonso Eduardo Reidy, izan zen . Zenbait artistak, hala nola, Roberto Burle Marx, Anísio Medeiros eta Cândido Portinari, gune arkitektonikoaren eskola, patio eta lorategietarako teila panelak sortu zituzten doan.

1951n Rio de Janeiroko Arte Modernoaren Museoko (MAM) zuzendaritza exekutibo laguntzailearen ardura hartu zuen eta hamabost urte baino gehiago bete zituen karguan. Reidyren beste proiektu batzuetan ere ingeniari izan zen, haien artean, Gávea gunean eta Arte Modernoaren Museoan bertan. 1954tik aurrera, ordura arte Hezkuntza Ministerioaren eraikinean zegoen MAMen egoitza berriaren ingeniaritza zibileko lanak zuzendu zituen Gloria auzunean.

Distritu Federaleko prefekturako Etxebizitza Herrikoiaren Sailean jardun zuen ingeniari eta zuzendari gisa 1959an erretiroa hartu arte. Garai berean, MAMeko grabatu tailerraren sorrera bultzatu zuen, Edith Behring-en zuzendaritzapean. Tailer hau 1957az geroztik antolatzen zen eta 1959ko maiatzean inauguratu zen [5]

Guarabara estatuko Legebiltzarrak Herritar Karioka izendatu zuen 1966an. 1967an, Negrão de Lima gobernadoreak zuzendari izendatu zuen Latinoamerikako lehen Industria Diseinuko Goi Eskolan -Escola Superior de Desenho Industrial (ESDI). Hogei urtez izan zen eskolako arduraduna, 1988ra arte, baina 96 urte bete zituen arte lanean jarraitu zuen bertan, ESDI Rio de Janeiro Estatuko Unibertsitatean (UERJ) integratuta zegoela. Ikastetxeko zentro akademikoak Carmen Portinho Zentro Akademikoa du izena.

Zuenir Ventura 60ko hamarkadan ESDIn irakasle ibilitako idazle eta kazetariaren arabera, «ESDIren eragina diseinu industrialean bossa novak musikan izandakoaren parekoa izan zen, edo El Arenarena antzerkian, Cinema Novorena zineman, Brasiliarena arkitekturan... Matrize izan zen, ugaldu egin zen eta buruak hezi zituen». [6]

1987ko martxoan parte hartu zuen Ulysses Guimarães diputatu eta Biltzar konstituziogilearen presidenteari Carta das Mulheres eman zion batzordean. [7] 1992an Rio de Janeiroko Unibertsitate Federalak "Carmen Portinho" saria sortu zuen ikasleen produkzio zientifikoa aitortzeko. [8] 1999an bere bizitza eta obrari buruzko testigantzak biltzen zituen liburua argitaratu zen, Por toda a minha vida izenburupean.

Estatuko eta nazioarteko zenbait arte bienaletan eta arte plastikoen saloitan epaimahaikide izan zen; nazioarteko hainbat kongresu eta topaketatan bere herrialdea ordezkatu zuen eta sari ugari jaso zituen. Antolatu zituen arte plastikoen, arkitekturaren eta diseinuaren inguruko erakusketek lagundu zuten hainbat artistaren lanak, hala nola, Ivan Serpa, Fayga Ostrower, edo Arthur Luiz Piza zabaltzen, eta horrez gain, Oscar Niemeyer, Alcides Rocha Miranda, Jorge Moreira eta bere kide Alfonso Eduardo Reidy arkitektoen lanak, beste batzuen artean, ezagutarazi zituzten. [9]

Aktibismo feminista[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emakumeen eskubideen aldeko aktibista aktiboa izan zen. 1919az geroztik, 16 urte zituela, Bertha Lutz-ekin kolaboratu zuen Brasilgo mugimendu sufragista antolatzen. Lutzek Federação Brasileira pelo Progresso Feminino-ra gonbidatu zuen (Emakumeen Aurrerapenerako Brasilgo Federazioa - FBPF). Bertan, diruzaina eta lehen presidenteordea izan zen. 1930ean, bere etxean, União Universitária Feminina (Unibertsitateko emakumeen batasuna) sortu zuen, emakumeen aitorpen profesionalaren alde borrokatzeko, eta lehen presidentea izan zen.[2] Hasierako bileran Bertha Lutz, Maria Esther Ramalho, Natércia da Silveira, Sylvia Vaccani, Luíza eta Amélia Spienza izan ziren.

Mugimendu feministaren borrokaren ondorioz, Getúlio Vargas presidenteak batzorde bat izendatu zuen hauteskunde aldaketak aztertzeko. Baina batzordearen buruak boto eskubidea unibertsitatean ikasitako emakumeei baino ez onartzeko jarrera zuen. Carmen Portinhok berak, Getúlio Vargasen idazkariari esker, presidentearekin biltzea lortu zuen eta azaldu ahal izan zion erakunde feministek bozkatzeko eskubidearen inguruko edozein murrizketaren aurka zuten jarrera tinkoa.[10] Azkenik, 1932ko otsailaren 24an, Vargasek 21.076 zenbakidun dekretua sinatu zuen, Brasilgo lehen hauteskunde-kodea onartzen zuena. Kode horrek boto zuzena, derrigorrezkoa eta isilpekoa [11] eta baita emakumeen sufragioa ere onartu zituen. [12]

Boto eskubidea eta aitorpen profesionala bezalako arazo puntualez gain, batez ere lan- eta soldata-eskubideen berdintasunaren alde borrokatu zen. Portinhoren ustez, emantzipazio ekonomikorik gabe ezinezkoa litzateke emakumearen emantzipazio sozial eta politikoa. A Noite egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, 1933ko abuztuaren 17an, honela azaldu zuen:[13]

« Zertan da onuragarria emakumearentzat botoa eman ahal izatea tutoretzapean badago? Emantzipazio ekonomikorik ez badu, zer balio du emantzipazio politikoak? Eta intelektualki librea ez bada, politikoki ere ez dela librea esan dezakegu. Ez da izango ezta bitarteko baliagarri bat ere politikako profesionalen eskuetan. Brasilgo emakumeak etxean ere ez badu eskubiderik, bertan dena den arren eta harengatik dena sakrifikatzeko gai bada ere, zertarako balio dio bozkatzeko eskubidea, eta ez besterik, emateak? Kontzesio bakan horrek ironiaren mugak gainditzen ditu ia-ia. Txoriari kaiolatik irteten utzi eta gela hertsian askatzea bezalakoa da. (...) Eskubide zibilik gabe, emantzipazio ekonomikorik gabe, ikasketarik gabe, heziketarik gabe, bere arazoen berri izan gabe, emakumeak gizonaren babespean jarraituko du beti. »


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. .Ciência Hoje, ed. (2015eko azaroa). «Carmen Portinho (1905 - 2001)».
  2. a b c "Os anos JK: Carmen Portinho". Dicionário Histórico Biográfico Brasileiro pós 1930.
  3. «Siempre a la vanguardia | Revista Pesquisa Fapesp» web.archive.org 2016-11-29 Noiz kontsultatua: 2020-11-25.
  4. .Segre, Roberto (2 de agosto de 2001). «Carmen Portinho (1903-2001) Sufragista da arquitetura brasileira». vitruvius
  5. .Tavora, Maria Luisa Luz (2012ko urtarrila). O Ateliê livre de gravura do MAM-Rio – 1959/1969 (pdf) (portugesez). Rio de Janeiroko Unibertsitate Federala. 60-61 or.
  6. «Um século de construção | aU - Arquitetura e Urbanismo» web.archive.org 2016-10-25 Noiz kontsultatua: 2020-11-25.
  7. .
  8. Linha do tempo - UERJ». Universidad del Estado de Río de Janeiro (UERJ) (portugesez).
  9. .
  10. Alves, Branca Moreira (1980). Ideologia e feminismo: a luta da mulher pelo voto no Brasil (portugesez). Petrópolis: Vozes. 125. or. «Então nós fomos reclamar. O secretário do Getúlio era primo da Carmem Portinho. Então nós tínhamos um meio de agir junto a Getúlio. Mandamos dizer a ele que não queríamos o voto qualificado, queríamos o voto geral. Ele foi apresentado à Carmem pelo Gregório Porto, primo dela. Ele disse: ―Dra. Carmem, eu sou a favor das mulheres porque elas fizeram metade da Revolução! Ela disse: ―É por isso que o Sr. Só quer dar metade do voto? ―Como metade do voto? Ela disse: ―Pois é, quer dar voto qualificado, para certas classes sim, as outras não. Nós não queremos assim. Ou tudo ou nada! Ele disse: ―Está bem, eu falo com a Comissão para dar tudo.»
  11. Decreto Nº 21.076, de 24 de fevereiro de 1932». Câmara dos Deputados do Brasil (portugesez).
  12. Voto da mulher». Tribunal Superior Eleitoral (portugesez).
  13. EdUERJ, ed. (1999). Por toda a minha vida (portugesez). Río de Janeiro: Universidade do Estado do Rio de Janeiro(UERJ). 58. or. «...O que adianta poder votar se ela (a mulher) é tutelada? Se não tem emancipação econômica de que lhe serve emancipação política? E se não é emancipada intelectualmente, então, podemos afirmar que, na realidade, não é politicamente. Servirá apenas de instrumento nas mãos dos profissionais da política. Se a mulher no Brasil não tem direito nem sequer dentro do seu lar, onde ela é tudo, e pelo qual tudo é capaz de sacrificar, de que serve lhe dar o direito de voto e somente esse direito? Chega até aos limites da ironia essa concessão isolada. É como se retirasse um pássaro da gaiola e o saltasse dentro de um quarto fechado(...) Sem direitos civis, sem emancipação econômica, sem instrução, sem educação, sem conhecer os seus próprios problemas, a mulher continuará a ser sempre a protegida do homem(...)».

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Por toda a minha vida. Geraldo Edson De Andradek bildutako Carmen Portinhori buruzko testigantzak, EDUERJ, 1999.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]