Extinction Rebellion

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Extinction Rebellion, green placard (cropped).jpg

Extinction Rebellion (euskaraz, Matxinada ala Desagerpena) indarkeriarik gabeko erresistentzia erabiltzen duen mugimendu sozial ekologista da, klima larrialdia eta biodibertsitatearen galera salatzen dituena [1]. Presio-talde gisa jarduten du, munduko gobernuek klima larrialdiaren aurrean neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzaten. Era berean herritarren kontzientziazioa ere bilatzen du, berotze globalak ekar ditzakeen ondorio larriak (gizakien desagerpen bera, kasu) azpimarratuz [2] [3].

Mundu mailan jarduten du, ehunka herrialdetan. Erresistentzia eta protesta baketsuak baina irmoak burutzen ditu, bere kideak sarritan atxilotuak eta espetxeratuak izatera eramaten dituztenak [4]

2018an agertu zen Erresuma Batuan, ehun irakasle inguruk berotze globalaren aurkako dokumentu bat sinatu zutenean. Urte horretako urrian lehenengo manifestazioak eta desobedientzia zibilaren ekintzak gertatu ziren Londresen, atxiloketa ugari egonik. 2018ko abenduan bigarren dokumentu bat sinatu zuten hainbat intelektualek (tartean, Noam Chomsky linguista ospetsuak, Naomi Klein kazetariak eta Vandana Shiva ekologista hinduak) jendeari larrialdi klimatikoaren alde mobilizatzera deitzen ziona.

Extinction Rebellion-ek zirkulu batean sartutako erloju bat erabiltzen du ikur gisa, denboraren igarotzeak gure planetako bizia mehatxupean jartzen duela gogoratzeko.

Ekintzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Extinction Rebellion-en kontzentrazioa, Oxford Circus, Londresen, 2019ko apirilaren 19an

Lehenengo mobilizazio eta ekintza jendetsuak 2019ko apirilean gertatu ziren Londresen. Milaka ekologistak hiri horretako bost toki estrategiko modu baketsuan okupatu zituzten, 1.000 atxilotu baino gehiago egonik [5]. Antzeko ekintzak ere burutu ziren munduko beste 80 hiritan.

Extinction Rebellion-en sortzaileak protesta-medio klasikoen (kaleko manifestazioak, adibidez) eraginkortasun ezaz konturatu ziren, eta beste erreferentzia batzuk aintzakotzat hartu zituzten: Occupy London herri mugimendua, Ghandik sortutako indarkeriarik ezaren eta desobedientzia zibilaren filosofia, sufragisten eta eskubide zibilen aldeko mugimendu afroamerikarraren estrategia (Martin Luther King), etab.

Mugimendu honen aurkako kritikek "erradikalegia" eta "errealak ez diren proposamenak bultzatzen dituela" diote. Halere, sortu zenetik nabarmen hedatzen ari da munduan zehar, gaur egun (2019ko abenduan) Euskal Herrian oraindik talde antolaturik ez egon arren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zubiria, Pello: Extinction Rebellion: itxaropenik ezean, matxinatu ARGIA, 2019-01-27
  2. Matthew Taylor [https://www.theguardian.com/environment/2018/oct/26/we-have-a-duty-to-act-hundreds-ready-to-go-to-jail-over-climate-crisis 'We have a duty to act': hundreds ready to go to jail over climate crisis} The Guardian, 2018-10-26
  3. Nye, Catrin Extinction Rebellion: The climate protesters who want to get arrested BBC, 2019-04-10
  4. Rinvolucri, Bruno 'We can't get arrested quick enough': life inside Extinction Rebellion - video The Guardian 2018-11-22
  5. de Miguel, RafaelLa lucha global contra el cambio climático toma impulso en Londres El País, 2019-04-23

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • [1] Extinction Rebellion-en webgunea