Désiré-Joseph Mercier
Désiré-Félicien-François-Joseph Mercier (Braine-l'Alleud, 1851ko azaroaren 21a - Brusela, 1926ko urtarrilaren 23a) belgikar kardinala izan zen.
Malinasko apaiztegian ikasi zuen eta 1874an apaiztu zen. Teologian lizentziatu eta filosofian doktoratu zen Lovainako Unibertsitatean. Tomista garrantzitsua izan zen eta gai hori irakatsi zuen Lovainan. Revue Néoscholastique-ren sortzailea eta editorea izan zen. 1897ko Les origines de la psychologie contemporaine lanak nazioarteko errekonozimendua ekarri zion.
Pio X.a Aita Santuak Malinasko artzapezpiku izendatu zuen 1906an eta kardinal 1907an. 1914an Abertzaletasuna eta Erresistentzia gutun pastorala argitaratu zuen eta Belgikaren erresistentzia eredu bat izan zen Alemaniaren okupazioaren aurrean Lehen Mundu Gerran.