Damaso Legaz

Wikipedia, Entziklopedia askea
Damaso Legaz
Bizitza
JaiotzaArizkun1838ko abenduaren 11
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
HeriotzaIruñea1902ko azaroaren 17a (63 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
Jarduerak
Jarduerakidazlea eta apaiza
KidetzaNafarroako Euskara Elkargoa

Literaturaren Zubitegia: 738

Damaso Legaz Laurenzena (Arizkun, Baztan, 1838ko abenduaren 11Iruñea, 1902ko azaroaren 17a) nafar apaiza eta euskal idazlea izan zen.[1]

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Damaso Legaz Arizkunen jaio zen, 1838ko abenduaren 11n; aita, Juan Jose Legaz, Abaurregainekoa zen, eta ama, Juana Catalina Laurenzena, Elbetekoa. Irakasle partikular batekin latina ikasi ondoan, Iruñeko San Joan Bataiatzaile apaizgaitegian sartu zen 1854an, ikasketa beka berezi bati esker. Hortik aurrera, eliz karrera ikusgarria burutu zuen. 1863ko maiatzaren 30ean apaizturik, urte bereko urrian Iruñeko elizbarrutiko apezgaitegira pasatu zen filosofia katedradun moduan. Hurrengo urtean, berriz, teologia katedradun izendatu zuten, 1866ko azaroaren 5ean apezgaitegi kontziliarraren idazkari eta, urte bereko urriaren 23an, errektoreorde egin zuten.[2]

1867an, teologia doktoregoa erdietsi zuen Valentzian. 1869tik 1902ko otsailera arte Iruñeko apezgaitegiaren erretore izan zen. 1869an apezpikutegiko aztertzaile sinodala izan zen. 1875an Elizondoko erretore izendatu zuten, baina berehala utzi behar izan zuen postua, Iruñean betebehar ugari zuelako. 1883an, lehiaketan gailendu ostean, kalonje lektoral bilakatu zen, hau da, Iruñeko kabildoaren teologialari. 1891n Iruñeko Liburutegi Kristau Propagandistikoaren lehendakari aukeratu zuten, La Avalancha aldizkaria ateratzen zuen erakundearena hain zuzen ere. Aukera izan zuen Tarazonako eta La Habanako apezpikua izateko baina, Euskal Herrian geratzea hobetsirik, kargu horiek errefusatu zituen.[2]

Iruñean hil zen, 1902ko azaroaren 17an. Abenduaren 8an, haren omenezko monografiko gotorra atera zuen La Avalancha-k, orduko sinadura hantuenekin prestaturikoa: Julio Altadill, Estanislao Arantzadi, Felix Amorena, Daniel Ziga, Fermin Erize, Eustaquio Ilundain, Juan Iturralde Suit, Cancio Mena, Hilario Olazaran, Francisca Sarasate,..., Joaquin Mayak berak requiem-partitura bat igorriz kolaboratu zuen eta, testu horiekin batera, Legazen beraren erdal sermoi bat eskaini zuten.[2][3]

Idazle ibilbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskararen nafar unibertsoan nortasunez gailendu zen, arras lan gutxi argitaratu bazuen ere. Nafarroako Euskal Elkargoaren kidea sorreratik beretik, epaimahaikidea izan zen Nafarroako Foru Aldundiaren euskara katedraduna aukeratzeko, eta baita zenbait sariketa literariotan ere. Haren euskarazko lanik ezagunena Gaspar Asteteren katiximaren itzulpena izan zen, Cristauaren icasbidea, Aita Gaspar Astetec eguina cein centzatua eta berretua aguertzen da euscarara biurtua Dre. D. Jose Oliver eta Hurtado Iruñeco Obispo chit arguiaren aguindez bere menecoen oitzaraco, Iruñean Jose Lordaren moldiztegian 1880an atera zena. Izenpetu gabe agertu arren, gauza jakina izan da itzulpen horren egiletasuna.[2]

Eliz lanak ezezik, bestelako testuen itzulpenak burutu zituen; ezagunena Arturo Campionek amaitu gabe utzi zuen Los últimos navarros narrazio historikoaren aldaera izan zen, 1878ko Euskara aldizkarian "Baztandar batec" sinaturik agertu zena. Nafarroako konkistaren azkenengo egunetan giroturik, Baztango juradoak Gaztelaren kontra jo behar zutenentz erabakitzeko bozka egiten ari ziren, eta ezetz, borroka gehiagorik egin behar ez zutela onartu ostean, Zigako Martin Ulibarri honela mintzo da: "Egun da lembicico aldia Baztandarra izateaz alquetzen naicena. Uste dut mendiec eztali dutela goibeletan bere burua gu ez icusteatic; ez tugu beñere, beñere mancha au garbituco".[2]

Lanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Cristauaren Ikasbidea (1880, Jose Lordaren moldiztegia)
  • Azken nafartarrak (1878, Euskara aldizkaria)

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Estornés Lasa, Bernardo. Legaz Laurencena, Dámaso. Auñamendi Entziklopedia [on line], 2020, aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  2. a b c d e Bidador, Joxemiel. Baztango euskal idazleen berri laburra (I). Euskaldunon Egunkaria, 2000ko otsailak 4, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).
  3. La Avalancha, Nº 186, 8 de diciembre de 1902. binadi.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-12).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Damaso Legaz, literaturaren zubitegia, zubitegia.armiarma.eus