Dzhokhar Dudaiev
Dzhokhar Musaievitx Dudaiev (txetxeneraz: Dudin Musa-khant Dƶoxar, Дудин Муса-кӀант Джохар; errusieraz: Джоха́р Муса́евич Дуда́ев; Jalkhoroi, Txetxenia-Inguxia, 1944ko otsailaren 15a - Gekhi-Txu, Txetxenia, 1996ko apirilaren 21a) Sobietar Aire Armadako jenerala, eta errusiar gobernuaren aurkako txetxeniar iraultzaren burua izan zen. Itxkeriako Txetxeniar Errepublikako lehen presidentea izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haurra zela, Kazakhstango sobietar errepublikara deportatu zuten familia, eta hamahiru urte igaro zituen han. Tamboveko Aire Armadako Ingeniaritzako Goi Eskolan, eta 1974tik aurrera, Juri Gagarin Akademian egin zituen ikasketak.
Gerra Hotza eta Estoniako egonaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hegazkin-dibisio bateko buru izan zen Tartu inguruan (Estonia), eta pixkanaka gora egin zuen, brigadako jeneral-gradua lortu arte. Hogeita hamasei urterekin, jeneral-gradua lortzen lehenengo txetxeniarra izan zen. Bonbaketari estrategikoen ardura zuen Tartuko aireko indarren basean; hau da, bonba nuklearrez uneoro hornitutako hegazkinak ziren bere agindupekoak, beti prest Gerra Hotzean AEBekin gerra nuklearra hastekotan, hegazkinak aireratu eta etsaiaren helburuak bonba atomikoz jotzeko[1].
Tartun bizi zela, estoniera ikasi zuen, eta estoniarrekiko begirunea landu zuen.
1990 inguruan, Sobietar Batasuna desegiteko bidean jarri zenean Baltikoko herrien independentzia mugimenduarekin, mugimendu nazionalistarekiko begirunez, Dudaievek ez zituen sobietar agintarien aginduak, parlamentua eta telebista ixtea, bete[2].
Tartu hirian bere koartel nagusia izan zena hotela da 21. mendean, eta atarian Dudaieven omenezko plaka bat dauka, estonieraz, ingelesez eta txetxeneraz idatzia[3].
Txetxeniako independentzia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1990ean bere dibisioa Estonia uztera behartu zuten, eta Groznira, Txetxeniako hiriburura, itzuli zen.
Txetxeniar Herriaren Kongresu Nazionaleko oposizioko organizazio nazionalistaren batzorde eragilearen zuzendari izendatu zuten. 1991n Txetxeniako aginpidea eskuratu zuen, Txetxenia-Inguxia Errepublika Autonomoko sobietar agintaria kargutik kenduta. Lehendakaritzarako hauteskundeak irabazi eta hilabetera, Txetxeniako Errepublikaren burujabetasuna aldarrikatu zuen.
1994ko abenduan Errusiako gudarostea Txetxenian sartu zen, errepublika hari Errusiako Federazioaren barruan eusteko asmoz, eta errusiar eta txetxeniar gudarosteen arteko gudua hasi zen. Dudaiev bere kuartel nagusian hil zen, Txetxenia hegoaldeko basoetan, errusiar gudarostearen eraso batean, 1996ko apirilean[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ISBN 0-520-23888-5..
- ↑ Узел, Кавказский. «Дудаев Джохар Мусаевич» Кавказский Узел (Noiz kontsultatua: 2019-07-26).
- ↑ Fernandez, Luistxo. «Dƶoxar Dudayev and Dzhokhar Tsarnaev» Eibar.ORG | Eibarko peoria (Noiz kontsultatua: 2019-07-26).
- ↑ «BBC News | Europe | 'Dual attack' killed president» news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2019-07-26).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Dzhokhar Dudaiev |