Djamila Bouhired

Wikipedia, Entziklopedia askea
Djamila Bouhired

Bizitza
JaiotzaAljer eta Aljerko kasbah1935eko ekaina (88 urte)
Herrialdea Aljeria
BizilekuaAlgeria (en) Itzuli
Hezkuntza
Hizkuntzakarabiera
Jarduerak
Jarduerakmilitante politikoa eta freedom fighter (en) Itzuli
Zerbitzu militarra
Parte hartutako gatazkakAljeriako Independentzia Gerra
Sinesmenak eta ideologia
Erlijioaislama
Alderdi politikoa Nazio Askatasunerako Frontea

Djamila Bouhired, (arabieraz: جميلة بوحيرد‎Jamīla Bū-Hīrad) (Aljer, 1935eko ekaina)[1] Aljeriako ekintzaile politikoa da. Kolonialismo frantsesaren aurka zegoen eta independentziaren aldeko borrokan engaiatu zen;[1] horregatik, oso gazte zela, Aljeriako Askapenerako Fronte Nazionalearekin (FLN) elkartu zen.[2]

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Djamila Bouhired erdi-mailako klaseko familia batean jaio zen. Ama tunisiarra zuen eta aita aljeriarra.[2] Aljeria kolonialeko eskola frantses batean ikasi zuen. Garai hartan bere bokazio iraultzaileaz ohartu zen[3]: Aljeriako ikasle guztiak goizero goizero «Frantzia da gure ama» errepikatzera behartuta zeudenean, Bouhired agindu horren aurka bihurritu eta «Aljeria da gure ama!» aldarrikatu zuen.[3] Esan beharrik ez dago ikastetxeko agintariek zigortu egin zutela. Ordurako, bere nebek independentziaren aldeko borroka independentistan jarduten zuten, eta Bouhiredek ere berehala bat egin zuen FLNrekin. Aljeriako independentzia gerran Aljerreko barruti autonomoko Yacef Saâdi komandantearen lotura-agente eta laguntzaile pertsonal gisa lan egin zuen.[4]

Aljerreko batailan, 1957ko apirilean, Aljerko kasbahean deitutako manifestazio handi baten aurretik, frantsesek kontrol militar batean atxilotu eta torturatu egin zuten manifestazio hari buruzko informazioa lortzeko. Bouhiredek, ordea, ez zuen inolako informaziorik eman galdeketan eta, berak geroago azaldu zuenez, "Aljeria gure ama da" errepikatu zuen torturatu zuten bitartean. Egoera latz hori 17 egunez jasan arren, ez zuen aitortu deliturik egin zuenik, ez eta FLNri buruzko informazio konfidentzialik eman.

Samia Lakhdari, Zohra Drif, Djamila Bouhired eta Hassiba Bent-Boualik osatutako pelotoiaren bertsio zinematografikoa.

1957ko uztailean, 19 urte zituela, kafetegi batean lehergailu bat jarri izana egotzi zioten eta epaitu zuten, Djamila Bouazza militante independentistarekin batera.[2] Gertaera horiek 1956ko abuztuaren 10ean hasi ziren, kasbaheko Thebes kaleko establezimendu batean bonba bat lehertu eta 11 zibil hil zirenean.[3] Geroago, baina, Frantziako zerbitzu sekretuek auzune errebelde hura izutzeko egindako eraso terrorista bat, hau da, bandera faltsuko operazio bat, izan ote zelako ustea zabaldu zen, baina gaur egun ez dago uste hori berretsi duen azalpen ofizialik.[3] Jacques Vergès abokatu frantsesak, Aljeriako kausa independentistaren jarraitzaileak, bere gain hartu zuen kasua, eta Bouhired epailearen aurrean ordezkatzea erabaki zuen. Epaiketa historikoa izan zen, eta oihartzun handia izan zuen egin zuten kanpaina mediatikoari esker. Vergèsek Frantziako gobernuari leporatu zion bere defendatuari egotzitakoak egin izana, baina, ahaleginak egin arren, Aljeriako ekintzailea gillotinaturik hiltzera kondenatu zuten.[3]

Jacques Vergès (2011)

Vergèsek bere kideekin batera erregu idatzi bat egin zuen gazte aljeriarra exekutatu ez zezaten. Horrez gain, Aljeria barneko eta kanpoko talde askok presio handia egin zuten. Marokoko Laila Ayesha printzesa, adibidez, René Coty Frantziako presidentearekin jarri zen harremanetan, eta heriotza-epaia bertan behera uzteko eskatu zion. Azkenean, barkamena iritsi zen eta heriotza zigorraren ordez bizi artekoa ezarri zioten.[3] Bouhiredek kartzelaturik egon zen Reimseko espetxean 1962 arte,[2] Aljeriako gerra amaitu baino lehentxoago, Aljeriako beste preso askorekin batera askatu baitzuten.

Vergès abokatuak esan zuen Frantziako gobernu kolonialaren jomuga bihurtu zela. Ustez, gobernuak hainbat saiakera egin zituen abokatua hiltzeko, haien artean bere etxean eta autoan bonba bana jartzea, huts egin bazuten ere. Bouhired eta Vergès Aljeriak independentzia lortu eta urtebetera ezkondu ziren, eta abokatua islamaren jarraitzaile bihurtu zen, "Mansoor" izena hartuta. Bikoteak bi seme-alaba izan zituen: Meriem eta Liess Vergès. 7 urte elkarrekin eman ondoren, bikotea 1970ean banandu zen.[5]

Bouhired Aljeria Independenteko Emakume Aljeriarren Elkarteko lehendakari izendatu zuten, eta Aljeriako gobernuko Ahmed Ben Bella presidentearen aurka agertu zen etengabe.

Bouhired Aljeria independente berrian emantzipazioaren eta sexuen arteko parekotasunaren alde borrokatu ziren emakume ugarietako bat izan zen. Hala ere, krisi ekonomikoak, biztanleriaren hazkunde esponentzialak eta alderdi anitzeko sistema politikoa ahalbidetu zuten lege berriek fundamentalismo islamiarra areagotu zuten eta, horren ondorioz, gerra zibila piztu zen. Emakumeen eta gizonen parekotasuna ez zen izan lehentasun bat deskolonizazio-historia osoan izan ziren gobernuentzat. Hala ere, Bouhiredi beti aitortu zaio ez bakarrik Aljeriako independentziaren alde eginiko lana, baita Aljeriako zein Ekialde Ertaineko emakumeen eskubideen aldekoa ere.[2]

Kartzela[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Battaglia di Algeri (1966)

Oso xehetasun gutxi konfirmatu daitezke Bouhiredek kartzelan bizi izandakoaz. Eskura dagoen informazio bakarra berak eta haren iturriek geroago kontatutakoa da. Bouhiredek adierazi zuen kartzelan egon zenean torturak jasan zituztela, bai berak eta baita bere neba-arrebek ere, horietako bat amaren aurrean.

Gaur egun[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bouhired Aljerren bizi da, Aljeriako hiriburuan, eta ez du bere konpromiso politikoa alde batera utzi. Hainbat protesta eta ibilalditan parte hartu izan du, haien artean, Aljeriako 2019ko protestetan.[6]

La Battaglia di Algeri eta beste filma batzuk[aldatu | aldatu iturburu kodea]

La Battaglia di Algeri filmean (1966) lehergailuak jartzen zituzten FLNko hiru emakume militanteetako bat da.[2] Youssef Chahine zuzendari egiptoarraren 1958ko Jamila, the Algerian filmean ere agertzen da[7], eta baita Jacques Vergèsi buruzko 2007ko L'Avocat de la terreur film dokumentalean ere.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, katalanezko wikipediako «Djamila Bouhired» artikulutik itzulia izan da, 2023-03-19 data duen 31424133 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2023-03-19 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
  1. a b (Ingelesez) Kuhlman, Erika A.. (2002). A to Z of women in world history. Infobase Publishing, 176 or. ISBN 978-0-8160-4334-7..
  2. a b c d e f (Ingelesez) «Bouhired, Djamila (1937—)» www.encyclopedia.com (Encyclopedia.com) (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  3. a b c d e f (Frantsesez) Caldera, Abel. (2018ko abuztuaren 17a). «Djamila Bouhired, el rostre de la revolució algeriana» jornada - Sèrie Resistència IV (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  4. (Ingelesez) Horne, Alistair. (2006). A savage war of peace: Algeria 1954-1962. New York Review Books ISBN 978-1-59017-218-6. (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  5. (Frantsesez) Redouoane, Kamel. (2015eko abuztuaren 9a). Un couple mythique: Jacques Vergès et Djamila Bouhired. (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  6. (Ingelesez) «Algeria: Tens of thousands protest president’s bid for fifth term» www.aljazeera.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-23).
  7. (Ingelesez) Jamila, the Algerian. Video Detective 1958-12-09 (Noiz kontsultatua: 2023-06-25).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]