Edukira joan

Durdo bizkarrurdin

Wikipedia, Entziklopedia askea
Durdo bizkarrurdin
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaPerciformes
FamiliaLabridae
GeneroaAcantholabrus (en) Itzuli
Espeziea Acantholabrus palloni
Risso, 1810
Banaketa mapa

Durdo bizkarrurdina (Acantholabrus palloni) Labridoen familiako arrain osteiktioa da. Generoan monotipikoa da. Mediterraneoan eta Atlantiko ekialdean bizi da[1].

Antoine Rissok deskribatu zuen 1810ean Ichthyologie de Nice liburuan. Lutjanus palloni izena eman zion hark[2].

Gorputz luzea eta zilindrikoa du, ezkata handi zikloideoz estalita dagoena. Arrak 25 cm inguruko luzera hartzen du[1]. Arre koloreko arraina da, baina bizkarraldean kolore urdin-gorrindola du eta sabelaldea zurixka. Bizkarraldean baditu hainbat orbain argiago eta buztanek hegatsean gainaldean puntu borobil beltz edo iluna izaten du. Lerro ilun batek zeharkatzen du durdoaren gorputza[3].

Burua puntan amaitzen da. Aho txikia du eta hortz zorrotzezko bi ilara ditu, aurreko ilara handiagoa da[3].

Bizkarraldeko hegatsak 19-21 arantza eta 7-10 erradio bigun ditu eta buztaneko hegatsak 4-6 arantza eta 5-8 erradio bigun[3]. Hegatsak gardenak dira[4].

Ozeano atlantikoaren ipar-ekialdean bizi da, Norvegia eta Ipar itsasotik hasi eta Britainiar uharteetan eta Bizkaiko golkoan barrena Afrikako kostaldean zabaldurik dago, Gabon ingururaino. Azoreetan[5] eta Kanariar uharteetan ere aurkitzen da[6]. Mediterraneoan ere sartzen da eta mendebaldean ugariagoa den arren Merditerraneo guztian aurki daiteke[1].

Kostaldeko arraina da, 30 eta 250 metro arteko sakoneran bizi da. Algaz estalitako arroka ugari dauden eremuak atsegin ditu. Alga artean babesten da eta lo ere han egiten du. Alga artean bizi diren aleek tono berdexkak agertzen dituzte bizkarraldean.

Arrautza bidez ugaltzen da. Arrak plater itxurako habia egiten du eta emean han jartzen ditu arrautzak[1]. Arrain gazteak talde handian ibiltzen dira baina helduarora iristean bakartiak izaten dira, edo talde txikiak osatzen dituzte[4].

Itsaso hondoan bizi diren animalia ornogabetaz elikatzen da; zizareak, molusku txikiak eta krustazeo txikiak jaten ditu. Buztanarekin arrokak eta algak kolpatzen ditu animalia txikiak askatzeko[3].

Erraz ohitzen da akuarioetan bizitzera, izan ere arrain lasaia baita. Oso jatuna da, sarritan elikatu behar da beraz[4].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Acantholabrus palloni, Scale-rayed wrasse : fisheries» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  2. (Ingelesez) «WoRMS - World Register of Marine Species - Lutjanus palloni Risso, 1810» www.marinespecies.org (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  3. a b c d «Tabernero o Tordo . Información. Fon-Fishing.» www.fon-fishing.com (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  4. a b c (Gaztelaniaz) Acantholabrus Palloni. (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  5. «Acantholabrus palloni (Risso, 1810) | Portal de la Biodiversidad de las Azores» azoresbioportal.uac.pt (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).
  6. «Biota - Acantholabrus palloni (Risso, 1810)» www.biodiversidadcanarias.es (Noiz kontsultatua: 2023-12-30).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]