Delikako ur-jauzia
| Delikako ur-jauzia | |
|---|---|
Delikako ur-jauzia, neguan. | |
| Eskualdea | Delika, Araba |
| Koordenatuak | 42°56′23″N 2°58′51″W / 42.9397°N 2.9808°W |
| Garaiera | 790 m. |
| Altuera | 222 m. |
| Zurrustarik altuena | m. |
| Luzera osoa | m. |
| Batez besteko emaria | m³/s |
Delikako ur-jauzia edo Nerbioi ibaiaren jauzia —bertako euskaran, Ebana— Nerbioi ibaiak bere sorburutik (Kuartangoko lurretan, Araban) bi kilometro inguruko bidea egin eta gero egiten duen ur jauzia da: Kuartangoko lurretatik Amurriokoetara jauzi egiten du (Arabako udalerri batetik bestera, alegia), ezkerraldean 50 bat metrora Burgosko probintziarekiko muga duela.[1][2] Delika herriaren (Araba) goialdean dago, eta 222 metroko ur jauzia da (Iberiar penintsulako luzeena).[3] Urik ez du izaten euriteen edo elur urtzeen garaietatik kanpora.
Arabako ipar-mendebaldean dago, Urduñako mendatearen hegoaldean, Gibijo mendilerroaren eta Santiago mendiaren artean.[2] Ur jauzia ikusteko, jauziaren gainaldean, ezkerraldean, behatoki bat dago; hara heltzeko, ur jauziaren iparraldean, Urduñako mendatearen gainaldean, bada aparkaleku bat, Burgosko probintziako Berberana udalerrian kokatua.
Begiratokitik ur jauzia goitik ikusi ordez, beheko aldetik ere ikus daiteke, Delikako arroilan barrena hormaraino bertaraino iritsita. Bide hori zailagoa da, zatiren batzuk ibaiaren ohantzetik ibiliz egiten baitira.

Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dokumentatuta dagoen izenik zaharrena euskarazkoa da: Ebana[4][5] (hots, «ebakia»;[4][5] izan ere, ebaki aditzaren Erdi Aroko forma da[6] eban). X. eta XV. mendeen arteko dokumentazio historikoan eta Burgosko Berberana herriko ahozko tradizioan gorde da euskarazko izen zahar hori.[5]
Kuartangoko hainbat toponimotan ere gorde da izen hori: Haya de Ebana, Pasada de Ebana, Campillo de Ebana, Rasa de Ebana, Peña Ebana.[2]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «82536» EAEko Izendegi Geografiko Ofiziala (www.euskadi.eus) (kontsulta data: 2024-04-12).
- 1 2 3 Kuartangoko Udala, Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Euskaltzaindia. Kuartangoko mapa toponimikoa. Eusko Jaurlaritza (argitaratze data: 2013ko urria).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Salto del Nervión», Barranquismo.net, 2007-12-22.
- 1 2 (Gaztelaniaz) González de Viñaspre, Roberto; Olaziregi, Ibon; Uribarrena, Pedro. (2026). Toponimia histórica y contacto vasco-románico. Norte de Valdegovía y Ribera Alta (Álava), Berberana y Junta de Villalba de Losa (Burgos) (Euskaltzaindia) 2026-03 ISBN 979-13-991065-5-8. (kontsulta data: 2026-04-28).
- 1 2 3 Ugarte Lopez de Arkaute, Estitxu. «Roberto Gonzalez de Viñaspre: "Euskarazko izenen intentsitate handiena Losan aurkitu dugu"» Alea.eus 2026-04-18 (kontsulta data: 2026-04-28).
- ↑ «eban / ebaki» Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (Euskaltzaindia) (kontsulta data: 2026-04-28).