Dolomitas del Norte enpresaren instalazioak

Koordenatuak: 43°14′23″N 3°21′29″W / 43.239607°N 3.357917°W / 43.239607; -3.357917
Wikipedia, Entziklopedia askea
Dolomitas del Norte S.A. enpresaren instalazioak
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Bizkaia
HerriaKarrantza
Koordenatuak43°14′23″N 3°21′29″W / 43.239607°N 3.357917°W / 43.239607; -3.357917
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XX. mendea
Arkitektura
Ondarea
EJren ondarea168

"Dolomitas del Norte S.A." enpresaren instalazioak Karrantzako Ambasaguas auzoan dagoen eraikin industriala da. Enpresak egun egoitza Castro Urdialesko Santullan auzoan du.

2002ko urriaren 25ean, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dolomitas del Norte SL. enpresa Ambasaguasko gunean kokatzen zen 1947. urtean. Handik aurrera, Bizkaiko industriako labe metalurgikoetarako oinarrizko material erregogorra ateratzen jardungo du, dolomia frijitzetik abiatuta.

Enpresa bertan kokatu zen lehengaia (dolomia) ateratzen zeneko Raneroko mendigunetik gertu zegoelako, eta bai errepidetik bai bereziki trenbidetik hara erraz iristen zelako. Instalazioak honela egituratu ziren:

  • Pozalaguako harrobia eta minerala birrintzeko tokia
  • Aireko tranbia

Pozalaguako harrobia eta minerala birrintzeko tokia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pozalaguako harrobia

Harrobiaren ondoan, minerala birrintzeko tokia ezarri zen. Horrela saihesten ziren zaratak eta harriaren prozesaketan sortutako hautsak eragindako kutsadurak Ambasaguasko gunean eragingo lituzketen arazoak. Planta gehienbat angeluzuzeneko eraikina da, malda handiari aurre egitearren hormigoi armatuzko egitura handi batez antolatua. Arrapala batetik goialdera sartzen zen eta bertan zegoen tobera handian dolomia gordinean isurtzen zen. Toberaren azpian birrintzeko makina zegoen, eta materiala birrintzen zuen errota. Ondoren, zinta garraiatzaile batzuen bidez, materiala bereizten zen granulometriaren arabera, eta harea lantegiaren zoko batean biltzen zen. Azkenik, behealdean tobera handi bat zegoen, eta hartatik botatzen zen ondoriozko materiala aireko tranbiaren kargatzeko tokira.

Pozalaguako harrobiaren eztanda baten ondorioz aurkitu zen Pozalagua kobazuloa.

Aireko tranbia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dolomitas del Norte enpresaren aireko tranbia Trapagarango Mame meatzetik (Zugaztietako meatzarien herrixkatik gertukoa) ekarri zen. Tranbia hori Manuel Lorente jaunak diseinatu zuen, eta 1929an egin zen meatze horretan kokatzeko. Berrogeiko hamarkadaren amaieran Karrantzako instalazioetara eraman zuten, baina zenbait aldaketa egin zizkioten ingurune eta trazatu berrira egokitzeko. Beraz, instalazio hau lantegia bera baino zaharragoa da. XX. mendeko aurreneko urteetan, aireko tranbia, bere aldaera desberdinetan, Bizkaiko meatze-paisaietako berezko ezaugarria zen.

Aireko tranbiak bide eman zuen dolomia harrobitik Ambasaguasko lantegira zuzenean garraiatzeko. Tranbiak osagarri nagusi hauek zituen: goialdeko kargatzeko tokia, linea elektrikoa eta behealdeko deskargatzeko tokia.

  • Goialdeko kargatzeko tokia birrintzeko tokiaren azpian dago, harrian zulatuta. Planta erdizirkularreko tunela da, "U" bat osatzen duela, eta arku kanoiko formako sekzioa du. Tunel horrek gangatik esekitako errail metalikoa zuen, eta hartatik zirkulatzen zuten baldeek, eskuz bultzatuta. Baldeok, ondoren metalezko errefortzudun piten bidez betetzen ziren. Behin baldea beteta, errailaren muturreraino bultzatzen zen, baldearen kojinetea mugimenduan zegoen kablearen gainean erortzen zela. Horrela ez zegoen zertan kablea geldiarazi baldeak betetzeko.
Tunelaren sarrera isurialde bakarreko estalki bat estaltzen du. Zutabetan oinarrituta dago eta egitura guztia hormigoi armatuzkoa da. Toki horretantxe ezarri zen instalazio eragilea, hormigoizko ostiko bati finkatuta. Gainera, instalazio horrek abiadura-erreduktorea, elektrofrenoa eta esku-frenoa zituen, segurtasun-neurri gisa.
  • Tranbiaren linea egiteko kable metaliko jarraitu bakarra baliatu zen, etengabean mugitzen ari zena. 2.888,4 metroko trazatua zuen, harrobiaren eta lantegiaren artean, 281 metroko altueran, eta batezbesteko malda %9,8koa zen. Kableak garraiatu eta tiratu egiten zuen aldi berean. 27 asto metalikok eusten zuten trazatuan zehar kablea 2,50 eta 35 metro bitarteko altueran. Bi astoren bitarteko baorik luzeena 325 metrokoa zen.
Behealdeko deskargatzeko tokia
  • Behealdeko deskargatzeko tokiak 275 metro karratu inguruko azalera dauka, eta 17,50 metro altu da, hiru solairutan banatuta. 4 tirantez sendotuta dauden 16 zutabek sostengatzen dute hormigoi armatuzko egitura. Eraikin irekia da, ia itxiturarik gabea, adreiluz eta lehenago bardanaskaz itxitako hormatal bat edo beste salbu. Kablea goiko solairuan sartzen zen, hor baldeak kabletik askatzen ziren, eta, bolante-gidariko sistema baten bidez, kablea tenkagailutik pasarazten zen. Tenkagailua aldatzeko bolantea edo polea da, eta euskarri mugikor metaliko baten gainean jarrita dago, plano inklinatu baten gainean dauden errail batzuen gainean irristatzen da eta 9 tona inguruko kontrapisua du esekita, kablearen tentsioa berdintzeko. Horrela, tenperatura-aldaketek, haizeak eta garraiatutako kargak berak eragindako tentsioei aurre egiten zien.
Tximinia

Behin baldeak sartu eta kabletik askatzen zirenean, errail metalikotik zirkulatzen zuten; honek "U" formako ibilbidea egiten zuen zeharka jarrita zeuden biltegiratze-zuloen gainean kokatzeraino. Ondoren, edukia zuzenean botatzen zen zulo bakoitzaren goiko ahoko bahearen gainean. Hustu ondoren, baldeak bultzatzen zituzten, harrobirantz irteten zen kableari berriz ere lotzeko.

Deskargatzeko tokia lantegi zaharraren ondoan dago. Hau osatzen duten elementu eta instalazioen artean, 52 metro altuko adreiluzko tximinia nabarmentzen da. Balio sinboliko handia du, jada desagertu den jarduera industriala gogora ekartzen baitigu. Hori ez ezik, lantegiaren dimentsioak eta egitura bera ere aintzat hartzekoak dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa