Etxerat

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Etxean nahi ditugu 001.jpg

Etxerat euskal errepresaliatu politikoen (torturatuak, erbesteratuak, deportatuak, espetxeratuak, hildakoak...) senitartekoek eta lagunek osatutako Euskal Herriko elkarte nazionala da, haien eskubideak defendatzeko eta Euskal Herriko gatazka konpontzen laguntzeko asmoz diharduena.

Etxeraten sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espetxe politikak, presoen sakabanaketak eta Aljerko elkarrizketen ostean espetxeetako errepresio gordinak areagotzeak ekarri zuen errepresaliatu politikoen etxekoak euren nortasun propioarekin antolatzen hastea: 1989ko ekainaren 11n euskal errepresaliatu politikoen senitartekoen lehen bilera nazionala egin zuten. 1991eko urrian Senideak elkartea sortu zuten euskal errepresaliatu politikoen familiarrek, haien eskubideak defendatzeko.

Etxerat elkartea 2001ean sortu zen, izaera berarekin Hego Euskal Herrian ziharduen Senideak eta Ipar Euskal Herrian ziharduen Gureak elkarteak bateratzeko eta elkarte nazionala eratzeko prozesuaren ostean.

Batzar Nazionalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2001eko otsailean Donostiako Kursaal jauregian batzar nazionala egin zuten elkarrekin. Eta, urte bereko azaroaren 29an Gasteizen egin zuten batzar nazionalean, erakunde nazional berriari Etxerat izena jarri zioten.

Carmen Galdeano abokatua izan zen Etxerat sortu berriko lehendakaria.

2004ko martxoaren 21ean Batzar Nazionala egin zuen Tolosan. Batzarrean elkarteko lehendakari, idazkari eta batzarkideak berritu eta 2003ko jarduneko kontuak onartu zituzten. Errepresioaren egoera eta hurrengo urteetarako lan ildoak zehaztuko zituen txostena ere aztertu zuten. Hiru ildo nagusi aipatu zituzten: alde batetik, «gure senitarteko errepresaliatuei dagozkien eskubideen aldeko lana sakonduko dugu». Bestetik,«gure senitartekoen izaera politikoa eta eragiletza aitortuko dugu gizartearen aurrean». Horrekin batera, «gatazkaren konponbiderako ekimen guztietan gure ekarpena egingo dugu Etxerat gisa».[1]

2004ko irailaren 12an III. Batzar Nazionala egin zuen.

2005eko otsailaren 7an IV. Batzar Nazionala egin zuen Arrasateko Amaia Antzokian. 420 senide elkartu ziren nagusiki euskal preso politikoen egoera hizpide izan zen batzarrean. Presoak egiten ari ziren protestaldiak izan zituzten aztergai. Euskal gizartea presoen egoeraz jabetzen hasia zela aipatu zuten senideek eta batzarrean oso gogoan izan zituzten hildako Oihane Errazkin eta Kepa Miner presoek eta errepidean zendutako Leo Esteban eta Karmele Solaguren senitartekoak.[2][3]

2006ko martxoaren 26an V. Batzar Nazionala egin zuen Biarritzeko kasinoan.[4]

2008ko azaroaren 9an Etxeratek VIII. Batzar Nazionala egin zuen Etxarri Aranatzen. Etxeratek aurrera begirako lan ildoak markatu zituen batzarrean, eta zigorra bete edo larri gaixo dauden presoen askatasunerako eskubidean indar berezia eginen zuela erabaki zuen.[5][6]

2009ko azaroaren 15ean Etxeratek IX. Batzar Nazionala egin zuen Tolosako Leidor zineman. Asanbladaren hizpide nagusiak, barne kohesioa eta beraien senide eta lagun presoen eskubideen aldeko lanean sakontzea izan zen. Bertan, 2010eko urtarrilaren 2an Bilbon "euskal presoak euskal herrira dagozkien eskubideen jabe" goiburuarekin manifestazioa egiteko deia zabaldu zuten.[7][8][9]

2010eko maiatzaren 24an Joxepa Arregi Etxerat elkarteko lehendakaria hil zen Arrasaten.

2010eko azaroaren 7an Etxeratek X. Biltzar Nazionala egin zuen Arrasaten. Bertan egoera aztertu eta aurrera begirako lan ildoak eta erronkak finkatu zituzten. Biltzar Nazionalean Etxerateko lehendakari berria ere izendatu zuten: Fermina Villanueva. Biltzarra amaitzean omenaldi jendetsua egin zioten Joxepa Arregiri.[10][11]

2011ko azaroaren 27an XI. Biltzar Nazionala egin zuen Estibalitzen. Egin Dezagun Bidea egitasmoak deitutako mobilizazioekin bat egin zuten eta beraien jarrera honela definitu zuten: «Pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren jokaleku bat eraiki nahi dugu. Preso eta iheslaririk gabeko jokalekua».[12]

2012ko otsailaren 18an Etxeratek XII. Batzar Nazionala egin zuen Leioan.[13]

2014ko otsailaren 16an XIII. Biltzar Nazionala egin zuen Tolosan. Euskal presoen sakabanaketa amaitu beharra nabarmendu zuten.[14]

Abenduaren 16an, Etxerat-ek Bilbora joateko eskatu zuen «ardura eta konpromisoagatik» eta horrela, urtarrilaren 10eko asteburuan espetxeko bisitari uko egingo zioten senideek, manifestazioan egoteko[15].

2015eko maiatzaren 3an Etxerat elkarteak XIV. Nazio Batzarra burutu zuen Iruñean.2014ko balantzean auto-istripuak, preso gaixoen egoera, defentsa juridikoan eta osasungintzan jasandako erasoak salatu zituzten, eta sakabanaketarekin amaituko dutela esan zuten[16].

2016ko martxoaren 19an Etxeratek XV. Nazio Batzarra egin zuen Gasteizen. Egindako balantzean azpimarratu zuen presoen eta senideen egoerak aldatu gabe jarraitzen zuela egoera soziopolitikoak aldatuta ere [17].

Ikasketa batzordea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lurdes Rodriguez eta Ainhoa Larramendi, Etxerateko bozeramaileak, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian.

Etxeratek Ikasketa batzorde bat du, presoei ikasketak kudeatzen laguntzeko. 2006an Espainiako Auzitegi Gorenak Espainiako espetxeetan dauden preso guztiei Euskal Herriko Unibertsitatean ikasteko eskubidea kendu zienetik,[18] UNEDen egin izan dituzte euskal herritar preso errepresaliatu gehienek. Unibertsitate ikasketez ez ezik, presoen edozein ikasketaz ere arduratzen da batzordea.

Ikuspegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxerat elkartea espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriarekin duten gatazka politikoaren ondorio izanik, eta ikusmolde ezberdineko herritarrak biltzen dituen arren, bizi duten egoerari buruzko diagnostiko bateratua egiten du: «[...] Euskal Herriari nazio izateko eskubidea indarrez urratzeak eta helburu hau bide guztiz demokratikoak jarraituz ezin lortu izanak sortu du azken mendeetan milaka herritar inplikatu dituen gatazka [...]»

Helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxeratek errepresaliatuen eskubideak defendatzearekin batera, gatazka gainditzea du helburu estrategikoa, horrela soilik konponduko baita errepresio politikoa jasaten duten herritarren auzia.

Etxeratek gatazkaren konponbidea hiru ezaugarrietan definitzen du: Konponbideak politikoa izan beharko du, gatazkaren jatorria politikoa denez gero. Konponbideak demokratikoa ere izan beharko du, herritar guztien parte hartzea bermatu beharko du, errepresaliatuak barne. Eta behin-betikoa izan behar du, inork gehiago oraingo errepresioa jasan ez dezan.

Jardunbidea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Presoak Euskal Herrira da Etxeraten oinarrizko aldarrikapena

Etxeratek eragile sozial eta politikoak eragiten eta akuilatzen jarduten du, konponbidearen behar gorria eguneroko ordu guztietan bizitzen dutelako.

Etxeratek bost puntutan zehaztuta dauka bere ekinbidea:

« I. Gure senitartekoei pertsona gisa dagozkien eskubideak modu kohesionatuan zaintzea euren eta gure biziak bermatzeko.

II. Gure senitartekoei pertsona nahiz errepresaliatu politiko gisa dagozkien eskubideen urraketa etengabearen testigantza eta informazioa ematea. Ezkutatua izan arren, samurragoa ez den errealitate baten testigantza gizarteko eremu guztietara zabaltzeko konpromisoa hartu zuen Etxera elkarteak.

III. Milaka euskal herritarrengan, eta bereziki gure senitartekoengan, espainiar eta frantziar estatuek darabilten bortxakeria salatzea. Gure senitartekoek bereziki, eta gizarteak orokorrean, jasaten dituzten bizi baldintzak eta erasoak salatzea euskal gizartearen aurrean, gure senideek bizi duten errealitatearen bozgorailu izanez.

IV. Gure senitartekoen eta beraien borrokaren izaera politikoa nabarmentzeko konpromisoa ere hartu dugu.

V. Azkenik, gatazka politikoaren konponbidea bide demokratikoen bitartez aurkitzeko apustu egiten duten eragile sozial eta politikoekin lan egiteko konpromisoa hartu genuen. Gatazkaren konponbideak, zalantzarik gabe, gure senitarteko guztien etxeratzea ekarriko duelako.

»

Etxeraten kriminalizazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako gobernuak Ezker Abertzalearen aurka abiarazitako 18/98 sumarioetan Etxerat elkartea ere aipatu izan da hainbat ekinbide judizialetan. Hala ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontra bideratutako 33/01 auzian argi eta garbi adierazi zuten epaileek Etxerat elkartearen zilegitasuna Espainiako legediaren aldetik.[19]

Hala ere, 2009an Espainiako eta EAEko gobernuek presoen izaera politikoa deuseztatzeko abiatutako errepresio boladaren barruan Etxerat legez kanpo jartzea eskatu zion Adolfo Ares EAEko Herrizaingo sailburuak Espainiako Auzitegi Nazionalari, elkartearen helburuen artean presoen izaera politikoa eta beraien lana aldarrikatzea eta omentzea dela iritzita.[20] Eragile politiko ugarik salatu zuten Etxerat legez kanporatzeko saio hori.[21][22]

Elkartasun uholdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2009ko urriaren 25ean Elkartasun uholdea ekimena aurkeztu zuen Etxeratek Bilbon, euskal preso politikoen eta beren senideen eta lagunen eskubideak aldarrikatzeko.[23] Herritarren babesa eskatu zuten berriro ere, eta horretarako manifestu bat sinatzea ere.[24]

Miramar jauregiko jardunaldiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etxeratek euskal preso politikoen eskubideen aldeko jardunaldiak antolatu zituen 2009ko azaroaren 25, 26 eta 28an Donostiako Miramar jauregian.[25] Etxeratekin batera Euskal Herriko hainbat eragile sozial, sindikal eta norbanako esanguratsuek hartu zuten parte jardunaldietan. Etxeratek espetxe politikaren inguruan testigantza zuzena eman zuen, bertara joandako eragileekin batera diagnosi eta konpromiso zehatzak adosteko. Jardunaldien ostean, presoen eskubideen aldeko lana indartzeko konpromisoa hartu zuten LAB, EHNE, ESAIT, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokia, Torturaren Aurkako Taldea, Euskal Herrian Euskaraz, Bilgune Feminista eta Jaiki Hadik,[26] eta adostutako agiria eta hainbat ebazpen berezi kaleratu zituzten.[27]

2014ko abenduaren 8an, sakabanaketak 36 egunetik behin istripu bat sortu zuela 2014an adierazi zuen Etxerat-ek[28]. Gainera, presoen % 42 etxetik 800 km baino gehiagora zeudela gaineratu zuen[29].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Etxerat: «Ibarretxek barkamen publikoa eskatu behar du», Gara.
  2. Euskal presoen egoera salatzeko ekitaldi ugari egin dira asteburuan. Etxeraten batzarra goiena.net
  3. Etxeratek "konpromiso sendoak" eskatu ditu presoak Euskal Herriratzeko bidean euskalherria.ingymedia.org
  4. «Etxerat: "Ekarri gure senide eta lagunez osatutako Euskal Preso Politikoen Kolektiboa estatus politikoarekin Euskal Herrira, guztion artean eraiki behar baitugu biharko Euskal Herria, preso, iheslari eta seniderik gabeko etorkizuna"», pat-eh.org
  5. Etxeratek VIII. Batzar Nazionala burutu zuen Etxarri Aranatzen, etxerat.info
  6. Etxerat-en asanbladak jendetza bildu zuen guaixe.net
  7. Urtarrilaren 2an manifestazio nazionala deitu du Etxeratek bere IX. batzar nazionalean etxerat.info
  8. «Elkartasun uholde bat sortu behar dugu eskubideak zapal ez ditzaten» gara.net
  9. Senideak: «Gero eta kohesio handiagoa dugu gure artean» gara.net
  10. Ehunka pertsonek gogoratu dute Joxepa Arregi Herriko plazan Mondraberri
  11. Kronika | Etxeraten X. batzar nazionala gara.net
  12. Ibai Bilbao. Etxerat Bilboko kaleetan izango da urtarrilaren 7an Berria, 2011.11.29
  13. Ibai Bilbao. Etxeratek XII. Batzar Nazionala burutu du Leioan, etxerat.info
  14. Ibai Bilbao. Etxerat-eko kidea Sakabanaketaren bukaeraren hasiera marrazten hasi nahi dugu aurten Berria, 2014.02.18
  15. «Etxerat-ek Bilbora joateko deia egin du, «ardura eta konpromisoagatik» Berria, 2014-12-17
  16. ETXERATEN XIV. BATZARRA "Ez gara giza eskubideen alde lan egiteaz nekatuko"Berria, 2015.05.03
  17. Etxerat: "Bidaiatzeko erabakia gurea da; erantzukizuna, ez""Berria, 2016.03.20
  18. Maite ASENSIO: «Presoen ikasteko eskubidea, urratua beste ikasturte batez», Berria, 2009-08-04.
  19. 33/01 sententzia, PDF formatuan.
  20. Etxerat legez kanpo uzteko lanean ari da Herrizaingo Saila berria.info
  21. EAJk, EAk eta Aralarrek Etxerat legez kanporatzeko saioa salatu dute berria.info
  22. Etxerat-en lana ezkutatu nahi dutela salatu du ELAk berria.info
  23. Tantaka osatzen ari den uholdea berria.info
  24. Elkartasun uholdea
  25. Bihar hasiko dira presoen eskubideen aldeko jardunaldiak Miramar jauregian, etxerat.info
  26. Presoen eskubideen aldeko lana indartzeko konpromisoa hartu dute berria.info
  27. Jardunaldietako adierazpen orokorra eta ebazpen bereziak hemen ikusgai, etxerat.info
  28. «Sakabanaketak 36 egunetik behin istripu bat eragin du 2014an, Etxerat-en arabera», Berria, 2014-12-08
  29. «Presoen % 42 etxetik 800 km baino gehiagora daudela salatu dute», EiTB, 2014-12-08

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]