Pozalagua
Pozalagua | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Bizkaia |
Herria | Karrantza |
Koordenatuak | 43°15′39″N 3°23′10″W |
Ezaugarriak | |
Garaiera | 712 |
Bisitagarria | bai |
Pozalagua Karrantzako (Bizkaia) mendebaldeko haitzuloa da, Ranero haitzen azpian dagoena. Gaur egun jendeari irekita dago, eta erraz bisitatzeko modukoa da.
Haitzulo handia da, barrunbe handiak ditu. Baina, batez ere, ezaguna da munduan dagoen estalaktita eszentrikoen multzorik handiena duelako. Pozalaguatik metro gutxira dago Torca del Carlista izeneko leize zuloa; eta orobat Karrantzan dago Venta Laperra kobazuloa.[1][2] Kobazuloaren aurrealdean Armañongo Natura Parkeko interpretazio gunea dago.[3]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1957ko abenduaren 28an, ondoko dolomita-harrobi bateko lehergailu baten eztandak agerian jarri zuen haitzaren barruan ezkutaturiko haitzulo hau. Leherketa honen ondorioz azaleratu zen leize zuloa, milaka urtean lurpean egon ondoren. Aldi berean, leherketak hainbat kalte eragin zizkien estlaktita eta estalagmita batzuei. Handik aurrera espeleologiaren zale askoren elkargune izan da Karrantza. 20 urtez Dolomitas del Norte S.A. enpresak harrobia ustiatu zuen, harik eta kobazuloari eragindako kalteen ondorioz 1976an itxi zen arte. Izan ere, Karrantzako udalak harrobia behin betiko ixtea erabaki zuen haitzuloa babesteko. Egokitze lanak egin ostean, jendaurrera ireki zuten kobazuloa 1991ean. [4][1][5]
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pozalagua haitzuloa 125 metro luze duen gela bakar batek osatzen du. Gelak 70 metro zabalera eta 15 metroko altuera du. 40 metroko sakonera duten lau amildegi ditu.[6] Munduko estalaktita eszentrikoen kontzentraziorik handiena du, grabitatearen indarrari aurre eginez, norabide guztietara hazi eta zabaltzen direnak. Barruan hainbat gune daude ikusgarri eta horien artean Auditorioa izenekoa, gela handia eta ura duten karbonatozko presa txiki ugari dituena.[7] Versailleseko gelaren sabaian ikus daiteke estalaktita eszentrikoen presentziarik nabarmenena. Eraketa horren jatorria ezezaguna da oraindik. Euria egiten duenean, zorua urez betetzen da, aintzira txikia osatuz; horrek ispiluaren efektua sortzen du.[4]
Kobazuloaren kanpoaldean zegoen antzinako dolomita harrobia anfiteatroa da gaur egun. Akustika aprotxetatuz, kontzertuak eta jarduera kulturalak ospatzeko gune bihurtu da.[3]
Fauna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pozalaguak munduan bakarrak diren bi espezie ditu, isopodo bat eta collembola endemiko bat, leizean bizi direnak. Euren tamaina milimetro gutxikoa da.[1]
2013ko txokorik ederrena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2013an Repsol Gidak antolaturiko 2013ko txokorik ederrena lehiaketa digitalean, Karrantzako kobazuloa nagusitu zen Internet bidezko bozketan.[8] Kepa Junkera, Julian Iantzi, Athletic, Athleticeko Peñen Elkartea, Enkarterrietako udalak eta mankomunitatea, eta Bilboko Udala ere Pozalaguaren alde agertu ziren. Lehiaketan Pozalaguaren alde bozkatu zutenen artean zozkatzeko dohantza egin zuten hainbat artistek:Tere Ahedok, Angel Ajak eta Kontxi Trigok, besteak beste. Lehiaketan 17 tokik parte hartu zuten, bat autonomia-erkidego bakoitzeko. Internauten laguntzari esker, Pozalaguako kobazuloak lortu zuen saria, Cáceresko Hervásko judutegiarekin azken lehia izan ondoren.[9][10]
Argazki galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c «Cueva de Pozalagua» www.cuevasturisticas.es (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ «ARMAÑÓN: inguru naturala» www.bizkaia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ a b «Pozalagua kobazuloa | Inguruak» Cuevadepozalagua (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ a b «Pozalaguako Koba | Ondare Naturala (Bizkaia) | Visit Enkarterri» www.visitenkarterri.com (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Pozalaguako koba» Cuevadepozalagua (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Cueva de Pozalagua: una explosión geológica y mágica.» Blog Gailurretan 2019-06-15 (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ «Pozalaguako Kobazuloak» turismoa.euskadi.eus 2006-12-28 (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) EP. (2013-10-17). «La Guía Repsol entregará el 22 de octubre a Pozalagua la placa de Mejor Rincón» El País ISSN 1134-6582. (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ «Karrantza Haraneko hainbat artistek euren lanak dohaintzan eman dituzte Pozalaguari babesa emateko» turismoa.euskadi.eus 2013-09-09 (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
- ↑ (Gaztelaniaz) PRESS, EUROPA. (2013-06-25). «La Cueva de Pozalagua de Karrantza (Bizkaia), candidata a "El Mejor Rincón 2013" de Guía Repsol» elDiario (Noiz kontsultatua: 2020-07-28).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |