Elbira Iturri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Elbira Iturri

Bizitza
JaiotzaMundaka1889ko maiatzaren 30a
Herrialdea Bizkaia
BizilekuaKuba
Heriotzaezezaguna (134 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakaktibista
KidetzaEmakume Abertzale Batza
Eusko Alderdi Jeltzalea

Elbira Iturri Urrutia (Mundaka, Bizkaia, 1889ko maiatzaren 30a[1] -?) bizkaitar aktibista eta Gernika-Lumoko lehen ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. Bertan bere omenezko izena darama erdiguneko kale batek.

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bere bataio-agiriak jasotzen duen bezala, Mundakako Ondarza baserrian jaio zen 1889ko maiatzaren 30ean eta bi egunetara izan zen inskribatua. Aita, Juan Bautista Iturri Abina, Sukarrietakoa zuen eta ama, Magdalena Urrutia Luzarraga, Mundakakoa bertakoa. Ama besoetakoaren izena jarri zioten neskatoari. Aita, seme-alaben bataio dokumentuen arabera, nekazari gisa dihardu Elbira jaiotzean eta itsasgizon bezala beste bi semeak munduratzean. Elbirak 6 urte zituela hil zen aita, 46 urterekin[2], Ondarzan bertan eta birikietako tuberkulosi baten ondorioz.

Aipatutako bataio-agiriak bere ezkontzaren gaineko oharra ere dauka. Bilbon amarekin bizi zela, 1917ko abenduaren 29an Begoñako basilikan Domingo Zabalgogeaskoa Omarrekin[3] ezkondu zen, jatorriz Nabarnizekoa zen merkataria. Kuban aldi batez bizi ostean, Bilbora lekualdatu zen familia.

Emakume Abertzaleen Batzeko lehendakaria,[4] Eusko Ikastola Batzeko partaidea eta EAJ alderdiko kide aktiboa izan zen. 1933an, Gernikako beste emakume batzuekin batera, herriko lehen ikastolaren bultzatzailetako bat izan zen eta bertako lehen zuzendaria ere.[5] Bere pentsaeragatik kartzelatua, Gasteizen eduki zuten preso 1937-39 urteen bitartean.[6]

Gernika-Lumoko Carlos Gangoiti kalean zuen txaleta eta ondoko ortu ederra, hiribilduko EAJren Batzokia izan zen. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren, konfiskatu eta Falangearen bulegoak jarri ziren bertan.[7] Hura eta herriko beste eraikin batzuk garbitzeko, Emakume jelkideen izen zerrenda bat osatu zen eta, etxerik etxe deia eginez, "estropajo eta baldeekin" joatera behartu zituzten.[8] Elbira Iturri alderdikidearena izandako txaleta eta haren orube guztia,1976an EAJk erosi zuen kooperatiba bi egiteko.[9]

Aitortzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • 2006an, Andrea Aiapek argitaratutako Gernikar emakumeak XX. mendean Ahotsak eta Bizipenak liburuan beraren gaineko aipamena ere egiten da, bera bezalako "herriko protagonista ahaztuei omenaldi xume bat" egitea helburu[10]
  • 2010an, Gernika-Lumoko Udal Berdintasun saileko arduradunen ekimenari esker eta Udalbatza guztiaren oniritziz, Elbira Iturri kalea bezala izendatu zen lehen Pedro Aboitiz Isasi deitutako karrika txikia[5][11][12]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  3. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
  4. «Elvira Iturri, emakumeen presidentea - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  5. a b «Emakumeen ahotsa, lehen planora» Busturialdeko Hitza 2020-11-27 (Noiz kontsultatua: 2022-03-18).
  6. errepublika.org
  7. «Seber Altuberen etxea udaletxe; Elvira Iturrirena Falangisten bulego - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  8. «Emakumeak garbitzera behartuta - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  9. «EAJ PNV Gernika Lumo» eu-es.facebook.com (Noiz kontsultatua: 2022-03-19).
  10. Aiape Arbe, Andrea. (2006). Gernikar emakumeak XX. mendean Ahotsak eta Bizipenak. in: Gernika-Lumoko Historia Bilduma, VI. Bakearen Museoa eta Gernika-Lumoko Udala, 3 eta 17 or. ISBN 84-93322237..
  11. (Gaztelaniaz) Deia. «Los alumnos del Instituto Gernika realizan un estudio sobre los nombres femeninos sus calles» www.deia.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-04).
  12. (Gaztelaniaz) «La futura intermodal llevará el nombre de lehendakari Agirre» El Correo 2010-07-07 (Noiz kontsultatua: 2022-03-06).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]