Edukira joan

Ermuko Andre Mariaren santutegia

Koordenatuak: 43°10′19″N 2°58′18″W / 43.17184°N 2.9716°W / 43.17184; -2.9716
Wikipedia, Entziklopedia askea
Artikulu hau Laudioko santutegiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Ermua (argipena)».
Ermuko Andre Mariaren santutegia
 Eraikitako euskal ondasun nabarmena
Ermuko Andre Mariaren santutegia.
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
HerriaLaudio
Koordenatuak43°10′19″N 2°58′18″W / 43.17184°N 2.9716°W / 43.17184; -2.9716
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XV. mendea
Izenaren jatorriaMaria
Erlijioakatolizismoa
Arkitektura
Estiloaarkitektura gotikoa
Ondarea
EJren ondarea5

Ermuko Andre Mariaren santutegia[1] Laudion (Araban) dagoen santutegi gotikoa da. Hiru eraikinek osatzen dute: Andre Maria eliza, aparteko dorrea eta Santa Luzia baseliza.

2002ko abenduaren 4an, Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zituen hiru eraikinak, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Andre Maria eliza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Andre Maria elizak laukizuzen itxurako oinplanoa du, eta bi tarte dituen bi nabe ditu, gurutze-ganga soilekin eta zortzi aldeko abside batekin. Zenbait kapera ere badaude, baita sakristia bat ere eliz-buruaren ondoko alboetan.

Sarrera baino goragoko leku zabal eta garai batean dago fatxada nagusia. Hegoaldeko fatxadak, eta hego-mendebaldeko angeluak hain zuzen ere, eliza osatzen duten bolumen ezberdinak islatzen ditu; lehenengo planoan eta eskala txikiagoan elizpe bat, bigarren planoan alde bateko nabea eta bere kontrahormak eta hirugarren planoan, hondoan, garaiagoa den nabe nagusia. Harrizko eskailera zuzena igo eta puntu erdiko arkua igarota, elizpera iristen da, eta bertatik talaia txiki batera. Puntu erdiko sei arkuk osatzen dute talaia, eta arkuen artean harrizko kontrahorma txikiak daude. Elizan sartu baino lehenagoko harrera gune bat da, zurrezko gainaldea dauka, plano bakarrekoa eta harrizko zorua eta bertan dago tenpluko atelada. Atelada lehenengo tartean kokatzen da eta zirkulu erdiko harrizko eskailera batetik iristen da bertara, turuta itxurako dauka, lurrera iristen ez diren hiru bozel eta hiru arkibolta puntadun ditu, apaindurarik gabe. Arkiboltak turuta-itxurako moldura berean daude sartuta eta moldura mentsuletan oinarritzen da arkuko kanpoko aldean. Elizpeko ekialdeko muturrean, hondoan, kanpoaldean dagoen kapera bat kokatzen da, bertako horma batean eraikuntzako urtea agertzen da inskripzio batean, 1634. Hegoaldeko fatxadak bigarren planoan, lau hostoko trazeria daukaten bost arrosa-leiho ditu, tenpluko horman. Lehen eta bigarren tarteko arrosa-leihoak, tarte bakoitzeko bana, antzekoak dira eta hirugarren tartean kokatutakoak, aldiz, tamaina, trazeria, kokapen eta forma ezberdinak dauzka. Inposta molduradun bat dago garaiera erdian lehenengo bi tarteetan eta hirugarrenean desagertzen da.

Mendebaldeko fatxadan jarraitzen du elizpeak, elizaren ondoan baina arku eta kontrahormek osatutako karrerapearen ordez zurezko oin zuzen batzuk daude hargin-laneko karel baten gainean. Elizpeko zorua ere aldatzen da eta errekarriz osatuta dago alde batean. Elizpean tenpluko nabe nagusian sartzeko ate bat kokatzen da, arku zorrotza soil bat dauka, dobela handikoa, baita moldura bat ere beheko aldean. Ezkerreko nabeak, nagusiak, alegia, kanpotik ageri du garaiagoa dela, eta arrosa-leiho bat dauka, bost hosto eta bi animali buru dituen uztaiarekin. Pinoiko erdialdean alfiz bat dago eta eskuineko nabean, plano berean baina beherago, leiho bikoiztu bat ikusten da, triforioak dituena. Inposta molduradun batek alderik alde zeharkatzen du fatxada, baita hiru kontrahormak ere. Izan ere, fatxadak kontrahorma zuzen bat dauka erdialdean eta bi kontrahorma diagonal angeluetan.

Iparraldean atzealdeko fatxada dago eta zurezko oin zuzeneko elizpe txiki bat dauka, hormigoizko oinarriak dituztelarik hargin-laneko horma baten gainean. Elizpeko gainaldea elizako gainaldetik ateratzen da, eta bigarren tartea eta eliz buruaren kontrako kaperen horma estaltzen du. Kaperetako bat ez da gainalderaino iristen, eta hutsune bat dago kapera horren sabaiaren gainean. Eliza ixten duen hormak altuera txikia dauka bertako lurraren desnibela dela-eta, lehenengo tartean ezik, non ez dago elizperik, ezta kaperarik ere.

Ekialdeko fatxadak zortzi aldeko abside bat dauka eta kontrahormek inguratutako hiru tarte ditu. Aldeetako leihoak arku zorrotzak dira, molduradunak, eta estrados konopiala dute. Horrek guztiak lau hosto gainjarrien trazeria osatzen du. Erdialdeko tarteak ez dauka baorik eta inposta molduradun batek kontrahormak lotzen ditu. Fatxada horrek zatiketa handia adierazten du, sakristia eta garaiera txikiagoko aldameneko gelak direla-eta. Gela horien hormak eta leihoak mota eta eraikuntza-estilo anitzekoak dira.

Elizak garaiera handiko nabe bat dauka barruan eta nabe txiki bat dauka bere mende. Punta apur bat daukaten argi ezberdinetako arkuek elkartzen dituzte bi nabeak, dauden bi tarteak luzera ezberdinekoak baitira. Oinetako tartea luzeagoa da, hamar metro baitauzka ia; bigarren tartekoak, aldiz, zazpi metro besterik ez ditu. Nabe nagusiaren zabalera sei metro eta erdi da, eta bigarrenarena metro bat gutxiago.

Gurutze-ganga gotiko soilez estalita dago tenplua, eta harrizko nerbioak eta betelan entokatua daude, nerbioak hasten diren zenbait puntutan izan ezik, harlandua ikus baitaiteke bertan. Nerbioak koloma txiki batzuen kontra eusten dira. Batzuk hirusta formako ebakidura dute, eta perimetroko hormetara eta nabeen arteko ostikoetara itsatsita daude lehenengo tartean; bigarren tartean, ordea, mentsuletan daude oinarrituta. Presbiterioa harrizko mentsuletan oinarritutako nerbiodun ganga batez estaltzen da, eta eliz buruaren forma oktagonalari eusten dio. Nabe txikian kapera bat dago, eta hirugarren tarte txiki bat osatzen duela ematen du. Eliz buruari eta alboko nabeari begira dago. Iparraldeko alboan bi kapera ezberdin daude nabe nagusira itsatsita eta ez daukate bien arteko komunikabiderik. Kaperarik txikiena tenpluko buruari lotuta dago, eta arku zorrotz txiki bat du sarreran; kaperarik handiena, berriz, bigarren tartearekin elkartuta dago. Hego-ekialdeko angelutik, aldarean, eta elizarekin inolako harreman espazialik izan gabe, sakristiara, gela osagarri batzuetara eta hegoaldeko elizpeari lotuta dagoen kanpoko kaperara iristen da.

Argiei dagokienez, hiru arrosa-leiho daude hegoaldeko fatxadako nabe txikian, bi leihate absidean, arrosa-leiho bat mendebaldeko fatxadan, eta bao bikoiztu bat nabe txikian, non harrizko bi eserleku dauden hormako zabalean, baita harburuak ere, horman beherago sartuta. Nabe nagusiko hegoaldeko alboan, eliz buruaren garaieran, arrosa-leiho bat dago, baina ezin du argirik eman. Iparraldeko kapera osagarriek leiho txiki bana dute.

Bukalanak egiteko erabilitako materialei dagokienez, hormek hareharrizko harlandua daukate, barrualdean zein kanpoaldean. Lurzorua zurezko parketaz dago estalita. Kaperak eta eliz burua apur bat goratuta daude, eta horietan harria erabili da; eta, absideko zati batzuetan, zura dago. Gainaldean, hormigoizko teila bihurria dauka.

Ermuko Andre Mariaren santutegiko kanpandorrea.

Kanpandorrea eraikuntza banandu bat da; tenpluaren ondoan kokatu eta mendixka batean goratzen da ipar-mendebaldeko angeluan. Errektangulu formako gorputz bat dauka oinarritzat, prismatikoa eta lerdena. Zati honek 5 metroko garaiera dauka gutxi gorabehera, hareharrizkoa da, eta inposta molduraduna dauka prisma guztian zehar goialdeko ertzean. Atzeko aldean turuta-forma duen atelada txiki bat dago, arku zorrotz batekin, eta bertatik harrizko eskailera kiribil batera irits daiteke. Portada horren ondoan, bere eskuinaldean, zenbait inskripzio daude, oso higatuta, eta honako hau irakur daiteke: "alzose 1647; reparose en 1742" ("1647an jasoa, 1742an konpondua"). Dorrearen bigarren atala estuagoa eta laburragoa da, eta apur bat barrura sartzen da lehenengo atalaren oinplanoari dagokionez. Harrizko bolumena arinagoa da eta bi tarteko kanpai-horma txiki bat dauka, bi kanpai daudelarik bertan, burdinazko balkoi bat hegoaldean eta asko ateratzen den teilazko aterpe bat tontorrean.

Santa Luzia baseliza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Santa Luzia baseliza eliz burutik gertu kokatzen da, hegoaldeko hegalean, kota txikiagoan eta elizara doan baserri-bidearen ondoan. Baselizaren oinplanoa lauki formakoa da, eta 10 metro neurtzen du kanpoaldetik alde bakoitzak. Bolumen ia kubikoa dauka, eta kontrahorma bat du angelu bakoitzean. Kontrahormak ez dira iristen teila bihurriko lau planoko gainalderaino.

Hegoaldeko fatxadan trazeria gotikoko arrosa-leiho bat dago, lau hostoko bost forma dituena eta tarte horren oinarrian bi hodiko iturri bat dago. Iparraldeko eta ekialdeko tarteak itsuak dira, eta gehigarri txiki bat dago ekialdekoan. Mendebalderantz zurezko elizpe bat dago, isurki bakarreko gainaldea duena. Zurezko zutoinek eusten diote elizpeari, hareharrizko oinarri molduratuak dituzten oinek. Elizpeak atelada puntaduna dauka, turuta antzeko forma izanik arkuko kanpoaldean eta mentsuletan oinarritutako moldurak izanik, hori da baselizaren sarreraren ezaugarria eta bertatik harrizko eskailera batzuetatik joan daiteke elizako hegoaldeko elizpeko goialdeko zelaigunera.

Barrualdeak espazio bakarra osatzen du, eta ertz-ganga entokatu batek estaltzen du. Baseliza barruko zorua zurezkoa da, eta elizpekoa errekarriz eginda dago, marrazki kiribilak eginez. Erdizka entokatutako harlanduzkoak dira hormak, mendebaldeko fatxada izan ezik, hori hareharrizko harlanduzkoa baita.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]