Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Txomin Agirre

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Txomin Agirre
Txomin Agirre.jpg
Bizitza
Izen osoa Domingo Aguirre Badiola
Jaiotza Ondarroa1864ko maiatzaren  4a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Agirre etxea eta Zumaia1920ko urtarrilaren  14a (55 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzak gaztelania
euskara
Jarduerak
Jarduerak idazlea eta apaiz katolikoa
Lan nabarmenak Kresala
Garoa
Kidetza Euskaltzaindia
Eusko Ikaskuntza
Mugimendua Euskal Pizkundea
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioa katolizismoa
Literaturaren Zubitegiko fitxa 266
Artikulu hau euskal idazleari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Agirre».

Domingo Txomin Agirre Badiola (Ondarroa, Bizkaia, 1864ko maiatzaren 4a - Agirre etxea, Zumaia, Gipuzkoa, 1920ko urtarrilaren 14a) euskal idazle eta apaiza izan zen, askoren ustez euskarazko lehen eleberrigilea.

Bere lan nagusiak Kresala (bizkaieraz) eta Garoa (gipuzkeraz) dira.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondarroan jaioa, ama bertakoa eta aita Mutrikuar arotza, familia xume baten magalean hazi zen.

Txikitatik abadetzarako gogoa sortu bazitzaion ere, familia behartsua izanik, zaila zuen ikasketak egitera joan ahal izatea, harik eta Bilboko Mariano Ibarguengoitia artziprestea ezagutu eta haren laguntzaile gisa hartu zuen arte. Gasteizko seminarioan ikasita, eta Karrantzan epe laburrean aritu ondoren, Zumaiako Karmeldarren kapilau izendatu zuten. Kargu altuagoa izateko aukerak izan bazituen ere, hauek errefusatu eta Zumaian gelditzea erabaki zuen. Geroztik, gutxitan irten zen, bertan sortu zituelarik bere lanik ezagunenak.

Euskal gaiekiko ardura handia erakutsi zuen; garaiko euskararen inguruko hainbat tirabirek, hala nola bizkaierazale eta gipuzkerazaleen artekoak, hizkuntzari kalte besterik egiten ez zioten ustekoa zen, eta beti iritziak bateratzearen alde agertu zen, Kresala bizkaieraz lehenik eta Garoa gipuzkeraz ondoren idatzi zituelarik.

1918an Eusko Ikaskuntzak Oñatiko lehen batzar hartan Euskaltzaindiaren sorrera erabaki zenean batzarkide zela, euskararen saileko taldearen zuzendaritzaz arduratu zen. Hasierako euskaltzainak lau ziren: Resurreccion Maria Azkue (euskaltzainburu), Luis Eleizalde, Arturo Kanpion eta Julio Urkixo. Hurrengo urtean, taldea zabaldu eta aukeratutako zortzien artean agertzen da Txomin Agirreren izena, baina osasun ahula zela medio ibilbide laburra egin zuen akademian. 1920ko urtarrilaren 14an hil zen Zumaiako kapeilau etxean. Txomin Agirre Ikastola sortu zen bere omenez, ikasketak egitera ezin izan zelako joan, behartsua zelako.

Pentsamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txomin Agirre Euskal Herriak aldaketa handiak jasan zituen garai batean jaio zen eta honek bere ideologian zein eleberrietan modu nabarian erasan zuen. XIX. mendearen bukaeran Euskal Herrian industrializazioa azkartzen hasia zen, bereziki bigarren karlistaldia amaitu ondoren. Bilbo, Barakaldo edo Sestao bezalako industriaguneen sorkuntzak eta bertan eraiki ziren fabrika kopuru handiak lanpostu ugari sortu zituen, denak ere kaskarrak eta gaizki ordainduak. Lan bila zebilen etorkin ugari jaso zituen Euskal Herriak, gehienak Gaztelatik etorritakoak, bertan aurrera ateratzeko zailtasunak baitzituzten, industrializazioa hasi gabe baitzegoen eta bestelako lanbideak itota. Honek aldaketa soziolinguistiko erraldoiak ekarri zituen, bereziki hiri berrietan, euskararen erabilera ia hutsera murriztu eta euskal kultura ahazten hasi baitzen. Halako egoeran, ohiturak eta euskal kultura mantentzearen aldeko zenbait mugimendu indartsu eratu ziren, arlo guztietan, horren adibide dugu Sabin Aranak sortu zuen EAJ alderdi politikoa.

Testuinguru horretan kokatu behar dugu Txomin Agirre eta haren ideologia, izan ere, ohiturazko eleberriak idatzi zituen euskal kultura eta kristautasuna sustatzeko. Hirietan zegoen giro erdalduna eta sozialista ikusirik, baserria hartu zuen garai zaharretako ohituren gotorleku gisa eta beraz, baita euskararen muin bezala ere. Euskarari zegokionean, hirikoa baserrikoa baino traketsagoa zela uste zuen eta haietara joaten ziren euskaldun baserritar askok galdu egiten zutela ere zioen. Aipatu beharra dago puntu honetan bere ikuspegiaz gain, errealitatean gertatzen zena ere islatzen zuela. Horretaz gain, euskal kulturaren eta ohitura zaharren alde ere egiten du, baserria oinarritzat hartuz, bertan iraunarazten baitira. Ohitura hauen galbide gisa hiriak hartzen zituen, bertan sortzen hasia zen kultura aniztasuna zela eta. Hau hala izanik, baserri giroa onesten du, hirietakoa gaitzesten duen bitartean. Bere ideologia borobiltzen duen puntua kristautasuna da, bera apaiz izanik, fededun sutsua baitzen. Hirietan sortzen hasiak ziren mugimendu sozialista eta ateoak ikusirik, baserriko giro kristaua goraipatzen zuen.

Bere ideologia plazaratzeko eleberrigintza baliatu zuen, besteak beste. Idatzi zituen ohiturazko eleberrietan ageri diren pertsonaiak lauak eta artifizialak dira, hau da, idealizatuta daude. Adibide garbiena Garoa eleberria dugu, bertan, Aloña mendiaren magalean dagoen baserri giroko familia baten biziaren berri ematen baitugu, izaera oso zehaztu eta finko bat duten pertsonaien bidez. Pertsonai aipagarriena Juan Andres dugu, familiako seme galdua bezala deskribatzen dena, baserria utzi eta Gaztelara joatea erabakitzen baitu, euskara eta ohitura zaharrak alde batera utziz. Kontrako aldean dugu Malentxo, familiako iloba eredugarria, ikasketetan oso trebea ez den arren, kristaua eta ohitura zaharren jarraitzaile dena. Txomin Agirrek, modu honetan, euskaldun "onaren" prototipo bat adierazten du, ondorengo baldintzak bete behar dituena: fededuna izatea, euskaraz hitz egiten jakitea, baserri giroan bizitzea, ikasketetan oso abila ez izan arren, langilea izatea, familiarekiko maitasuna eta arbasoekiko errespetua adieraztea eta naturarekiko errespetua zein ezagutza edukitzea.

Idazkera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txomin Agirre ohiturazko eleberrigintzagatik da ezaguna, azpian dagoen bibliografia atalean ikusi daitekeen moduan, estilo hartan eleberri asko idatzi baitzituen. Bere idazkerari dagokionean, deskribapenei ekintzei eta istorioaren hariari baino garrantzia handiagoa ematen die. Baserri giroko deskribapen luze eta zehatz ugari egiten ditu, baita naturako zenbait ingurunerenak ere. Deskribapen horietan onomatopeiak erabiltzen ditu, adibidez, mendiko hotsak adierazteko eta hala, idatziari musikaltasuna emateko, alderaketak ere ugariak dira, horietako batzuk hiriko munduaren eta baserri giroko munduaren artean egiten ditu, eman nahi duen mezua sendotzeko.

Narratzaileari dagokionean, narratzaile orojakile bat erabiltzen du hirugarren pertsonan. Sarritan, narratzaile honen bidez pertsonaien pentsamenduak azaleratzen ditu, bere iritzia emateaz gain, honek subjektibotasun handia ematen dio eleberriari. Denbora ostera, lineala da bere nobela guztietan, ohiturazko eleberrien ohiko ezaugarria.

Aurrez aipatu ditugun deskribapenen ondorioz, Agirreren estiloa edo idazkera motela dela esan dezakegu, gainera, estilo erretorikoa ere baliatu ohi du, garai hartan oso arrunta baitzen. Idazkerari are mantsotasun handiagoa ematen diote ondorengo baliabideek: errepikapenak, zerrendaketak, izenondoen pilaketa eta sinonimo zein antonimoen erabilera sutsua.

Euskararen erabilerari buruz mintzatzerakoan hizkuntzaren batasunaren aldekoa zela azpimarratu beharra dugu eta horregatik, kritika ugari pairatu zituela. Garai hartan indarrean zegoen sabindarren euskara garbiari ez zion bete-betean jarraitu, herri-formen eta herri hizkeraren aldekoa baitzen. Bere eleberriak bi euskalkitan idatzita daude: bizkaieraz eta gipuzkeraz. Bizkaieraz idatzitako nobelen artean ditugu Auñamendiko Lorea eta Kresala, aitzitik, Garoa gipuzkeraz idatzi zuen.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere literatur emaria oparoa izan zen, eta, bere lan ezagunenak Kresala eta Garoa badira ere, eleberriez gain, ipuin olerki, artikulu, itzulpen eta sermoiak idazten ere trebatu zen.

Nobela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beste batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Historia de Nuestra Señora de Iciar, gaztelaniaz (1895).
  • Sermoiak (2000, BBK-Labayru)
  • Leiendak (1990, Euskal Editoreen Elkartea)
  • Ipuinak (1990, Etor)
  • Olerkiak: Ai balekite, Ama bat, Sarako lorea.
  • Narrazio herrikoiak: Maiton Itzontzi, Anton Betozko.
  • Itzulpenak: Arzaken lan batzuk eta Kanpionen Larraldeko lorea antzerki lana.
  • Historia lanak: Larramendiren bizitzaren berri labur bat.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]