Artikulu hau "Kalitatezko 1.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da

Erromatar hirigintza

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

Erromako espazio publiko nagusia: Foroa

Erromatar hirigintza Erromak menperatutako lurraldearen antolakuntza zen konkista ondoren eman beharreko lehen urratsa zen. Kanpamentu militarren arau-ordenara ohituta zeuden erromatarrak, eta haien araberako antolamendua bideratu zuten espazio handien (nekazaritza-eremuen) eta espazio txikien (hirien) banaketa zehazterakoan.

Erroma Hiriaren Sorrera eta Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta etruriarren garrantzia handia izan, ezin izan zuten bere boterea kontsolidatu, penintsula osoko homegeinizazio edo bateraketa lortu ez zutelako. Hau lortuko zuena beste herri bat izango zen, Erroma. Honen sorrera, K. a. VIII. mendean kokatzen da (754. urte inguruan), eta bere jaiotza Romulo eta Remoren kondairaren mitoarekin lotua dago. Zeintzuk basoan bakarrik utzirik zeudenean otseme batek bulartu zituen. Bulartze hartatik, hain zuzen, eratorri ziren urbs edota urbe kontzeptuak. Gerora, Romulok Remo hil zuen, lehenengoak mendixka Palatinoan hira sortuz eta bere lehen errege bihurtuz. Egia esan, Tiberren hurbil zegoen asentamendu horretan ez ziren 200 pertsona baino gehiago bizi, hala ere, esan bezala, monarkia bat finkatu zen. Populazio horrek, orokorki, oinarri latindarra zuen, eta beraien hizkuntza, latina, penintsulako hizkuntza ofizial bihurtzea lortu zuten.

Erroma ez oso modu ordenatuan eraikitzen hasi zen. 520. urteraino Servio Tulio, erregeak, Erroma osatzen zuten zazpi mendixkak harresi baten bitartez inguratu zituen. Eta harresi haiek 426 hektarea hartzen zituen perimetroa inguratzen zuten. Honenbestez, hiriaren erdian Foroa gelditu zen; ekialdean Nekropolia; mendebaldean, Foro Boarioan, Jupiterren tenplua eta iparraldean Quirinalea. K. a. 391. urtean Galoen inbasioaren ondorioz hiria erre egin zen, eta berreraiki behar izan zen, hori bai, bere trazatu irregularra eta harresiek hartzen zuten perimetroa mantenduz. Bere berreraikitzean, trazatu irregularraren ondorioz, kale estu, serpenteante eta malda handikoak eraiki ziren. Gainera etxeak, modu nahiko traketsean eraikitzen zituzten. Hala nola, 174. urtean horrela definituko dute Erroma: “Hiri itsusi bat da, itxura zekena zuten eraikuntza publiko eta pribatuekin” .

Urte asko geroagoa, Cornelius Sullaren erregetzan (83-79. urte bitartean), honen ekimenez, hiriaren erreforma prozesu bat martxan jarri zen. Eraikin handien proiektuak eginarazi zituen eta erromatar arkitekturari zentzu berri bat eman zion, honen eskala aldatu egin baitzuen, ornamentazioaren maila eta kantitatea aldatuz, adibidez. Ildo beretik jarraitu zuen Zesarrek ere. Baina Erromaren edertzean eragin gehien izan zuena, Inperio garaiko Augusto dugu. Hiria 14 erregio ezberdinetan banatu zuen, eta bakoitzean suak itzaliko zituzten guardiak zeuden, baina aurrerago etxebizitzen nondik norakoak azaltzen ditugunean, argituko da etxebizitzak oso kalitate txarreko materialez egiten zirela eta hauek berehala suhartzen zutela. Hala nola, K.o. 64. urtean, hots, Neronen garaian sute ikaragarri bat eman zen. Zortzi egun iraun zuen suteak eta hiru auzo oso suntsitu zituen, zazpi gehiago kaltetzen zituen bitartean. Hau berriz ez gertatzeko, Neronek etxebizitzen eraikuntzarako arautegi bat ezarri zuen, zeinek hau esaten zuen: etxeak modu alineatu batean eta kale zabaletan eraiki behar ziren, etxeak altueran neurri konkretu batzuk hartu behar zituzten eta ezin ziren egurrez eraikiak egon suaren aurkako harriekin baizik.

II. mendearen erdialdera, milioi eta erdi biztanle zeuden Erroman, eta populazio gehiena hiriaren erdialdeko auzoetan kokatzen zen. Hala nola, Subura, Argilentum eta Velabrum deiturikoak ziren auzo populatuenak, eta hemen, zapatariak, liburu saltzaileak, saltzaile ibiltariak, aztiak, hizlariak, eta abar bizi ziren. Noski, auzo hauek nahiko modu anarkikoan eraiki ziren, ondorioz, kaleak estuak ziren eta espazioa denda eta tailerrentzako banatua zegoen. Etxebizitza gehienak alokatuta zeuden, eta askotan bi aldiz, eta honek prezioak asko igotzen zituen. Bizitza publikoa, Foroan, Kapitolioan, Marteren Zelaian eta Palatinoan egiten zuten biztanle hauek. Collis Hortoruma, berriz, familia aristokratikoentzako bizitegi-auzoak ziren.

Erroman ez zegoen garbiketa zerbitzurik ezta gaueko iluminaziorik ere. Gauez ateratzea oso arriskutsua zen, baina egunez, jendez beteriko kaleak aurki genitzakeen. Hurbileko mendietatik hamahiru akueduktuk ekartzen zuten ura hirira, ondorioz hiriko iturri anitzak beti zeuden urez beterik.

Argi dago, Erromako urbanismoa modu nahiko kaotikoan edota anarkikoan eman zela, eta agian, hau beste lurraldeetan ez gertatzearren, erromatar kanpamentuen planoetan oinarritutako hiri berriak egiten hasi ziren.

Beraz, hiri-esparruari berari dagokionez, Erroma izan zen hiri nagusia, hiri guztien hiria. Erroma hiria izan zen hiritarraren bizimodua erraztu, politika garatzeko lekuak eskaini, negozioak egiteko tokiak antolatu, eta aisia eta jolaserako guneak egokitu nahi zituzten erromatar hiri guztiek jarraitu beharreko eredua. Estratega handiek hiria edertzeko ideia bultzatu zutenean hasi zen hura edertzen, eta Inperio osoko erdigune distiratsu eta ereduzko bihurtu zen.

Erromatar hiri berriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Timgad hiriko hondarrak

Erromatarrek foroen inguruan gertatu zen populazioaren hazkundea ikusi zuten, eta honen ondorioz izan zen desordena eta anarkia urbanistikoa antzeman ere egin zituzten. Foroak bata bestearen ondoan eraikitzen ziren, superpopulazioaren arazoa konpondu nahian eta existitzen ez zen planifikazio arautuari aurre egiteko.

Baina Miletoko Hippodamoren eskutik erromatar hiri berriak egiteko eredu standard bat osatu zen. Bere sortzailearen omenez, trazatu hipodamikoa deritzogu. Trazatu honek erromatar legioen kanpamenduen eredua hartzen zuen oinarri bezala. Hots, plano erretikulatu uniformea sortu zuen. Hiria bi ardatz nagusiren inguruan eraikia egongo zen, Iparretik Hegoaldera zihoan kalea, Cardo Maximus deiturikoa; eta Cardoa gurutzatuz, Mendebaldetik Ekialdera zihoana, Decumanus Maximus deiturikoa. Horrela hiria, lau zati berdinetan banatua egongo zen, eta bi kaleen gurutzaduran eraikin publikoak (basilikak, teatroak, liburutegiak eta termak) eta Foroak kokatuko ziren. Hiribilduetan, ateak, aipatutako kale nagusien buru eta oinetan kokatu ziren.

Plano hipodamiko hau, esan dugun legez plano standard bat zen. Ez zuen latitude geografikoak inongo eraginik, Afrikaren iparraldean edota Frantzian oinarri berdineko hiriak eraiki ziren. Adibide bezala hauek ditugu: Ipar Afrikan, Timgad dugu eredu bezala; Frantzian Trier eta Ingalaterran Silchester, besteak beste.

Hiriko azpiegiturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mota askotako ingeniaritza-obrez hornituta zeuden erromatar hiriak:

  • Harrizko eta hormigoizko harresi sendoak, hiri-esparrua babesten zuten dorreez hornituak.
  • Osasuna ziurtatzen zuten estoldak eta iturriak (estolda handiak, Erromako Cloaca Maxima bezalakoak; ibaietan isurtzen ziren, eta beste mota bateko hodien bidez baliatzen ziren urak nahas ez zitezen).
  • Akueduktuak hiriak hornitzeko erabiltzen ziren. Ura beherantz joaten saiatzen zen grabitatearen indarraz baliatuz eta horrela presio handia eduki zezan. Hiriaren kanpoaldean amaitzen zen akueduktua eta ura urtegi batzuetan pilatzen zen, nondik hiri osoa hornitzen zen. Drainaje sistema baten eta, zeramikazko eta berunezko hodien bitartez heltzen zen ura etxeetara eta iturrietara. Gainera igarotzen giltzak jartzen ziren hornikuntza ixteko.
  • Galtzada-sare handiak ziurtatzen zuen hirien arteko eta metropoliaren eta gainerako hirien arteko komunikazioa. Hasieran galtzadak armadak eginak ziren joan-etorriak errazteko. Baina denboraren poderioz, merkataritza eta hirien sorkuntzak galtzada gehiago egitea eragin zuten. Galtzadak lerro zuen bat jarraitzen zuten, hiri batetik bestera modu zuzenean joateko. Galtzadak lau geruzez eginda zeuden: lurraren gaineko lehenengo gainazala lurrez eta harriz nahasturik egin zegoen; honen gainean harri, errekarri eta mortairuzko konposaketa bat jartzen zen; hirugarrena lokatz, zementu eta buztinezko adreilu zatizkoa zen; eta azkenekoa harrizko galtzadarriz eginda.
  • Zubi bikainak eraiki ziren galtzada haietan. Zubiak bere kalitate, tamaina eta arkuen formagatik hoberenak izan ziren.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]