Filomela eta Prokne

Wikipedia, Entziklopedia askea
Filomela eta Prokne
Jatorria
Ezaugarriak
Deskribapena
Honen parte daMetamorfosiak
Greziar mitologia

Filomela eta Prokneren elezaharra Ovidio poeta latindarraren Metamorfosiak lanean aurki daitekeen greziar mitologiako ipuina da. Euskaraz, Juan Mari Mendizabalek itzuli zuen Ipuin Ankerrak bilduman, Filomela eta Prokne izenburuarekin[1]. Xerezaderen Artxiboa literatur podcast-ean grabatu zuen halaber Ana Morales itzultzaileak[2].

Istorioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ahizpak ziren Filomela eta Prokne, Pandion Atenasko errege mitikoaren alabak. Prokne Trazian zelarik hango Tereo erregearekin ezkondua, ahizpa Filomela joan zitzaion bisitan, eta Tereok Filomela bortxatu egin zuen, eta bortxatu ondoren, mihia moztu krimena sala ez zezan. Baina tapiz bat ehunduz Prokne ahizpari jakinarazi zion gertatua Filomelak, eta ahizpek mendekua egin zuten. Proknek Tereorekin zuen semea hil egin zuten, eta sukaldatu erregeari jaten emateko. Oturuntza antropofagikoa amaitzeko, jakin zezan Tereok zer gertatu zen, semearen burua zerbitzatu zioten plater batean.

Tereok, amorruak erotuta, aizkora bat hartu eta ahizpak hil nahi izan zituen. Ihes egin zuten Filomelak eta Proknek basorantz, eta ihesi zihoazela laguntza eta barkamena eskatu zieten jainkoei, txori bihurtzeko, arren, ihes egiteko. "Filomela basoetako urretxindor bilakatu zen; Prokne, berriz, enara bihurtu eta bere jauregiko dorrean pausatu zen", dio Ovidiok[3]. Jainkoek, gainera, Tereo bortxatzailea ere txori bihurtu zuten, minik gehiago egin ez zezanː argi-oilar bihurtu zuten.

Eragin kulturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bortxaketaren gaia hainbat mito greziarretan ohikoa bada ere (Medusarenean adibidez, edo Europaren bortxaketaren kasua), ezaugarri bereziak ditu istorio honetan. Batetik, mendekua beren esku hartzen dute bi emakumeek, ahizpatasun ekintza batean. Greziarren ikuspegi klasikoan "emakume arriskutsuen" rol estereotipatuaren adibide izan zitezkeen, hortaz[4], baina irakurketa feminista berriagoetarako ere bide ematen du. Batetik, bortxaketaren ondorioa mututasuna dela azpimarra daiteke, eta hala ere, ekintza koordinatu eta erantzuteko gauza da Filomela.[5]

Dela motibo batzuengatik edo besteengatik, artearen historian sarri erabili den motiboa izan da istorio hau. Adibidez:

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. «Ipuin ankerrak, Herodoto - Ovidio» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-02).
  2. «FILOMELA ETA PROKNE, Ovidio» blogak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-02).
  3. «Ipuin ankerrak, Herodoto - Ovidio» armiarma.eus (Noiz kontsultatua: 2018-03-02).
  4. (Ingelesez) Team, IASH. (2016-09-15). «Philomela and Procne : Dangerous Sisters» Dangerous Women Project (Noiz kontsultatua: 2023-06-09).
  5. (Ingelesez) Goode, Greg. (2014-02-16). «Remembering Philomela: Origins of the Mute Woman, and Why She Remains Pertinent to Feminists» So to Speak (Noiz kontsultatua: 2023-06-09).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]