Flossenbürgeko kontzentrazio esparrua
Flossenbürgeko kontzentrazio esparrua | |
---|---|
KZ Flossenbürg | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Alemania |
Alemaniako estatua | Bavaria |
Regional district in Bavaria | Palatinatu Garaia |
Bavariako baserri-barruti | Neustadt an der Waldnaab |
Hiri ez den Alemaniako komunitate | Flossenbürg |
Koordenatuak | 49°44′08″N 12°21′21″E / 49.7356°N 12.3558°E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1938ko maiatza |
Suntsipena | 1945eko apirilaren 23a |
Webgune ofiziala | |
Flossenbürgeko kontzentrazio esparrua (alemanez, Konzentrationslager Flossenbürg) kontzentrazio esparru bat izan zen, naziek eratu zutena 1938an, Flossenbürg (Bavaria) herritik hurbil. Zabalik egon zen bitartean, 96.000 bat mila atxilotu igaro ziren bertatik; horietatik, 30.000 inguru hil ziren, tartean euskal herritar batzuk.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1938ko maiatzaren hasieran, Dachauko esparruko ehun bat atxilotu Flossenbürgera eraman zituzten, kontzentrazio esparru bat eraikitzera, SSko agintariek aukeratutako leku batean, hurbilean granito harrobi handiak zirela profitatuz.[1] Esparrua 800 metroko garaieran dago, baso baten bihotzean, Oberpfalzen (Palatinatu Garaia), hiri handi guztietatik urrun. Lehen barneratua preso alemaniar bat izan zen, 1938ko maiatzaren 3an erregistratua.
Eraiki zutenetik eta 1945eko apirilean suntsitu zen arte, 100.000 atxilotu baino gehiago barneratu zituzten esparruan eta haren eranskinetan (edo kommando izenekoetan), eta haietatik 30.000 hilik gertatu ziren.[2] Frantziatik Flossenbürgera zuzeneko garraiorik inoiz antolatu ez bazen ere, Frantzian atxilotutako asko iritsi ziren deportatuta hara, aurrez Buchenwaldeko kontzentrazio esparruan denboraldi batez egon ondoren.[3]
Bi ardatz nagusiren inguruan eginarazten zieten lana atxilotuei: alde batetik, armagintza, eta, bereziki, Messerschmitt aeronautika lantegiak; eta, bestetik, granito harrobietako lanak, tunelen zulaketa eta lurpeko lantegiak.
1945eko apirilean, milaka deportatu iritsi ziren Flossenbürgera, beste esparruetatik ekarrita, heriotzaren martxan eraginez, eta barneratuak izan ziren, inskripziorik batere egin gabe. 1945eko apirilaren 20an, tropa aliatuak hurbil zirenean, esparrua ebakuatu egin zuten, lau zutabetan antolatuta, guztira 14.800 atxiloturekin, eta horietako bat Dachauara iritsi zen. 80 km inguruko ibilaldietara behartuta, 7.000 bat preso hil ziren, eta bizirik atera zirenak 1945eko apirilaren 23an askatu zituen, Chameko errepidean, Estatu Batuetako 3. armadaren infanteriako 90. dibisioko zutabe blindatu batek. Beste zutabe batek esparrua askatu zuen, erresistentziarik gabe, egun berean.[4]
Timbres filateliari buruzko frantses aldizkariak[5] Flossenbürg esparruko Prämienschein bat argitaratu zuen, 2008ko apirilean.[6] Aldizkari horren arabera, emakume deportatuek eman beharreko sexu zerbitzu baten balioko txartel bat zen; Ravensbrück emakumeen esparruan nahitaez errekrutatu eta Sonderbauten izeneko barrakoi berezi itxietan jartzen zituzten naziek. Deportazioaren alderdi hori gutxi aipatzen da gerraosteko artxiboetan, emakumeek ez baitzuen testigantzarik eman nahi izan.[7]
Euskal deportatuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal herritar batzuk izan ziren deportatuak Flossenbürgera, Francoren estatu kolpearen ostean Errepublikaren alde borrokatu ostean, Frantziara ihes egin eta, Bigarren Mundu Gerran, nazien aurkako ekintzetan atxilo hartuak izan ondoren. Horien artean daude, besteak beste, Anjel Lekuona busturiarra, Juan Larburu hernaniarra edo Bixente Retegi irundarra.
Oroimena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdeko gazte elkarteek nazioarteko topaketa bat antolatzen dute urtero Europa osoko gazteekin eta kanpamentutik bizirik atera zirenekin. Esparruaren webguneak erregistro bat eskaintzen du sarean, 2016. urteaz geroztik, bertan hildako 21.000 pertsonen izenekin.[8]
Flossenbürgeko kontzentrazio esparruan hildakoen artean ziren, besteak beste:
- Dietrich Bonhoeffer (1906-1945), artzain luteranoa, 1945eko apirilaren 9an urkatua, 1944ko uztailaren 20ko atentatuan parte hartzeagatik.
- Wilhelm Canaris (1887-1945), almirantea, 1945eko apirilaren 9an urkatua, baita ere 1944ko uztailaren 20ko konplotean partaide izateagatik.
Bizirik irtendakoen artean Teresa Noce (1900-1980), italiar partisano, sindikalista eta politikari antifaxista.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Frantsesez) Association des Déportés et Familles de Disparus du camp de concentration de Flossenbürg et Kommandos. «Historique du camp | Flossenbürg» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
- ↑ (Frantsesez) Association des Déportés et Familles de Disparus du camp de concentration de Flossenbürg et Kommandos. «Historique du camp | Flossenbürg» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
- ↑ (Ingelesez) Blatman, Daniel. (2013). The death marches: the final phase of Nazi genocide. Massachusetts: Harvard University Press ISBN 978-0674725980. (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
- ↑ (Frantsesez) «Úvodní stránka | KZ-Gedenkstätte Flossenbürg» www.gedenkstaette-flossenbuerg.de (Noiz kontsultatua: 2023-07-25).
- ↑ (Frantsesez) Catalogue Bpi - Centre Pompidou. Document Timbres magazine. (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
- ↑ Timbres magazine, 89. zk., 2008ko apirila, « Pouvez-vous me dire ? » atala, 99. or. ISSN 1620-252X.
- ↑ (Ingelesez) «Nazi Sex Slaves: New Exhibition Documents Forced Prostitution in Concentration Camps - DER SPIEGEL» web.archive.org 2022-10-23 (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).
- ↑ (Ingelesez) «Memorial Archives > Archive Request» memorial-archives.international (Noiz kontsultatua: 2023-08-02).