Euskal Herritarrok

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Euskal Herritarrok
Bozeramailea Arnaldo Otegi
Sorrera 1998ko irailan
Desegitea 2003ko martxoaren 17a1
Egoitza nagusia Donostia (itxita)
Ideologia politikoa Euskal nazionalismo
Ezker abertzale
Independentismo
Sozialismo
1 Espainiako Auzitegi Gorenak legez kanpo utzi zuen.

Euskal Herritarrok (EH) 1998an sortutako hautes elkarte bat zen, Hego Euskal Herriko abertzale eta ezkertiarrak biltzeko asmoa zuena. 2003ko martxoaren 17an, Espainiako Auzitegi Gorenak Euskal Herritarrok legez kanpo utzi zuen, Batasuna eta Herri Batasuna alderdiekin batera.[1][2]

1998ko eta 2001eko Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetara eta 1999ko udal eta foru bozkaketetara (Nafarroako parlamentua barne) aurkeztu zen.

EHren barran, Herri Batasuna alderdiak zuen indar nagusia, nahiz eta Batzarre eta Zutikeko kideek ere parte hartu. Azken bi alderdi horiek hautes elkartea utzi zuten 1999an, ETAk su-etena hautsi zuela eta.

EHko kide ezagun gehienak Batasuna alderdira igaro ziren, alderdi horren sorrera prozesuan parte hartu ostean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarreko 1998ko hauteskundeetara lehendakaritzarako hautagairik gabe aurkeztu zen EH, erakunde horretan era iraunkorrean parte hartuko ote zuen argitu gabe. Hauteskundeetara aurkeztu aurretik, hala ere, Hauteskunde Batzordeak eskatutako sinadurak jaso behar izan zituen, talde berri bezala hartu baitzuten. Horrexegatik, HBk izandakoak baino diru laguntza eta hauteskunde espazio gutxiago izan zituen kanpainan zehar. Talde berritzat hartua izan zenez, ezin izan zituen jaso HBri 1994ko emaitzen arabera zegozkion 22 milioi pezetak. EAEko Legebiltzarrerako hauteskunde haietan 224.001 boto jaso zituen EHk (guztizko kopuruaren % 17,91), eta 14 eserleku eskuratu zituen Gasteizko ganberan, EAEko hirugarren indar politiko bilakaturik. Nabarmen hobetu zituen 1994an HBk lortutako emaitzak, orduko hartan 166.147 boto (% 16,29) eta 11 eserleku lortu baitzituen Herri Batasunak. EAJ suertatu zen garaile hauteskunde haietan. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritza osatzearen ardura euren gain hartu zuten EAJk eta EAk. Gutxiengo egoera horretan, EHrekin lankidetza akordioa sinatu zuten 1999-2002 legegintzaldirako, eta Eusko Jaurlaritza EHren unean uneko babes parlamentarioarekin hasi zen lanean.

Nafarroako Foru Parlamenturako 1999an egin ziren hauteskundeetara ere aurkeztu zen EH, eta 47.271 boto (emandako botoen % 15,96) eta 8 eserleku lortu zituen. Nafarroako Foru Erkidegoan ere nabarmen hobetu zituen Herri Batasunak 1995eko hauteskundeetan lortutako emaitzak, 1995ean, 27.404 boto (% 9,4) eta 5 eserleku lortu baitzituen HBk. Argitu beharra dago 1995eko foru hauteskundeetan, Herri Batasuna eta Batzarre, bakoitza bere aldetik joan zirela Nafarroan. 1999an, aldiz, lau urte lehenago 6.500 boto lortutako Batzarre Euskal Herritarrok taldearen barruan aurkeztu zen hauteskundeetara. Hala eta guztiz ere, 1995ean bi taldeek lortutako emaitzak batuta ere askoz ere hobeak izan ziren 1999an EHk lortutakoak.

ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz ekin zionean, ordea, Batzarrek jarduera hori gogor kritikatu eta EHtik irtetea erabaki zuen, nahiz eta Milagros Rubio Batzarreko ordezkariak EHren taldean zeukan eserlekua gordetzea erabaki zuen Batzarrek, eta talde mistoko kide bezala gelditzea. 1999ko udal hauteskundeetan ere oso emaitza onak lortu zituen EHk. EAEn, esaterako, botoen % 19,91 eta 679 zinegotzi lortu zituen, eta bakarka aurkezten zen alderdien artean boto gehien lortu zituena bilakatu zen. Gogoan izan behar da udalerri askotan elkarrekin aurkeztu zirela hauteskunde haietara EAJ eta EA, zerrenda bakar eta bateratuak aurkeztuz. Hauteskundeen ondoren, Hego Euskal Herriko hainbat udaletan elkarlanari ekin zioten EAJ-EAk eta EHk, alkatetzak lortzeko elkarri laguntza eskainiz. Elkarlan hura Bizkaiko 25 udaletan, Arabako 11tan eta Gipuzkoako 8tan gauzatu zen. 2000. urtearen erdialdera, ordea, bertan behera gelditu zen lankidetza udal gehienetan, ETAk su-etena bertan behera utzi eta borroka armatuari berriz ekin ondoren EHk ez baitzuen, gainerako bi alderdiek eskatu bezala, ETAren jarduna gaitzetsi.

1999ko ekainean egin ziren Europako Parlamenturako hauteskundeetan ere hartu zuen parte Euskal Herritarrok-ek, eta 223.030 boto lortu zituen, 1994ko hauteskundeetan baino 83.000 gehiago; Koldo Gorostiaga zerrendaburua europarlamentari bilakatu zen. 2000. urtean, berriz, bertan behera gelditu zen EHk Euskal Legebiltzarrean EAJ-Earekin zeukan lankidetza akordioa, eta apirilean Legebiltzarrera era iraunkorrean joateari utzi zion EHk, ordutik aurrera erakunde horretan unean-unean baino ez zuela parte hartuko adieraziz. Egoera horretara heldu aurretik, eta 2000. urteko otsailean ETAk Fernando Buesa PSE-PSOEko legebiltzarkidea hil ondoren, Juan Jose Ibarretxek berak adierazi zuen indargabetutzat ematen zuela lankidetza akordioa EHk ETAren jarduera gaitzesten ez bazuen. Handik bi hilabetera, Arnaldo Otegi EHko bozeramaile parlamentarioak eraikuntza nazional prozesuak epel jokatzea egotzi zien gainerako alderdi abertzaleei, eta lankidetza hitzarmena alde batek etenik utzi zuenez, EH konpromiso guztietatik libre sentitzen zela adierazi zuen. 2001. urteko urtarrilean, Euskal Legebiltzarreko Mahaiak EHko legebiltzarkideei soldatarik ez ematea erebaki zuen. Bestalde, 2000. urtean Espainian egin ziren hauteskunde orokorretan ez parte hartzea erabaki zuen EHk, eta abstentzioa bultzatu zuen.

Hauteskundeetako emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauteskunde-deialdia eta -data
Botoak
%
Parlamentarioak/Zinegotziak/Batzarkideak
1998ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 224.001 17,91 14
1999ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak 47.271 15,58 8
1999ko udal hauteskundeak 272.446 890
1999ko Europako Parlamenturako hauteskundeak 306.923 1 a
1999ko foru hauteskundeak 228.528 20,04 29 b
2001eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak 143.139 10,12 7

a Koldo Gorostiaga eurodiputatu izan zen.
b Hauteskunde hauetako bigarren indar politikoa izan zen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]