Edukira joan

Dúo Dinámico

Wikipedia, Entziklopedia askea
Dúo Dinámico
Datuak
Musika motapop musika
Produkzioa
Diskoetxea(k)EMI
Manuel de la Calva
Ramón Arcusa
Sariak
Jasotako sariak
Informazio gehigarria
duodinamico.com
IMDB: nm3733419 Spotify: 1TiGxAkU8w0xBCVFOP6Ttl Musicbrainz: c5399dec-9fb1-4054-a414-eaa54f1f4a77 Songkick: 224083 Discogs: 430775 Edit the value on Wikidata

Dúo Dinámico izenekoa espainiar musika bikote bat da. Oso ezaguna egin da 1960ko hamarkadatik egundaino. Manuel de la Calva Diego (Bartzelona, 1937ko otsailak 15) eta Ramón Arcusa Alcón (Bartzelona, 1936ko abenduak 10) musikariek osatua. Konposatzaile (800 kantu baino gehiago sortu dituzte), interprete (300 grabazio baino gehiago eginak), ekoizle diskografiko milioika salmentekin eta zenbait filmetako protagonista ere izan dira.

Espainian pop-rockaren aitzindariak izan ziren, baita fan fenomenoarenak ere XX. mendeko 1960ko hamarkadan.

Ibilbide artistikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dúo Dinámico musika bikotea 1958ko abenduak 28an sortu zen Bartzelonan. Lehen publikoko antzezpena Ràdio Barcelona irrati kateko La comarca nos visita saioan egin zuten. Une horretan The Dynamic Boys izena hartu nahi zuten, baina saioko aurkezlea zen Enrique Fernándezek, ingelesik ez zekiela esanez, Dúo Dinámico bezala aurkeztu zituen. Bi musikariek izen hori onartu zuten, eta hala geratu zitzaien euren historiarako. Bikote honen lehen diska 1959ko udazkenean argitaratu zen.

Ospean eta disko salmentan izan zuten gorakada ikusgarria izan zen, salmenten eta arrakasten lehen postura iritsiz "Quince años tiene mi amor", "Quisiera ser", "Perdóname", "Bailando el twist", "Mari Carmen", "Esos ojitos negros", "Amor de verano", "Somos jóvenes", "Lolita twist", "Como ayer" eta "Resistiré" bezalako kantuekin.

Abeslari bezala zuten ospea probestuz zinera jauzia ematea eskaini zieten. 1960 eta 1964 artean lau film egin zituzten protagonista bezala: Botón de ancla en color, Gilarekin, Búsqueme a esa chica Marisolekin, Escala en Tenerife, Ethel Rojorekin eta Una chica para dos, Irán Eoryrekin.

Dúo Dinámicok arrakasta handiz parte hartu zuen garai hartan hain ugariak ziren kantu jaialdietan, Bartzelonan ospatu zen Mediterraneoko Kantu Jaialdia irabaziz "Como ayer" kantuarekin, Bruno Lomasek ere kantatu zuena, Kostalde Berdeko Jaialdia "Somos jóvenes" kantuarekin, Sandra Lebrochek interpretatu zuena, eta bigarren postuak lortu zituzten Benidormeko Kantu Jaialdian "Quisiera ser" kantuarekin eta beste edizio batean "Amor amargo"rekin. Azken saria egile bezala lortu zuten, lehen aldiz Espainiarentzat Eurovision jaialdia irabaziz, Londresko Albert Hallean ospatu zena, La, la, la kantuarekin, Massielek interpretatua. Pasadizo bezala, kantu hau, hasiera batean, Joan Manuel Serratek kantatu behar zuela da, Manolo eta Ramónen laguna zena, garai hartan hirurek manager bera baitzuten, José Maria Lasso de la Vega. Serratek, azken unean Eurovision jaialdian soilik kantua katalanez kantatzekotan parte hartuko zuela esan zuen, oraindik indarrean zegoen diktadura frankistaren garai hartan nahiko garrantzitsua izan zen arazo politiko bat sortuz.

Abeslaritik ekoizlera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1972an artista bezala euren etapa bete zutela ustez, erretiratzea erabaki zuten, eta diskoetxe ekoizle bezala hasten dira, beste batzuen artean, Miguel Gallardo, José Vélez, Manolo Otero, Rosa León, Phil Trim eta Los Chunguitosi, eta, beste batzuen artean, Camilo Sesto, Nino Bravo, Cristina, Ángela Carrasco, José Feliciano, Bruno Lomas eta Julio Iglesiasentzat konposatzen. Ramón Arcusa Julio Iglesiasen disketxe ekoizle izango da 18 urtez, 1978tik 1995 arte, honekin elkarlanean jarraitzen duelarik.

Eskenategietara itzulera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euren kantuek musika oroimen kolektiboan darraite, eta Antonio Mercero donostiarrak ekoitzitako Verano Azul bezalako telesailetan edo José Luis Garciren Asignatura pendiente bezalako filmeetan agertzen dira. 1975ean Fixpray markaren laka iragarki bat egin zuten telebistan. Euren diskak oraindik berrargitaratzen dira, eta, ondorioz, 1978an berriz igotzen dira eskenategietara. 1980an, EMI disketxeak 20 Éxitos de oro izeneko errekopilazio bat argitaratu zuen, honen milioi bat kopia salduz.

1986an kantu berriak grabatu zituzten Sonyrekin. 1990ean euren "Resistiré!" kantua Pedro Almodóvarren ¡Átame! filmearen soinu bandarako berreskuratu zen, eta 2010ean Tania Llasera bizkaitarrak aurkeztutako Telecinco telebista kateko Resistiré, ¿vale? saioan erabili zen. Argentinan ere, telesail arrakastatsu batek Resistiré izena du, eta kantua du buru bezala.

Sariak, musikal bat

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konta ezinbeste dira bikote honek euren karreran zehar jaso dituen sariak. Horien artean, 1999an Musikaren Saria, SGAEk Espainian arlo honetan ematen duen sari gorena, eta, 2010ean, karrera oso baten errekonozimendu bezala Espainiako Gobernuak eman zion Lanaren Urrezko Domina nabarmentzen dira.

2007ko irailak 21ean, Madrilgo Nuevo Apolo Antzokian Quisiera ser musikala estreinatu zen, Jorge Herreraren libretoarekin eta bikotearen 24 kantu arrakastatsuz osatutako soinu bandarekin.

2012ko maiatzean Urrezko Mikrofonoa jaso zuten Ikuskizunen arloan, Espainiako "Irrati eta Telebista Elkarteen Federakuntza"k ematen duen sari gorena, Luis del Olmo irrati kazetariak aurkeztutako ekitaldi batean.

50. urteurrena ospatuz

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2011ko azaroan Sonyk diska berri bat argitaratu zuen bikotearen 12 kantu historikorekin hauen karrera artistikoko 50 urteak ospatzeko. Bertan, Manolo eta Ramonekin kantatzen, Miguel Ríos, Soledad Giménez, Alaska, Lolita, Andy & Lucas, Carlos Baute, Ana Torroja, Diana Navarro, Los Pecos, Los Sírexeko Leslie, Los Mustangeko Santy, Julio Iglesias eta Joan Manuel Serratek parte hartzen dute, eguberri horietan platinozko disko izan zirelarik 50.000 kopia baino gehiago saldu ondoren.

Gaur egun, Dúo Dinámicok bere aktibitate artistikoa darrai Espainia guztiko eskenategietan zehar.

2002 amaieran, Estela Ravali minbizi bategatik ebakuntza egin ondoren, eta oraindik ospitalean zegoela, bere eskuetara iritsi zen Resistiré kantuaren letra, 1960ko hamarkadan Los Cinco Latinosen arerio artistikoak izan zirenena zela erreparatu gabe. Letrak, une horretan adierazi nahi zuen guztia zioen, borrokan eta jasaten jarraitu behar dela. Kantua 2003ko urtarrilean estreinatu zuen, eta hilabate batzuk beranduago grabatutako bere bildumari ezin izan zion izen bera jarri, eleberri batek aurretik erregistratu baitzuen izena, eta, beraz, CDa ¡Adelante! deitu zen (2003an Gardel Saria jaso zuena). Urrezko diska izan zen, 35.000 kopia baino gehiago salduz, eta izen bereko ikuskizuna 300.000 ikusle baino gehiagok gozatu zuten, azken garaietako musika gertakizunik handiena izan zelarik, eta, beraz, ¡Adelante!ren unerik hoberenak biltzen dituen DVD bat argitaratu zen, horien artean Resistiré dagoelarik, Argentinan egundaino jarraitzen duen bertsioa. Bidezkoa da Resistiré! kantuaren letra Carlos Toro Montorok sortu zuela gogoratzea, espainiar kazetari eta konposatzailea, 1800 kantu baino gehiago sortu zituena, horietatik asko eta asko oso arrakastatsuak izan direlarik.

2003an, Telefe argentinar telebista kateak Resistiré telenobela filmatu zuen, gortina bezala izen bereko kantuaren cover bat erabiliz, AQMk interpretatua. Kantuaren bertsio hau irratietan 1. postura iritsi zen.

Youtuben Dúo Dinámicoren garai guztietako zenbait ekitaldiren hamarnaka bideo ikus daiteke.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]