Aljerko Gudua

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Aljerko Gudua
Aljeriako Independentzia Gerra
Aljerreko gudua.jpg
FLNren atentatu nagusiak, ultra aljero-frantsesen atentatuak eta frantses armadaren ekintza errepresiboak Aljerko guduaren aurretik eta bitartean.
Data 1957ko urtarrilaren 7tik urriaren 9ra
Lekua Aljer  Aljeria
Koordenatuak 36° 46′ 34″ N, 3° 03′ 36″ E / 36.776111111111°N,3.06°E / 36.776111111111; 3.06Koordenatuak: 36° 46′ 34″ N, 3° 03′ 36″ E / 36.776111111111°N,3.06°E / 36.776111111111; 3.06
Emaitza FLNren garaipen estrategikoa Frantziaren garaipen taktikoa
Gudulariak
Aljeria Nazio Askatasunerako Frontea (FLN) Frantzia Frantzia
Buruzagiak
Aljeria Abane Ramdane
Aljeria Krim Belkacem
Aljeria Larbi Ben M'hidi
Aljeria Benyoucef Benkhedda
Aljeria Saad Dahlab
Aljeria Yacef Saadi
Aljeria Ali la Pointe

Frantzia Jacques Massu
Frantzia Marcel Bigeard Frantzia Yves Godard
Frantzia Roger Trinquier
Frantzia Pierre Paul Jeanpierre
Frantzia Paul Aussaresses

Frantzia Paul-Alain Léger
Indarra
5.000 militante[1],[2] 8.000 paraxutista
1.500 jendarme[3]
Galerak
1.000-3.000 hildako edo desagertu.[4][5] 300 hildako
900 zauritu (1956 eta 1957 bitarteko atentatuetan).[6]

Aljerko Gudua 1957an gertatu zen Aljerren, Aljeriako Independentzia Gerraren barruan, eta aurrez aurre jarri zituen, batetik, frantses armadaren paraxutisten 10. dibisioa eta Nazio Askatasunerako Fronteko (FLN) aljeriarrak. FLNk egindako hainbat atentaturen ondoren, botere zibilak haren eskumen guztiak Massu jeneralaren eskuetan utzi zuen 1957ko urrian, legezko eremutik erabat kanpo, FLNren antolakuntza desegiteko eta atentatuekin behingoz amaitzeko.

1956tik biolentzia gorantz egin zuen Aljeria osoan, eta bereziki, Aljerren, Robert Lacostek, ministro egoiliar eta Algeriako gobernari orokorrak, 1956ko martxoan Nazio Biltzarrak emandako botere bereziak erabiltzen hasi zen unetik. Lacostek Massuri, paraxutisten 10. dibisioko komandanteari, Aljer baketzeko mandatua eman zion. 1957ko urtarrilaren 8an Massu hirian sartu zen 8.000 paraxutisten laguntzarekin eta gerra-legea ezarri zuen. FLNek erantzungo zuen atentatu gehiago eta greba orokor baten deialdiarekin 1957ko urtarrilaren 28rako. Armadak, ordainean, hiria sektoreetan banatu eta auzo musulmanak zedarritu zituen. Errepresio zorrotza ezarri eta atxiloketa masiboak egiten hasi zen armadak, eta atxilotutako askok torturak jasan zituzten.[7] Estrategia horri esker Aljerko barruti autonomoko antolakuntzari kolpe handia eman zitzaion, eta ondorioz, buruzagi askok Aljer uztera behartu zituen eta zenbait buruzagi atxilotu zituzten, besteak beste, Larbi Ben M'hidi eta Yacef Saadi.

Gudua frantses armadak irabazi zuen, izan ere, atentatuak eta FLNren gerrila urbanoa ezabatu eta ordena berriro ezarri baitzituen, baina krisi moral bat ireki zuen zeren erabilitako metodoak ez zituzten guztiek onartu.[8] 1957ko martxoaren 28an, Jacques Pâris de Bollardière, torturaren erabilpenaren aurkakoa zena, funtzioetatik ordeztua izatea eskatu zuen. Intelektualek eta funtzionarioek, eta baita Aljerian aritutako zenbait erreserbistek ere, bat egin zuten berarekin. 1957ko irailaren 12an, Paul Teitgenek, erresistentziako kide ohia, katolikoa, Aljerko poliziako idazkari orokorra, dimisioa eman zuen Massu jeneralak erabilitako metodoen aurkako protesta gisa.

Nahiz eta zentsura handia egon, frantsesek Aljeriako gerraren atal ezezagunenak ezagutu zituzten, eta bitartean, Aljerian, bertako populazioan FLNaren inguruko solidaritatea handitu zen. Bestalde, Aljeriako frantsesek, hiru hilabetez FLNren atentatuak jasan zituztenak, ez zuten ahaztuko Massu jeneralak egindako lana eta "Aljerko batailaren irabazle" izendatuko zuten eta babesa eman zioten 1958ko maiatzeko krisian, Osasun Publikorako Batzordea sortu zuenean,[9] eta baita bigarren aldi batean ere, De Gaulle jeneralak Aljerian zeraman politika kritikatu ondoren, metropolira itzuli zenean, barrikaden astea delakoa piztuko zuena.

Aljerko gudua Aljeriako gerrako atalik odoltsuenetakoa izan zen. Gerra 1962an amaitu zen eta Aljeriak bere independentzia lortu zuen.

Aljerko Kasbah «hiriko makia», FLNeko buruzagientzat klandestinitatean ibiltzeko toki egokia eta Aljerko barruti autonomoaren Estatu Nagusia.


Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Aljerko Gudua» adierazpenaren erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Borrokarako tresna nagusiak izan ziren,[10] batetik, atentatuak, eta bestetik, atxiloketak eta galdeketak. Arrazoi horiengatik, zenbait historialarik uste dute hobe dela hitz egitea polizia operazio handi batez, beste batzuk, aldiz, inteligentzia gudu batez, gertaeraren biolentzia gutxietsi gabe, hiriko biztanleak zailtasun fisikoen eta psikologikoen aurrean jarri zuena, baina nolanahi ere landa eremuetan jasan zirenak baina txikiagoak gertatu zirenak. Massu jeneralak, bere La vraie bataille d'Alger (Aljerko benetako gudua)[11] lanean dio «Aljerko gudua» adierazpena Yacef Saadiri hartu ziola maileguan, 1962an hark argitaratu zuen Souvenirs de la bataille d'Alger liburutik.[12] Azken honek, ordea, adierazten du jeneralak dagoeneko erabili zuela termino hori 1957ko ekainaren 13ko gutun batean. Hala eta guztiz ere, terminoa argi agertzen da Robert Lacostek 1957ko apirilaren 3an bidalitako zuzentarau batean zeinetan bere burua zoriondu zuen «Aljerko gudua»n izandako garaipenagatik.[13]


Saadiren arabera, terminoaren sortzailea Radio Algerreko Jacques Le Prévost kazetaria izan zen, Saadiren ustez, FLNren aurka lerrokatu zena eta irratiaren aurkako bonba bat pairatu zuena 1957ko urtarrilaren 14an.[12]

Buruzagi militar nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jacques Massu jenerala: Paraxutisten 10. dibisioko buruzagia zen eta ahal osoak eman zitzaizkion Arjelian. Aljerko guduko operazioen zuzendaria izan zen.
  • Marcel Bigeard koronela: bere erregimentuak, Kolonietako paraxutisten 3. erregimentua (RPC), Aljerko guduan parte hartu zuen Paraxutisten 10. dibisioaren barruan.
  • Yves Godard koronela Massu jeneralak "Aljer Sahel" sektoreko estatu nagusi izendatu zuen eta bere gainean geratu ziren polizia eskumen guztiak. Léger kapitainarekin batera Informaziorako eta Ustiapenerako Taldea sortu zuen. Aljerko guduko bigarren fasea zuzendu zuen (ekaina-urria).
  • Pierre Paul Jeanpierre teniente-koronela: Paraxutisten 1. atzerriko erregimentuaren buru izan zen Aljerko guduko bigarren faseko momenturik gogorrenetan. Yacef Saadik zauritu zuen hura Kasbahan atxilotua izan zen egun berean, 1957ko irailaren 24an.
  • Paul-Alain Léger kapitaina: Aljerko guduko bigarren fasean Godard koronelaren laguntzailea (ekaina-urria) eta Aljerko barruti autonomoa infiltratutakoa Bleudite operazio ezagunaren barrua.
  • Paul Aussaresses komandantea: chargé de la liaison avec la police au PC du général Massu jeneralaren poliziarekiko loturaren arduraduna, urtarrila eta ekaina bitarte Paraxutisten ekintzen gainbegiratzailea izan zen.
  • Jacques Pâris de Bollardière jenerala: Mitidjako sektore baten arduraduna zen, eta Massurekin izandako desakordioak tarteko, ordeztua izatea eskatu zuen 1957an.

FLNren buruzagi nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Protagonistak
  • Abane Ramdane: arduradun politiko eta ekonomikoa, eta CCEko kidea Aljerko guduaren lehenengo fasean.
  • Krim Belkacem: konexioen arduraduna, estatu nagusiko burua, borroka armatuaren estratega eta CCEko kidea Aljerko guduaren lehenengo fasean.
  • Larbi Ben M'Hidi, El Hakim : ekintza armatuaren arduraduna Aljerren eta CCEko kidea.
  • Benyoucef Benkhedda, arduradun politikoa eta CCEko kidea Aljerko guduaren lehenengo fasean.
  • Yacef Saadi, Si Djaâfar, Réda Lee ezizenez : Ben M'Hidiren ondokoa, bonba-sarearen arduraduna, Aljerko barruti autonomoko arduraduna eta Aljerko guduko bigarren faseko ikur enblematikoa.
  • Ali la Pointe: Yacef Saadiren ondokoa.
  • Chérif Debih: Si Mourad ezizenez, Aljerko barruti autonomoko komisario politikoa eta, Yacef Saadiren agindupean, bonba-sarearen arduraduna. Eraila izan zen Ramel kidearekin batera paraxutisten aurka Kasbahan gertatu egiazko gudu batean 1957ko irailean.
  • Haffaf Arezki, Houd ezinenez: Aljerko barruti autonomoko informazio eta konexio arduraduna.

FLNek "bonba-sarerako" errekrutatutako emakumeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hassiba Ben Bouali Yacef Saadiren Aljerko barruti autonomoko bonba-sarean sartu zen. Ali la Pointe, Petit Omar eta Hamid Bouhmidi taldekideekin batera hil zen Kasbahan zuten ezkutalekuan, Abdérrames kaleko 5. zenbakian. Paraxutistek etxea dinamitatu zuten.

Testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Bonba-sareko» neskak
Ezker-eskuin: Samia Lakhdari, Zohra Drif, Djamila Bouhired et Hassiba Ben Bouali
Aljerko Le Milk-Bar 2011n, bertan gertatu zen 1956ko irailaren 30eko atentatu ikusgarria. Ondorioak: 4 hildako eta 55 zauritu.

1955ko martxoan, Rabah Bitat, FLNko burua Aljerren, garai horretan 585.000 biztanle zituela[14], atxilotua izan zen. Abane Ramdanek hartu zuen orduan hiriburuko zuzendaritza politikoa. Ramdane kartzelatik atera berria zen eta Kabiliatik bidali zuten espresuki. Denbora gutxian indarrak batu eta FLN hirian berrezartzea lortu zuen horretarako Aljerko barruti autonomoa (Zone autonome d'Alger, ZAA) sortuz. [15]. Khalfa Mameri biografoaren arabera, Ramdanek estrategia bat ezarri nahi zuen martxan "errepresioaren bizkortze boluntarioa" zeritzona, horren bidez, aljeriar guztiak FLNren inguruan biltzeko. 1956ko martxoaren 19an heriotzara zigortutako bi exekutatuak gertatu ondoren, mehatxu foileto bat zabalarazi zuen: «Gillotinatua den maki bakoitzeko ehun frantziar erailko dira inongo bereizketarik gabe»[16]. Ekainaren 20a eta 22a artean, 49 pertsona hil edo zauritu gertatu ziren hiriko kaleetan 72 atentaturen ondorioz.[17].

1956an, "Aljeriako afera" Nazio Batuen Erakundean eztabaidatua behar zela eta, Abane Ramdanek eta Larbi Ben M'Hidik erabaki zuten, Soummamen kongresuaren ondotik, gatazkari ikusgarritasun handiagoa ematearren, operazioak hiriburuan, Aljerren, biziagotzea eta kontzentratzea.[18].

Aldi berean, isilpeko negoziazioak abiatu ziren Belgraden eta Erroman 1956ko udaran. Uztailaren 19an atentatu bat gertatu zen Bab El-Oued Aljerko europar auzoan:FLNren komando batek zibilak amitrailatu zituen eta pertsona hildako bat eta hiru zauritu gertatu ziren.[19]. Errepresalia gisa, Arjelia frantsesaren aldeko erradikalenak talde paramilitarretan antolatzen hasi ziren André Achiaryren gidaritzapean, SDECEko ofizial ohia eta Sétifeko masakrean (1945) Constantinoiseko prefeta ordea izandakoa.[20] Robert Martelek sortutako Ipar-Afrikako Batasun Frantseseko kideekin batera, Achiaryk Thèbes kalea atentatua antolatu zuen, Aljerko Kasbahan, 1956ko abuztuaren 10ean. 16 hildako eta 57 zauritu suertatu ziren, eta norabide aldaketa bat eragin zuen Aljeriako gerran.[20] Horrela, Patrick Rotmanek L'Ennemi intime (2002) filman zera nabarmentzen du, «Aljeriako gerra bi urte baino lehenago hasteagatik, Aljerren behintzat kontra-terrirismoa terrorismoa bera baino lehenagokoa dela».[20] Horri Guy Pervillé historialariak erantzuten dio esanez ahantzi egiten dela atentatu kontra-terroristak 1956ko ekainean hasitako atentatu sailari emandako erantzuna izan zela.[16]. Yacef Saâdik, garai hartan FLNren Aljerko barrutik autonomoko buruzagi militarra zenak, Marie-Monique Robin kazetariari honela adierazi zion :

« Thèbes kaleko atentatua gertatu arte, guk Aljerren egiten genituen atentatuak atxiloketa masiboen edo exekuzioen aurreko erantzunak baino ez ziren. Baina ordutik aurrera, ez genuen beste aukerarik izan: amorruz beteriko Kasbahako biztanleak europarren hirira joaten hasi ziren haien hildakoak mendekatzera. Zailtasuna handiak izan nituen haiek geldiarazteko, terraza gainetan harenga eginez, odolustea saihestearren. Zin egin nien FLNek haien partez mendekatuko zituela.[20]. »


Bake negoziazioak hautsi ziren eta, orduan, Guy Molleten (SFIO) gobernuak negoziazio politikak ixtea erabaki zuen. Larbi Ben M'hidik erabaki zuen europar hirira ekintza terroristak zabaltzea, batetik, arabiar burgesia bereganatzeko, eta bestetik, Aljer gertatu beharrekoa bai hiriguneko eta bai nazioarteko iritzi publikoan oihartzuna izateko.[21] FLNko zenbait arduradun gillotinara bidaliak izan ondoren, jarraibide hauek eman zituen: «Akabatu ezazue edozein hemezortzi eta berrogeita hamalau urte bitarteko europar. Emakumerik ez, haurrik ez, zaharrik ez.»[22]

Atentatuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yacef Saadi Bonba-sarea sortu zuen eta emakumezkoak izan ziren bonba horiek jartzeko ardura izan zutenak. Horietako bat Annie Steiner, frantses aljeriarra izan zen. 1956Ko urriaren 15ean atxilotu zuten eta 5 urteko kartzelaldira zigortu zuten.

1956ko irailaren 30 bi bonbek eztanda egin zuten Milk Bar tabernan (Emile Bakouchek kudeatua) eta Cafétérian, eta 4 hildako eta 52 zauritu gertatu ziren (horien artean, Danielle Michel-Chich): «Hasi da Aljerko gudua, eta horrekin batera, antolakuntza politiko baten esperantza uxatzen da, bestetik, ez pied-noirdek ez armadak inoiz nahi izan ez dutena. » (Robin, 2004)[21]

FLNko kanpo ordezkaritzaren arduradunak, Hocine Aït Ahmed, Ahmed Ben Bella, Mohamed Boudiaf, Mohamed Khider eta Mostefa Lacheraf, atxilotu zituzten 1956ko urriaren 22, zioazen hegazkinaren desbideratze baten ondorioz.[23] Hegazkinak Rabatetik Tunisera eraman behar zituen ordezkariak, FLNko buruzagi historikoekin eta Marokoko sultanaren eta Habib Bourguiba presidentearen laguntzaz, irtenbide negoziatu baten bila bilduko zituen konferentzia batera.[20] Abenduan, Suezko krisialdiko porrotaren ondoren, armadarentzat bereziki mingarria izan zena, kontrainsurjentziaren aldekoa zen Raoul Salan jenerala izendatu zuten armadaren komandante nagusia Algerian.[24] Frantziar Batasunaren aldeko Gudarien Elkarteko (ACUF, Association des combattants de l'Union française) presidente ohia izanik, Salan Indotxinako gerrako beteranoz inguratuko da, horien artean, Dulac, Goussault, Allard jeneralak edo Roger Trinquier teniente-koronela, La Guerre moderne"" (1961) idatzi zuena.[25].

Eskumen guztiak Massurentzat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957ko urtarrilaren 4an, Guy Mollet kontseiluko presidenteak erabaki zen Massu jeneralari botere zibil eta militar osoak ematea. Erabaki hori Matignonen egindako bilera batean hartu zen eta bertan ziren Robert Lacoste, Aljeriako Gobernadore Orokorra ("Egoiliar Orokor" berrizendatua izango dena), Christian Pineau, kanpo arazoetarako ministroa, Paul Ramadier finantza ministroa, Maurice Bourgès-Maunoury defentsa ministroa eta Lecheroy koronelaren "kontrainsurjentzia gerraren" aldeko sutsua zena,[26], eta bere bi estatu idazkariak, Max Lejeune eta Louis Laforêt.[27] Ministro kontseiluak François Mitterrandi enkargatu zion zion, gara hartan justizia ministro zena, Nazio Biltzarraren aurrean armadari botere bereziak emateko lege proiektuaren defentsa.

Ondorioz, Massu jeneralak, polizia eta bere paraxutisten dibisioa kontrolatu ez ezik, segurtasunerako eta defentsarako beste talde guztien kontrola erdietsi zuen: udaltzaingoa eta polizia judiziala, DSTa, Informazio eta Ustiapen Taldea (GRE), SDECE (kontra-espioitza zerbitzua) eta haren beso armatua, le Choc, le zouaves erregimendua Kasbahan ezarria zegoena, Afrikako Ehiztarien erregimenduko 350 zaldun, Dragoien erregimenduko 400 soldadu, Interbentziorako eta Errekonozimendurako taldeko 650 soldadu, 1.100 polizia, 55 jendarme, 920 CRS, Lurralde Unitateetako (UT) 1.500, funtsean, pied-noir ultrez osatua eta Jean-Robert Thomazo koronelak zuzendua.[28]

1957ko urtarrilaren 7an, Serge Barret prefetak, Lacoste ministro egoiliarraren aginduz, Mussuren aldeko botere ordezkaritza bat sinatu zuen non adierazten duen «Aljerko departamentu osoan, eta agindu hau sinatzen unetik, ordena mantentzeko ardura agintaritza militarrari ematen zaio, eta azken honek, normalean agintaritza zibilari dagozkion polizia eskumenak egikarituko ditu»[29].

Armadak, beraz, poliziari zegozkion eskumenak bereganatu zituen eta poliziaren zereginak bere gain geratu ziren, alde nabarmen batekin, eskumen horiek marko judizialetik kanpo egikaritu zitzakeela.[29] Jacques Pâris de Bollardière jenerala, metodo horiek errefusatzeagatik 60 eguneko atxiloketa izen zuena, honela esan zuen: 《Armadak, gutxinaka gutxinaka, boterearen tresna guztiak konkistatu ditu, judiziala barne, eta Estatuaren barruko Estatu bat bilakatu da》.[29] Pierre Vidal-Naquet historialariak are zorrotzagoa izan zen esan zuenean 1957ko urtarrilaren 7a 《botere publikoa botere militarraren aitzinean kapitulatu zueneko eguna izan zela, Errepublikarena jeneralen aitzinean》.[30]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gatazkaren eztanda[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1957ko urtarrilaren 7an Paraxutisten 10. dibisioko 8.000 soldadu sartu ziren Aljerren hiria "baketzeko" gertatzen ari ziren atentatuen aurrean. Egiptotik bueltan zetozen, izan ere, Egipton britainiarrekin batera, Nasser koronelaren (FLNren aliatua) aurka garaipena lortu baitzuten Suezko krisialdian.[18] Dibisioaren buruzagia Jacques Massu jenerala zen, Robert Lacosterengandik eskumen osoak jaso zituena, eta laguntzaile gisa zituen koronelak ziren Marcel Bigeard, Roger Trinquier, Fossey-François Yves Godard eta Paul-Alain Léger.

Paraxutisten iritsierari FLNek atentatu kate batekin erantzun zuen. Batez ere hilgarria urtarrilaren 26koa izan zen, bonbek hiriko hiru kafetan eztanda egin eta 5 hidako eta 34 zuritu utzi zutenean. Ondoren FLNk greba orokorrerako deia egiten du urtarrilaren 28rako, termino hauetan «eskatzen den denboran zehar lanari uzten ez badiozu, Nazio Askatasunerako Armadak gupidarik zu ezabatzeko beharrean ikusiko da zauden tokian zaudela»[31]. Paraxutistek greba hautsi zuten eta dendak irekitzera behartu zituzten dendariak. Horretarako, kamioeitan joan ziren biltzen etxez etxe langileak eta funtzionarioak.

Aussaresses jeneralarean unitateak, heriotzaren eskuadroi gisa ere ezaguna, 24.000 pertsona atxilotu zituela aitortu zuen Aljerko guduaren lehenengo sei hilabeteetan, eta horietatik 3.000 tirokatuak izan ziren.[32],[33].

1957ko udaberrian zehar, batez besteko 800 atentatu hileko (tiroketak eta leherketak) gertatu ziren hirian. FLNren Tunisko CCEren (Comité de coordination et d'exécution) direktiba batek horrela zioen: « hamar pertsona hiltzen eta beste berrogeita hamar zauritzen dituen bonba baten baliokide psikologikoa frantziar batailoi oso baten desagerpena da »[34].

Miaketak Kasbahan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Gégène» ezaguna, paraxutistek torturatzeko erabili zuten generadore elektrikoa

Armadako tropek hiria patruilatzen zuten, leku publikoen sarrerak zaintzen zuten eta Kasbah osoa alsnbre-arantzadunez inguratu zuten. Neurri hauek gehiago ziren europarrei segurtasun irudia emateko FLN bera kaltetzeko baino. Trinquier koronelak martxan jarri zuen DPU delakoa (Hiri babeserako dispositiboa), eta ondorioz, sistematikoki etxe bakoitzeko bizilagun guztiak fitxatzen hasi ziren eta bloke bakoitzeko arduradun bat izendatzen. Arduradunak mugimendu guztien berri eman behar zuen, irteerak eta sarrerak. Iristen zirenak sistematikoki miatuak izaten ziren lotura gisa etorritako klandestinoak edo makiak antzemateko. Jean-Charles Jauffret historialariaren arabera, « guzti honek gogora ekartzen zuen Hirugarren Reichak eta Stalinek ezarritako hiri antolakuntza».[35] Etxeratze-aginduen aukera ematen zuten susmagarriak euren etxean atxilotzeko, orduko legaltasunari kasurik egin gabe. Atxilotu extra judizial hauek, atxiloketa eta tortura zentroetan itaunduak izan ostean, exekutatu ala «leheneratu» egiten zituzten. Bigarren kasuan, bleus de chauffe edo hiri babeserako dispositiboen partaide izatera pasatzen ziren. Kasu gutxi batzutan agintaritza judizialaren aurrean eraman zituzten, eta kontrako probarik aurkitu ezean, askatzen zituzten.[24] Alde batetik, exekuzioak disimulatu egiten ziren eta pentsarazten zen ihes saiakeren ondorioz gertatu zirela, eta horrela, legezko itxura ematen zitzaien. Beste batzuk, klandestinoki egiten ziren: atxilotuak helikoptero batera igo eta itsasora jaurtitzen ziren (les « crevettes Bigeard »[36]). Agintari judizialek ere ez zekiten zenbat atxiloketa zentro zeuden, armadak erabat isilpean gordetzen baitzuten.

Otsailaren amaieran paraxutistek erabiltzeko prest zegoen bonbez betetako gordeleku bat aurkitu zuten. Bigarren bulegoak sarean gora egin eta goragoko karguak antzeman zituen, datuak bildu, susmagarriak atxilotu eta hitz eginarazten zituen. Diru biltzaileak identifikatzen hasi ziren, eta apika apika, sarea desegiten hasi ziren. Otsailaren 16an, Bigeard koronelaren gizonek Larbi Ben M'hidi harrapatu zuten, Aljerko ekintza armatuen koordinatzailea. Torturatu ostean, egun batzuk geroago zintzilikatu eta exekutatu egin zuten (martxoak 5).FLNren buruzagiek, bereziki Abane Ramdane eta Krim Belkacem, Aljertik alde egin zuten.

Torturaren erabilpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tortura (gégène, bainuontzia, etc.) sistematikoki erabili zen terroristak hitz eginarazteko. Independentista asko justiziaren aurrean jarri zituzten, baina beste batzuk epaiketarik gabe "desagertu" egin ziren.[37] Aldi berean, poliziaren eta DSTren fitxategiak baliatuz, armadak FLN laguntzen zuten europarrak atxilotu zituen eta horietako batzuk kondenatuak eta fusilatuak izan ziren, atxiloketan bertan hilda gertatzen ez baziren, Maurice Audin matematikari gaztea bezala.[38] Raphaëlle Branche historialariaren arabera:

« [...] garai hartan, tortura masiboki erabilia izan zen Aljerren eta ez informazioa lortzeko helburuarekin soilik, maiz esan izan den bezala, baizik populazioa ikaratzeko. [...] dagoeneko guztiak ukitzen zituen, arraza eta sexu bereizketarik gabe. Bestela esanda, europarrak ere torturatu zituen frantses armadak. Eta torturaren praktikak hilabete horietan hartu zuen hedapena denongatik aski ezaguna izan zen berrikuntza gertatu zen. Komunistak, progresistak, eta gizarte etxeetako kideak atxilotuak izan ziren, isilpean atxilotuak, Aljerren torturatuak 1957 urtearen lehen hilabeteetan, RCParen eskuetan, baina baita beste batzuen eskuetan ere. Bazirudien erregimentu bat europarretan soilik espezializatu zela: REP, villa Susinin oinarri zuten legionarioak [...]. Sexuen arteko bereizketarik ez zen egiten: emakumezkoak ere atxilotuak eta torturatuak izaten ziren, eta hori ere, berrikuntza gertatu zen.[39]. »


Aljeriako gerraren hasieratik protestak egon ziren metropolian itaunketa zenbait metodoren aurka, baina oihartzunik ez zuten izan 1957ko urtarrila arte. Urtarrilaren amaieran, parlamentariz osatutako batzorde batek ikerketak hasi zituen Orango zerbitzu baten inguruan jatorri aljeriarreko edo europarreko atxilotuen kexen ondorioz. Batzorde honek gertakari kezkagarriak baieztatu zituen baina ez torturaren erabilpena, izan ere, «salbuespeneko legeak erabat justifikatzen baitira Aljerian eta ezingo genituzke zalantza jarri DST ikertzaileei irekitako prozeduraren bitartez»[40] Témoignage chrétien egunkariak eztabaida bat ireki zuen 1957ko otsailean, eta France-Observateur eta L'Express aldizkariek segida eman zioten ere eztabaidari. Hainbat pertsonalitatek euren burua kokatuko dute. Martxoaren 25ean, René Capitantek Parisko Unibertsitatean ematen zituen zuzenbide ikastaroak bertan behera utzi zituen Ali Boumendjel ikasle ohiaren heriotz susmagarriaren ondotik, izatez, bere buruaz beste egin zuela esan baitzuten. Jacques Pâris de Bollardière jeneralak bere desadostasuna agertzeko haren zereginetatik baztertua izateko eskaera egin zuen 1957ko martxoaren 28an. Paul Teitgenek, Aljerko poliziaren idazkari orokorrak, erresistentziako kide ohia eta katolikoa, gauza berdina egingo zuen irailean eta Aljerian gertatzen ari zen torturaren aurka mintzatu zen ere. Vercors idazleak uko egin zion Ohorezko Legioa jasotzeari. Martxoaren hasieran, Guy Molleten gobernuak salbaguardia batzorde bat sortu zuen, 1957ko irailaren 7an txosten bat argitaratuko zuena non azpimarratzen zen «errebelioaren basakeria»[41] baina onartzen zuen tarteka militarrek egindako gehiegikeriak egon zirela, arauek kontrakoak zirenak, nahiz eta sistema orokortua bat zenik baztertu.

Infiltrazioak FLNren sarean[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aljerko Kasbah, 2011ko abenduan, leherketa eta 54 urte geroago, Ali la Pointen ezkutalekuaren hondakinak.

1957ko udara bihurgune izango da Aljerko guduan. Ekainaren 4an, faroletan ezkutatutako lau lehergailuk eztanda egin zuten 18:30a inguruan, bulegotik irteteko orduan, Aljerko autobus geltokitik gertu, eta ondorioz, 10 hildako (3 haur) eta 92 zauritu (33 anputatu) eragin zituen. Ekainaren 9an bonba berri batek egin zuen eztanda Aljerren, Erlaitzetako kasinoan, gazteentzako dantzaleko ezaguna, batez ere Bab-el-Ouedeko judutarrentzat, baina baita ere garai horretan atxiloketa gunea zena.[42]. Lehergailuak, orkestraren oholtzaren azpian jarria, zortzi pertsona hil eta ehun inguru zauritu zituen.[43].

Gobernuak paraxutistak deitu zituen eta Massuri botere osoa eman zion berriro. Oraingoan, bazegoen berrikuntza bat: « Bleuite (infiltrazioa eta intoxikazio kanpaina)» eta haren bleus de chauffeak: FLNko militante ohi damutuak, Léger kapitainaren Informazio eta ustiapen taldearentzat lanean zihardutenak (GRE) Aljerko Kasbahan. Ez zuten informazioa pasa soilik baizik eta sarean bertan infiltratu ziren. Abuztuaren bukaerarako, 14 lehergailu aurkitu zituzten eta Aljerko barruti autonomoko estatu nagusikoa kideak, hilak, kartzelan edo damutuak ziren, bi hauek salbu: Yacef Saadi buruzagia, eta haren laguntzailea, Ali la Pointe. Irailaren 24an Yacef Saadi atxilotu zuten, eta urriaren 8an, Ali la Pointe hila gertatu zen haren ezkutalekua osorik lehertzeko prestatu bonba baten ondorioz. Ali la Pointen gorpua Hassène Guendrichek identifikatu zuen, goitizenez Zerrouk, Léger kapitainaren bleus-de-chauffe kolaboratzaileetako bat, garai batean Saadiren laguntzailea izandakoa eta 1957ko abuztuaren 6an atxilotu eta damutu zena, Saadik eta Ali la Pointek ezer jakin gabe.[44].

Balantzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Taktikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

FLNren arma-gordailuak aurkitu ziren, sarea desegin zen eta FLNren buruzagi nagusiak identifikatuak, lokalizatuak eta atxilotuak izan ziren. FLNk Aljerrek zuen sarea desagertu zen, geratzen ziren kideak Paul-Alain Léger kapitainak damuarazi zituen, eta Aljerrek ez zuen FLNren atentaturik ezagutu gerra amaitu bitarte.

Politikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Aljerko gudua, bere horretan funtsean polizia-operazio bat izan zena, Frantziako armadak irabazi, kontuan harturik bi aldeek erabilitako metodoak debekatuak zeudela gerra zuzenbidean,[45] Frantziako iritzi publikoak zalantzan jarri zituen ondorengo gobernuek egin zituzten "baketze" operazio guztiak. Izatez, FLNrik nazioarteko oihartzuna eman zion.[15] «Aljeriako gerrak» ez zuen oraindik «Gerra» izenik, ofizialki ordena mantentzeko operazio bat baino ez zen.

Alta, frantses armadak hirian egin operazio antiterrorista erreferente bilakatu zen, arrakasta eredu bat mendebaldeko estatu nagusientzat, amerikarrentzat bereziki, eredu hori beranduago erabiliko baitzuten antigerrila moduko borroketan eta baita Irakeko gerran ere. Hala, Roger Trinquier nazioarte mailako kontrainsurjentzia gerraren teoriko bilakatu zen, bestea beste, 1961ean argitaratu zuen bere lehen lanari esker, Gerra modernoa (La Guerre Moderne), Estatu Batuetan Modern Warfare: A French View of Counterinsurgency bezala itzuli zena.[46]

Humanoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guy Pervillék, Massu jeneralak aurreratutako datuak hartuta, Aljerko barruti autonomoaren galerak "milatik behera, eta hildakoak hirurehun inguru" izan zirela adierazi zuen.[47],[48].

Atentatuen ondorioz gertatu ziren hildakoak 314 izan ziren eta zaurituak 917, hamalau hilabetean gertatu ziren 751 atentatutan.[49]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Gilbert Meynier, Histoire intérieure du FLN (1954-1962), page : 326, Fayard, 2002, ISBN 2-213-61377-X
  2. Serge Bromberger, Les Rebelles algériens, pages : 156-157. Paris, Plon, 1958
  3. Alistair Horne, A Savage War of Peace: Algeria 1954-1962, 1977, New York Review (2006), 188 or. (ISBN 978-1-59017-218-6)
  4. (Frantsesez) Ikus Crevette Bigeard
  5. Massu jeneralak 1.000 biktima baino gutxiago iragarri zuen. 3.000ko kopurua Paul Teitgenek aurreratu zuen eta Aljerko departamentuean desagertutakoan hartzen ditu kontuan. cf Benjamin Stora eta Mohammed Harbi (dir.), La guerre d'Algérie : 1954-2004, la fin de l'amnésie, Paris, Robert Laffont, 2004, 728 p. (ISBN 2-221-10024-7), 489. or.
  6. (Frantsesez)  Benjamin Stora; Mohammed Harbi (2004) La guerre d'Algérie, 1954-2004, la fin de l'amnésie Paris: Robert Laffont 728. orrialdeak SH ISBN 2-221-10024-7 ..
  7.   «Aljeriakoak oraino soldadu frantsesei loa galarazten die» Argia . Noiz kontsultatua: 2018-01-01 .
  8. Polemika liburu batek piztu zuen batez ere, Henri Allegeren La question, 1958koa.
  9. (Frantsesez)  «Jacques Massu, le général repenti» Le Monde 2002-10-29 ..
  10. Marcel Bigeard, operazioan zuzenean parte hartu zuen ofizial paraxutistaren arabera, « gudua » izendapena maloprismo baten ondorioa da: "Ez zen gudu bat izan, baizik, besterik gabe, polizia operazio bat". cf Marcel Bigeard, Pour une parcelle de gloire, 276. or. , Robin-Escadronsen aipatu, 100.or.
  11. La vraie Bataille d'Alger, Plon, Évreux 1971, 55. or.
  12. a b Yaacef Saâdi, La Bataille d'Alger, Julliard, 1962, (2002, Publisud)
  13. Yves Courrière, La guerre d'Algérie Tome III : L'heure des colonels Bilduam : Le Livre de poche, 3750 zbk, Librairie Générale Française, 1982 ISBN 2253000914, 100. or.
  14.   2009-8-22 .
  15. a b Guy Pervillé, « Terrorisme et torture: la bataille d’Alger de 1957 », L'Histoire, 214 zbk. (1997 urria). On line irakurri (Frantsesez) On line irakurri (Frantsesez)
  16. a b Guy Pervillé, Terrorisme et répression s’affrontent dans Alger, 2001 ; On line
  17. Guy Pervillé, Bataille d'Alger, in L'Algérie et la France Jeannine Verdès-Lerouxek koordinatutako hiztegia, Robert Laffont 2009, 98. or. ; ISBN 978-2-221-10946-5
  18. a b « la bataille d’Alger, par Benjamin Stora », Benjamin Storarekin elkarrizketa, L’Express 2007ko urtarrilaren 5ean.
  19. 1956 la bataille d'Alger et des djebels Guy Mollet
  20. a b c d e Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 86. or.
  21. a b Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française [détail des éditions], 2008, 87. or.
  22. Yves Courrière, Le Temps des léopards, Paris, Fayard, 1969, Alger, éditions Rahma, 1993, 357-358 or.
  23.   L'affaire du F. OABV (Maroc c. France) in Annuaire français du droit international 1958, . Noiz kontsultatua: 2017-9-12 .
  24. a b Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, La Découverte, Paris, 2004, 2008, ISBN : 2707141631
  25. Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 89. or
  26. Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, VI. kap., « Une justice taillée sur mesure, ou vers une législation d'exception », 82. or
  27. Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, VII. kap., « La bataille d'Alger : le pouvoir civil abdique », 94. or.
  28. Zenbaki guztientzat, ikus Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 94. or
  29. a b c Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 95. or.
  30. Pierre Vidal-Naquet, Les Crimes de l'armée française, 1954-1962, 82. or, cit. 104. or. in Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008.
  31. La bataille d'Alger, Jacques Le Prévost, 11. or.
  32. Heriotzaren eskuadroi terminoa dagoeneko Aussaresses jeneralaren unitatea izendatzeko erabiltzen zen. Honen inguruan gehiago jakiteko, ikus 24.000 atxiloketentzat eta 3.000 desagertuentzat, Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, (2008, 106-107. or. ; egileak Aussaressesekin egindako elkarrizketa 2003an)
  33. Guy Pervillék ere 3.000 desagertuen kopurua eman zuen, in La Guerre d'Algérie (1954-1962), PUF, 2007, ISBN 978-2-13-054172-1, 2009-8-11
  34. Gilbert Meynierek aipatua, Histoire intérieure du FLN, Paris, Fayard, 2002, 325. or
  35. Jean-Charles Jauffret, Soldats en Algérie 1954-1962, Autrement, Paris, 2000, in Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 111. or.
  36. Metodo hau Argentinako diktadura militarrak erabili zuen beranduago heriotzaren hegaldiak deiturikoaren bitartez. ESMAko atxilotuak astean hainbat alditan hegazkinetan sartzen zituzten eta ondoren itsaso zabalean jaurti. Ikus Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008,
  37. Paul Teitgenek 3.000 desagertu zenbatu zituen Aljerko departamentuan. cf Benjamin Stora, Mohammed Harbi, La guerre d'Algérie, 1954-2004, la fin de l'amnésie, Robert Laffont (2004), 489. or. Teitgen kopuruak kritikatuak izan dira: Terrorisme et répression s’affrontent dans Alger (2001), aldizkari honetan argitaratutako artikulua: Histoire du christianisme Magazine, Angers, Jean-Yves Riou, 6. zbk., 2001ko martxoa, 50-53 or.
  38.   Message du Président de la République à l’occasion de la remise du prix Maurice AUDIN pour les mathématiques - Présidence de la République 2014-08-13 . Noiz kontsultatua: 2017-06-03 .
  39. (Frantsesez) Raphaëlle Branche eta Sylvie Thénault, « Justice et torture à Alger en 1957 : apports et limites d’un document » in Apprendre et enseigner la guerre d'Algérie et le Maghreb contemporain : Actes de la DESCO Université d'été octobre 2001, 44-57.or. (pdf)
  40. Albert Paul Lentin, L'Hexagone face aux aveux, La France contemporaine, VIII. bil., Librairie J.Tallendier (1988), 322-327 or.
  41. Beteille txostena
  42. Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 102. or
  43. Anne-Marie Duranton-Crabol, L'OAS, la peur et la violence, André Versaille argitaratzeilea (2012), 23. or.
  44. Marie-Monique Robin, Escadrons de la mort, l'école française, 2008, 116-117. or.
  45. Aspects véritables de la rébellion algérienne, Aljeriako Gobernua, 1957
  46. U.S. Army War College Library
  47. Terrorisme et répression s’affrontent dans Alger (2001), Histoire du christianisme Magazine aldizkarian argitaratutako artikulua, Angers, Jean-Yves Riouk argitaratua, 6- zbk, 2001 martxoa, 50-53 or.
  48. Général Massu, La vraie bataille d’Alger, Plon, Evreux 1971, 73, 257 eta 324 or.
  49. Jacques Chevallier, Nous, Algériens, Paris, Calmann-Lévy, 1958, 157. or.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekukotzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lan historikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Yves Courrière, La Guerre d'Algérie, tome 1 (Les fils de la Toussaint), tome 2 (Le temps des léopards) , Fayard, 1969, ISBN 2-2136-1118-1
  • Pierre Pellissier, La Bataille d'Alger, Librairie académique Perrin, 2002 ISBN 2-2620-1865-0
  • Benjamin Stora, Histoire de la Guerre d'Algérie, 1954-1962, la Découverte, 1993 ISBN 2-7071-4293-X
  • Philippe Tripier, Autopsie de la guerre d'Algérie, France empire, 1972
  • Guy Pervillé, « Terrorisme et torture : la bataille d'Alger de 1957 », L'Histoire, n°214, octobre 1997, p.70

Filmografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Artxibategiko ikus-entzuneko agiriak
Dokumentalak
Fikzioa