Epigrafia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Epigrafista» orritik birbideratua)
Rosseta harria, Londresko British Museumen erakusgai.
Rosseta harria, Londresko British Museumen erakusgai.

Epigrafia (antzinako grezieraz: ἐπιγραφή epi-graphē, "idazkun") historiaren zientzia laguntzailea da, harri, metal eta antzeko materialetan egindako idazkunak edo inskripzioak aztertzen dituena[1]. Testua grabatuta egon ohi da, nahiz eta zeramikazko objektu batzuetan, labean egosi aurretik egin daitezke. Zientzia honek agirien esanahi historikoa eta idazlanaren literatur balioa alde batera uzten ditu.

Epigrafiaren metodoak erabiltzen dituenak epigrafista du izena. Epigrafe bat edonolako testua izan daiteke, grafema bakarretik agiri luze batera. Batzuk famatuak dira oso: adibidez Behistungo inskripzioa, Gilgameshen epopeia, Res Gestae Divi Augusti edo Rosetta Harria.

Ezagutzen den azken hieroglifikoa. Philae irlan. IV. mendea
Ezagutzen den azken hieroglifikoa. Philae irlan. IV. mendea

Leku eta garai askotan aurki daiteke material gogorretan idatzitako testuak. Antzinaroaren ikerketarako bereziki garrantzitsua da, idatzizko beste euskarrietan dauden testu gehien gehienak galdu baitira. Antzinako mendeetarako, testu gehien eman dituztenak, greziar idazkunak eta latinezko erromatar idazkunak dira. Egiptoarrak ere oso garrantzitsuak izan dira, baina Egiptoko papiroetan testu asko gorde dira.

Erdi Aroan eta Aro Modernoak inskripzioak egien jarraitu zuten Europan, hasieran latinez eta ondoren bertako hizkuntzetan.

Ez dira epigrafia eta paleografia nahastu behar, bigarrenak, paperean edota beste material bigunetan tintarekin idazten diren testuak ikertzen ditu eta. Numismatika (txanponak eta antzeko materialak ikertzen dituen zientzia) epigrafiarekin lotura estua du.

Idazkun motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Huescako Museo Arqueológico Provincial-en gordetzen den zeramika gaineko grafitoa; grabatutako idazkun motza. Instrumenta domestica epigrafia.

Epigrafeak edukieraren edota xedearen herabera klasifikatu ohi dira. Erromatar eta greziar epigrafia talde hauetan sailka daitezke:

  1. Erlijio idazkunak, jainkotasunei eskaintzen zaizkie; sortu badira, promes baten ondorioz, orduan botozkoak izena ematen zaie.
  2. Juridikoak edo legalak; legeak, ediktu, dekretu edo gutun ofizialak izan daitezke.
  3. Publikoak edo monumentalak; eraikin publiko eta ofizialetan grabatzen dira, adibidez, eraikinetan, garaipen-arkuetan, zubietan, tenpluetan eta abarretan, idazkuna egiteko agindu zutenak aipatuz edo eraikitzearen arrazoia eta data maiz adieraziz.
  4. Historikoak gertaera garrantzitsuak gogorazten dituzte; erromatar inskripzioetan adibidez, fastoak. Oso ezaguna da, bestalde, Egiptokoen artean, Kadeshko inskripzioa.
  5. Ohorezkoak, pertsona ezagun edo boteretsuren bat gogora arazteko.
  6. Hilobikoak Epitafioak dira. Norbaiten hilobia markatzen dute eta hura gogorazten dute.
  7. Menores, edo txikiak, instrumenta domestica izena ematen zaie ere bai: erabilera arrunteko objektuen gainean, hala nola zeramika, beira, bolia, etab. Mekanikoak edo estanpatuak izan daitezke (adibidez, anforen gaineko zigiluak edo mahaiko baxerako azpialdean jartzen zirenak), edo eskuz egindakoak (esgrafiatuak, pintatutako kartelak, etab.)[2].
  8. Titulus pictus (Tituli picti pluralean): salgaiak eramateko objektuetan egiten dira. Jatorria, norakoa, produktu mota, etab. adierazten dira. Ohikoak izan ziren erromatar ontziteria mota batzuetan, hala nola, anforak.
Anforetan aurkitu diren tituli picti. Anforen eta testutxoen marrazkia
Anforetan aurkitu diren tituli picti.

Katalogoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inskripzioen korpusak katalogotan bildu ohi dira, eta katalogoetan identifikazio zenbaki edo kode bat ematen zaie, ikertzaileen erreferentziak eta informazio elkartrukea errazteko. Antzinako erromatar garaiko latinezko idazkunetarako, katalogo handiena Corpus Inscriptionum Latinarum da, CIL siglen bidez ere ezaguna eta latinez idazten dena. Baina CIL katalogoek urteak behar dituzte osatzeko eta publikatzeko, eta azken urtetan aurkitutako inskripzio berriak ezin dira bertan jaso. Hori dela eta hainbat herrialdek bere idazkunen katalogo nazionalak izaten dituzte, aldizkari espezializatuetan datu base digitaletan argitaratzen direnak,. Espainian, Hispania Epigraphica da katalogo garrantzitsuena, Alcalako unibertsitateak kudeatua eta Espainiako Gobernuak lagunduta. Frantzian eta beste herrialdetan L'Année épigraphique da erreferentziazko aldizkaria da eta Erresuma Batuan Roman Inscriptions of Britain (RIB). Grezierazko inskripzioak, Inscriptiones Graecae-n biltzen dira eta etruskeraz egindakoak Corpus Inscriptionum Etruscarum-en. Galierazko inskripzioak, Galietako grekerazkoekin batera, Recueil des inscriptions gauloises (RIG)[3] katalogoan jaso dira. Hizkuntza paleohispaniarren katalogoa Hesperia izena du[4]. Latinezko inskripzioen datu baserik osatuenetakoa eta ezagunena, Züricheko Unibertsitateko Epigraphik-Datenbank  Clauss / Slaby (EDCS) da.

Erdi Aroko Europako idazkunen korporen artean daude, Alemaniako Die deutschen Inschriften, Frantziako Corpus des Inscriptions de la France Médiévale eta Espainiako Corpus Inscriptionum Hispaniae Mediaevalium[5].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa. Epigrafia. .
  2. (Gaztelaniaz) Naval, Francisco. (1858). Elementos de arqueología y bellas artes para uso de universidades y seminarios. Santo Domingo de la Calzada : J. Sáenz (Noiz kontsultatua: 2023-09-13).
  3. Dubois, Laurent. (1987). «Michel Lejeune, Recueil des inscriptions gauloises (RIG), I, Textes gallo-grecs» L'Antiquité Classique 56 (1): 428–429. (Noiz kontsultatua: 2023-09-13).
  4. «Hesperia. Banco de datos de lenguas paleohispánicas» hesperia.ucm.es (Noiz kontsultatua: 2023-09-13).
  5. «El Corpus Inscriptionum Hispaniae Mediaevalium» www.ui1.es (Noiz kontsultatua: 2024-02-21).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]