Ana Morales
| Ana Morales | |
|---|---|
| Bizitza | |
| Jaiotza | Bilbo, 1969ko urtarrilaren 27a (57 urte) |
| Herrialdea | |
| Bizilekua | Leioa |
| Hezkuntza | |
| Heziketa | Deustuko Unibertsitatea : Euskal Filologia Marylandeko Unibertsitatea : genero-ikasketak |
| Hizkuntzak | euskara gaztelania |
| Jarduerak | |
| Jarduerak | itzultzailea, interpretea eta idazlea |
| Enplegatzailea(k) | Euskal Herriko Unibertsitatea Nazio Batuen Erakundea |
Ana Isabel Morales Carro (Bilbo, Bizkaia, 1969ko urtarrilaren 27a) idazlea, itzultzailea eta interpretaria da. Euskalduna eta feminista. Bere lanak Ana Morales deituraz izenpetzen ditu. Itzultzaile lanetan, Jane Austen euskaratzen nabarmendu da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilboko San Inazio auzoan jaio eta hazia, nagusitan euskaldundutakoa da Ana Morales. Euskal Filologia ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta genero ikasketak egin zituen Marylandeko Unibertsitatean. 2002an UEUk eta EHUk antolatutako Hizkuntza Teknologia masterra egin zuenean itzulpen automatikoek eta itzulpen-memoriek euskararako zuten erabilgarritasuna aztertu zuen.[1] Itzultzaile eta interpretari lanak egin izan ditu Nazio Batuen Erakundean (New Yorkeko egoitzan, ingelesaren, frantsesaren eta gaztelaniaren artean) eta Euskal Herriko Unibertsitatean (ingelesaren, euskararen eta gaztelaniaren artean). Egun, EHUn ari da lanean.[2]
Literaturaren alorrean, itzultzaile eta sortzaile izateaz gain, dibulgatzailea ere bada Ana Morales, Jasone Larrinagarekin batera Xerezaderen Artxiboa literatur podcasta ekoizten baitu, eta hainbat ipuin itzuli ditu proiektu horretarako. Bilbo Hiria Irratian emateaz gain, Interneten argitaratzen dira podcast ale horiek.
Ana Moralesen ama galleta-egilea izana zen, Bilboko Artiach fabrikan lan egindakoa. 2023. urtean, Bilboko Udalak, emakume langilearen memoria aitortzeko, kale bana eskaini zizkien emakume galleta-egileei eta emakume zamaketariei; gaztelaniaz garden ageri zen eskaintza hori (avenida Galleteras eta avenida Cargueras), baina euskaraz, ordea, lanbide horietan aritutako guztiak aipatzen ziren, gizon nahiz emakume izan: Galletagileen etorbidea eta Zamaketarien etorbidea. Emakumeak omentzeko asmoa zuten izen horietan euskaraz emakumeak ageri ez zirela eta horrek bi gizatalderi —euskaldunei eta emakumeei— kalte egin ziela ohartuta, Ana Moralesek akats hori zuzentzeko eskaerak bidaltzeari ekin zion 2024ko martxoan. Bilboko Udalak, Emakundek eta Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak erantzun zioten izen horiek aldatzeko ezin zutela ezer egin. Azkenean, 2025eko ekainaren 26an, EH Bilduren eta Euskarako zinegotziaren bidez Bilboko Udalean aurkeztutako mozio bati esker, Ana Moralesen ekimenak lortu zuen izen horiek zuzentzea: Bilboko kale horien euskal izenak Emakume Galletagileen etorbidea eta Andre Zamaketarien etorbidea dira orduz geroztik.[3]
Itzulpen lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edna St. Vincent Millay. Munduko poesia kaierak. Edna St. Vincent Millay (2021). Poesia.
- Genero nahasmendua: Feminismoa eta identitatearen subertsioa. Butler, Judith (2018). Saiakera.[4]
- Kristo irakiarra. Blasim, Hassan (2017). Narratiba.
- Watsondarrak. Austen, Jane. (2015). Narratiba.
- Emakumeen lanbideak edo Etxeko Aingerua hiltzea. Woolf, Virginia (2014). Saiakera.
- Harrotasuna eta aurrejuzguak. Austen, Jane. Lehen itzulpena, Literatura Unibertsala sortan (Ibaizabal, 1996), eta itzulpen berregokitua 2013an (Elkar), Austenen lanaren 200. urteurrenean.
- Hormako paper horia. Perkins-Gilman, Charlotte (2012).
- Liburutegiko leihoaren misterioa. Oliphant, Margaret (1999).
- Désiréeren umetxoa. Chopin, Kate (2013)
Sorkuntza lan literarioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Haur eta gazte literatura landu du Ana Moralesek bere idazki propioetan:
- Esnea etorriko zaizu. Erein, 1996.
- Non ete da Txori Herria? Erein, 2001.
- Arazoak zinetokian. Pamiela, 2009.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «HIZTEK masterreko graduazio lanak» sustatu.eus (kontsulta data: 2019-03-09).
- ↑ «Pasazaite» www.pasazaite.com (kontsulta data: 2018-07-04).
- ↑ Iza Erkis, Goiatz. (2025-07-09). «Emakumeei omenaldia emakumerik gabe» Berria (kontsulta data: 2025-07-09).
- ↑ «Ana Isabel Morales Carro» NOR da NOR euskal itzulpengintzaren datu basea (kontsulta data: 2025-07-09).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Xerezaderen Artxiboa literatur podcasta.
- Ana Morales Twitterren: @anaisni
- «Ana Isabel Morales Carro» NOR da NOR euskal itzulpengintzaren datu basea (kontsulta data: 2025-07-09).
- Astiz, Iñigo. «Ana Isabel Morales: Zubi bat bi ilunpetarantz» Berria 2022-08-20 (kontsulta data: 2025-07-09).