Dontzeila (arraina)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Coris julis» orritik birbideratua)
Dontzeila (arraina)
Iraute egoera

Arrisku txikia (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaLabridae
GeneroaCoris
Espeziea Coris julis
Linnaeus, 1758

Dontzeila edo julia (Coris julis) Labridae familiako ur gaziko arraina da, ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan bizi dena[1].

Kolore biziko arraina da, eme jaio eta beranduago ar bihurtzen dena. Ez du arrantza balio handirik baina dituen koloreengatik ohikoa da akuarioetan aurkitzea.

Euskal izendegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dontzeila izendatzeko izen asko daude Euskal Herrian[2]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
dontzella Ondarroa
donxella Donostia
donzellia
hija Getaria
julia
lula Santurtzi, Armintza, Mundaka, Elantxobe
luila, lulia
mutxardina, mutxurdina
palabeltza,parabeltza Donostia
txilipitxero Santurtzi, Bermeo

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dontzeila emea.

Arrain teleosteo luzexka da, 20 cm ingurukoa, baina 30 cm-ko alerik ere ikusten da. 7 urte bizi daiteke. Sexu dimorfismo nabarmena du dontzeilak.

Jaiotzez emeak dira guztiak eta ondoren ar bihurtzen dira. Hori dela eta emeak txikiagoak izan ohi dira arrak baino. Kolorea ere desberdina izaten dute; emeen koloreak apalagoak dira, gainalde horixka-marroixka eta azpialdea zuria, kolore biak albo-lerroan ongi bereiziak. Ar bihurtzen direnean kolore biziagoak hartzen dituzte, berdea eta gorria eta orban urdin bat sabelaldeko hegatsean. Albo-lerroan zerra itxurako lerro laranja bat ere azaltzen du. Horregatik "ortzadar arraina" esaten zaio hainbat hizkuntzatan, ingelesez adibidez. Ozeano Atlantikoan bizi diren dontzeila arrek eta Mediterraneokoek ez dute kolorazio bera izaten, espezie bera diren arren[3]. Atlantikoko dontzeila arren lerro laranja askoz apalagoa da[4].

Bizkarraldeko hegatsak 8-10 arantza eta 11-12 erradio bigun ditu[5].

Burua txikia da eta ez du ezkatarik. Muturra pikoduna da eta 4-6 poro zefaliko azaltzen ditu[5]. Aho txikia du eta begiak ere txikiak dira[6]. Ahoan bi hortz ilara ditu, aurreko hortzak aurrerantz kurbaturik daude[4].

Banaketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ozeano Atlantikoaren ekialdean bizi da, Suedia eta Gabon arteko kostaldean, bai eta Azoreetan, Madeiran, Kanarietan eta Cabo Verde uhartedian. Mediterraneo guztian ere aurkitzen da[5].

Itsas hondo arrokatsuetan eta hareatsuetan aurkitzen da, Posidonia zelaiak dauden tokietan bereziki. Normalean 60 metro arteko sakoneran aurkitzen da, baina 120 metrotako sakoneran ere ikusi izan dira dontzeila zaharrak[5].

Biologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dontzeila arra.
Dontzeila emea.

Portaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egunez jarduten du elikagai bila. Sakonera txikiko uretan talde txikiak osatzen ditu. Dontzeila ar zaharrak bakartiak izan ohi dira eta ur sakonagoetan bizi dira. Arrak oso lurraldekoiak izaten dira eta haien lurraldean sartzen direnekin erasokorrak. Bere burua arriskuan ikusten badu hareatan lurperatzen da kamuflatzeko, bai eta gauez ere[7].

Elikadura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Itsaso hondoko arroka artean aurkitzen dituen animalietaz elikatzen da. Gastropodo txikiak, itsas trikuak, krustazeoak, itsas zizareak, isopodoak eta anfipodoak harrapatzen ditu. Ar handiek harriak altxatzen dituzte azpiak egon daitezkeen harrapakinak azaleratzeko eta harrapatzeko[7].

Dontzeila gazteak arrain handiagoen garbitzaileak ere badira, eta era horretan ere lortzen dute elikagaia[4]. Urpekaritza egiten duten buzoen inguruan ere ibiltzen dira, haiek nahi gabe azaleraturiko harrapakina hartu nahian[6].

Ugalketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espezie hermafrodita protoginoa da, hau da, eme jaiotzen dira guztiak eta urtebeteko adina dutenerako sexu heldutasuna lortzen dute. Ondoren sexuz aldatzen dira, 18 cm-ko luzera izan baino zerbait lehenago. Horretarako emearen gonadak atrofiatu egiten dira eta arren gonadak garatzen hasten dira[7].

Apirila eta uztailaren artean izaten da errunaldia[2]. Arrak bizkarraldeko hegatsa ateratzen du eta itzul biribilka hasten da emea gorteiatu nahiak. Emeak onartzen badu gorantza igerian hasten dira eta obulua eta espermatozoideak askatzen dituzte bidean[6]. 30-42 ordu beranduago arrautzetatik larbak ateratzen dira eta ur azalean zooplanktona osatzen dute. 26-45 egun beranduago kostaldera inguratuko dira[6].

Arrantza eta akuikultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez du merkatal balio handirik eta kirol arrantza bidez harrapatzen da gehien bat dontzeila. Erronka handia izaten da dontzeila harrapatzea, amua sahiesteko gaitasun handia baitute eta sarritan beita jaten dute amuan harrapaturik gelditu gabe[6].

Akuikultura jardueretan preziatua da dituen kolore biziengatik. Eme taldeak egon daitezke ur putzu berean, taldekoiak direlako, baina bi ar elkartuz gero lurraldeagatik borrokatuko dute. Itsas trikuekin, moluskuekin edo krustazeoekin batera sartu gero guztiak jango dituzte[6].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Louisy P., Trainito E. Guida all'identificazione dei pesci marini d'Europa e del Mediterraneo. Milano, Il Castello, 2006. ISBN 88-8039-472-X
  2. a b «dontzeila, julia» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
  3. Aurelle, D., Guillemaud, T., Afonso, P., Morato, T., Wirtz, P., Santos, R.S.S. eta Cancela, M.L.. (2003). Genetic study of Coris julis (Osteichthyes, Perciformes, Labridae) evolutionary history and dispersal abilities. Comptes Rendus Biologies 326(8):, 771-785 or..
  4. a b c (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Coris julis Bauchot & Quignard, 1973» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2024-01-17).
  5. a b c d «Coris julis, Mediterranean rainbow wrasse : fisheries, gamefish, aquarium» fishbase.mnhn.fr (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
  6. a b c d e f (Gaztelaniaz) «Coris Julis o Doncella | Características, fotos y video» pecesmediterraneo.com 2019-03-29 (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).
  7. a b c (Gaztelaniaz) «Doncella común • Coris julis • Ficha de pez» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-16).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]