Flandriar nazionalismo

Wikipedia, Entziklopedia askea
Flandriar nazionalismoa» orritik birbideratua)
Flandriako bandera. Flandriako abertzaleek aldaketa txiki bat egin diote bandera honi, lehoia guztiz beltza baita, baita mihia eta atzaparrak ere

Flandriar nazionalismoa (nederlanderaz: Vlaamse Beweging) Flandriarentzat autogobernu handiagoa edo independentzia osoa eskatu eta Flandriako kultura eta -bereziki- hizkuntza babestu nahi duen ideologia politikoa da. Belgikako Erresuma sortu (1830ean) eta urte gutxira agertu zen, Estatu berriak hasieratik frantses hizkuntzaren aldeko hautua egin zuenean. XIX. mendearen bigarren erdian eta XX. mendearen hasieran Flandriako hizkuntzaren aldeko aldarrikapenak egitera mugatu zen, baina XX. mendearen hirugarren hamarkadan alderdi abertzale flandriarrak agertu ziren, flandriar abertzaletasunari eduki politikoak eman zizkiotenak.

Bigarren Mundu Gerran naziek Belgika inbaditu zuten, eta flandriar abertzale ugarik haien alde jo zuten, pairatzen zuten bazterketa linguistikoa naziek gainditzen lagunduko zietelakoan. Gerra bukatuta, nazionalismo flandriarrak ospe ona galdu zuen Belgikan, eta bere alderdi politiko nagusia, Vlaamsch Nationaal Verbond, VNV) debekatuta eta ilegalizatuta izan zen.

Hala ere, 1954. urtean Volksunie (Herri Batasuna, euskaraz) izeneko alderdia sortu zen, arrakasta handia lortu zuen lehenengo alderdi abertzale flandriarra izanik. Alderdi hori 2001ean desegin zen eta desagertze horietatik alderdi abertzale berriak azaldu ziren (Nieuw-Vlaamse Alliantie -NVA- garrantzitsuena izanik).

Joera ideologikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Independentistak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Multzo honetan dauden alderdi politikoek independentzia osoa eskatzen dute Flandriarentzat. Bruselas hiriburua izanik, Flandriako errepublika aldarrikatzen dute. Vlaams Belang-ko eskuin muturrekoek eta Nieuw-Vlaamse Alliantieko (N-VA) kontserbadoreek ikuspuntu horri eusten diote. 2010eko Belgikako hauteskundeetan N-VA lehenengo indarra izan zen (botoen %17,40a Belgika mailan, askoz gehiago Flandrian) eta Vlaams Belang zazpigarren postuan geratu zen, botoen %7,76a lortuta.

Ezkerreko esparruan Meervoud mugimendu independentista da ezagunena.

Multzo honetan ere Herbehereekin batasuna egin nahi duten hainbat mugimendu daude, baina haien indarra ahula da gizartean.

2014ean egindako hauteskundeetan, abertzale independentistek (N-VA eta Vlaams Belang) inoizko emaitzarik onenak lortu zituzten, eta Flandriako Parlamentu autonomikoan %40ko ordezkaritza lortu zuten bien artean, gehiengotik gertu. 2019ko Flandriako hauteskundeek gorazko joera hori baieztatu zuten, eta alderdi independentistek botoen %45a eskuratu zuten [1]

Konfederazioaren aldekoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CD&V alderdiko demokrata-kristauek, VLD alderdiko liberalek eta SLP alderdiko ezkertiarrek antolakuntza konfederala aldarrikatzen dute Belgikarentzat, gaur egungo federalismoa gaindituz. Egungo hiriburua, Bruselas, hizkuntzaren aldetik eremu misto batean kokatuko litzateke, gaur bezala. Erregimen konfederalak autogobernu maila handiagoa ekarriko lioke Flandriari, Estatuaren eskumen esklusiboak asko murriztuko liratekeelako.

Sentimendu nazionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Belgika mailan 2010ean egindako inkesta batek agerian jarri zuen flandriarren artean gehiago direla euren burua flandriartzat jotzen zutenak belgiartzat jotzen zutenak baino [2]

Nortasun nazionala Frankofonoek Flandriarrek
Belgiarra %55 %37
Flandriarra -- %45
Munduko hiritarra %16 %8
Europarra %16 %8
Valoniarra %9 ---
Bruseldarra %2 --
Ez daki %2 %2

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Flandriar independentismoa, gora Naziogintza.eus
  2. Les Belges sont très critiques… La Libre Belgique 2010-10-20an

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]