Anjel Lekuona Beitia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Anjel Lekuona Beitia

Bizitza
JaiotzaBusturia1913ko martxoaren 1a
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
HeriotzaHradištko1945eko apirilaren 9a (32 urte)
Heriotza moduagiza hilketa: bala zauria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakegurgilea eta militarra
Zerbitzu militarra
Adar militarraEusko Gudarostea
Espainiako Bigarren Errepublika
Parte hartutako gatazkakEspainiako Gerra Zibila
Bigarren Mundu Gerra

Anjel Lekuona Beitia (Busturia, Bizkaia, 1913 – Hradištko, Txekia, 1945) miliziano edo gudari bat izan zen, nazien kontzentrazio esparru batean eraila izan zena. Francoren estatu kolpearen ostean Errepublikaren alde Euskal Herrian, Kantabrian eta Asturiasen borrokatu ostean, beste borrokalari asko bezala, itsasontziz Frantziara iritsita, Kataluniara sartu zen, frankisten aurkako borrokan jarraitzera. Katalunia faxisten esku erori zenean, Frantziara ihes egin zuen; Gurseko kontzentrazio esparruan denbora batez egon ostean, naziek Frantzia okupatu eta gero, 1943an, Gestapok atxilotu zuen, Erresistentziarentzat lanean ari zelakoan. Buchenwaldeko kontzentrazio esparrura, lehenik, eta Flossenbürgera, gero, eraman zuten. Azken kontzentrazio esparru horren adar bat zen Hradištkoko esparruan hil zuten tiroz.

Jatorria eta familia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anjel Lekuona umetan, zutik, eskuinetik bigarrena, Gorlizko erietxean; gaixo egon zen denbora luzez.

Anjel Lekuona 1913ko martxoaren 1ean jaio zen, Busturian (Busturialdea, Bizkaia), Apraiz baserrian.[1] Aita Toribio Lekuona Gorrotxategi[2][oh 1] aulestiarra (1891-04-27) eta ama Antonia Beitia Gallastegi[3] aramaioarra (1890-01-17) izan zituen. 11 neba-arrebetan zaharrena zenez Anjel, etxean lagundu beharrak ez zion eskolara joateko aukerarik eman.

Anjel Lekuona, 14 bat urte zituela.

Umetan, 12 urte zituela, gaixoaldi luzeren bat izan zuen, Gorlizko erietxean uda batez egonaldi bat egin zuela egiaztatuta baitago.[4]

Gaztetan, 14 bat urte zituela, itsasoan aritu zen lanean, inguruko arrantza ontzietan. Soldadutza Ferrolen (Coruña, Galizia) egin zuen, 1932-1933 urteetan.[4]

Frankisten estatu kolpea eta ihesa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gernika 1937ko apirilaren 26an bonbardatu eta gero, faxistak Busturira sartu zirelarik, abuztuan zortzi busturiar fusilatu zituzten frankistek, haietako sei Derion, beste bat Bilbon eta azkena Donostian.[5] Hilketa haiek larrituta, Lekuonak herritik alde egitea erabaki zuen.

Sakontzeko, irakurri: «Gernikako bonbardaketa»
Soldadutzan, Ferrolen, ezkerreko lehena da Anjel Lekuona.

Ez dago argi zer egin ote zuen ihes egin ostean, baina aztarnak daude uste izateko Errepublikaren aldeko borrokan aritu zela, Bizkaian lehenik, eta gero Santanderreko eta Asturiaseko fronteetan.[6]

Sakontzeko, irakurri: «Intxortetako gudua», «Bilboko gudua (1937)» eta «Santanderreko gudua»
Marinel uniformeaz.

Errepublikaren aldeko indarrek Asturias galdu zutenean, 1937ko urriaren 21ean, miliziano gehienak itsasontziz heldu ziren Frantziako itsasalde atlantikora, handik herrialde osoa zeharkatu eta Aragoira edo Kataluniara iritsi ahal izateko, fronte haietan ari baitzen defendatzen Errepublika une hartan.[oh 2] 1937ko urrian, Bartzelonan ziren milizianoekin Batallón Alpino-Pirenaico izenekoa osatu zen, Jose Cosyaga oiartzuar maiorraren agindupean; laguntzaile zituen Martin Soler kapitaina eta Jose Alfaro Zabalegi komisario politikoa, biak nafarrak. Euskaldunez gain, batailoian asturiar, kantabriar eta katalan ugari zeuden.1938ko otsailean, batailoia Barbastrora eraman zuten lehenik, Barruengara gero, Huescan, baina matxinatuen erasoz Frantziako muga zeharkatu behar izan zuen, Banheras de Luishonetik. Kataluniara itzulirik, batailoia Gironan eta Arango haranean egon zen. Matxinatuek Katalunia mendean hartu zutenean, muga Saint Girons aldetik zeharkatu ostean, Argelès-sur-Mer-eko esparruan sartu zituzten kide gehienak.[7] Dirudienez, Anjel Lekuona batailoi horretara batu zen, milizianoei ematen zitzaien ordainsarien zerrendatan ageri baita.[6]

Frantzian atzerritar[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gurseko esparruaren oroigarria.

Faxisten aurka borrokatu ondoren Frantziara iritsi ziren milizianoak susmopean hartu zituen frantses gobernuak; «atzerritar zitalen» aurka hiru lege-dekretu eman zituen Édouard Daladierren gobernuak, azkena 1939ko azaroaren 18kan, edozein herritar, frantses zein atzerritar, barneratze esparruetara eramatea baimentzen zuena, «defentsa nazionalerako edo segurtasun publikorako arriskugarri» baldin bazen.[8]

Lekuona, hasieran, 1939ko otsailetik aurrera, Argelès-sur-Mer herrixkako hondartzan inprobisatutako atxilotze eremu batera eraman zuten. Berehala, 1939ko apirilaren 22an, handik Gurseko barneratze esparrura eraman zuten, Bearnon.[9] Ez zuen, baina, denbora luzerik egin bertan, ekainaren amaiera baino lehenago atera baitzen handik.[10] Ez dago argi zergatik edo nola irten ote zen; esparruko arduradunen erregistroak «Frantziara atera zen» soil bat jasotzen du. Aldiz, zerrenda bereko beste izen gehienetan xehetasun gehiago ematen da, esate baterako Atzerritar Langileen Konpainietara[oh 3] irtendakoen kasuan. Horrenbestez, pentsatzekoa da Anjel Lekuonak bere kasa ihes egin zuela Gurseko esparrutik.

Erresistentziari laguntzen, atxilotu arte[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anjel Lekuona eserita, 1940. urte inguruan, Arudyn.

Gurseko barneratze esparrutik atera zenean, egurgin lanetan hasi zen Arudyn, handik 40 km ingurura, Lombardi et Morello enpresarentzat.[11][12][oh 4] 1940ko ekainean naziek Frantzia okupatu zutenean, Bearnoko eskualdeetan, eta bereziki Arudyn, nazien aurkako erresistentzia gogor bat sortu zen, gerrilla edo maki moduan, batik bat faxisten aurka Espainiako gerra galdu ostean Frantziara ihes egin eta Gurseko esparruan egondako miliziano errepublikano, komunista, anarkista eta, orobat, antifaxistek osatuta. Horrela sortu ziren Pédehourat-eko (Louvie-Juzon) eta Bager-eko (Arudy) lehen makia, 1942ko azaroan, egurgileek eratua.[13][oh 5] Anjel Lekuona maki horretan partaide izan ote zen froga zuzenik ez badago ere, uste izatekoa da sasiko zeregin haietan lagunduko zuela.[14]

Egurgile lanetan eta Erresistentziari laguntzen arituko zen Lekuona, Gestapok 1943ko uztailaren 10ean atxilotu zuen arte.[15][oh 6]

Kontzentrazio esparruetan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bordele, Paris[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bearnon eta, orobat, Pirinio Atlantikoko departamenduan naziek atxilotutako asko Bordeleko Hâ-ko gaztelu edo gotorlekura[oh 7] eramaten zituzten, puntu horretatik beste esparruetara eramateko. Aste gutxiren buruan, Royallieuko (Compiègne) frontsalag edo igarotze esparrura[oh 8] eraman zuten. Esparru horretara biltzen zituzten naziek Frantzian barrena atxilo hartutako asko, handik Poloniako, Austriako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetara tren konboietan bidaltzeko.

Buchenwald[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekuonaren fitxa Buchelwalden (1944).[oh 9]

Anjel Lekuona tren konboi batean atera zuten Royallieuko esparrutik, 1944ko urtarrilaren 17an, Buchenwaldeko (Alemania) kontzentrazio esparrura eramateko. Bi eguneko bidai luze bat izan zen, baldintza ezin larriagotan, neguko hotzetan eta jatekorik edo edatekorik gabe.[16]

Buchenwaldera iritsi zirenean, urtarrilaren 19an, Anjel Lekuona 40476 zenbakiaz erregistratu zuten esparruko arduradunek, Angelo edo Angele izena oker idatzita ageri zen arren.[17]

Flossenbürg[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lekuonaren fitxa Flossenbürgen.[oh 10][18]

Hilabete ere ez zuen egin Lekuonak Buchenwalden, 1944ko otsailaren 24an Flossenbürgera (Bavaria, Alemania) bidali baitzuten, tren konboi batean, Espainiako Errepublikaren alde borrokatutako beste preso ugarirekin batera. Haietako gehienak ez ziren bizirik irten esparru hartatik.[19]

Flossenbürgeko esparrua 1938an eraiki zuten, Dachauko kontzentrazio esparrutik ekarritako 100 bat presok. Basoaren erdian zegoen, herrigune guztietatik urrun. Esparrua 1945ean guztiz eraitsi eta desegin zen artean, 100.000 inguru preso iragan ziren bertatik; horietako 30.000 bat hil ziren, exekuzioz, gaixotasunez edo gosez. Kontzentrazio esparruak 50 bat kanpo esparru edo satelite izan zituen, horietako bat Hradištko.[20] Anjel Lekuona Hradištkoko 12. kommando edo kanpo adarrean kokatu zuten 1944ko martxoaren 3an, hau da, Flossenbürgera iritsi eta berehala.

Hradištko, heriotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hradištkoko esparrua Schutzstaffel edo SSren entrenamendu gune bat zen, Alemaniako Alderdi Naziaren talde paramilitarreko kide gazte berriak trebatzeko erabiltzen zutena. Pragatik 20 km inguru hegoaldera zegoen. Anjel Lekuona bertara iritsi zenetik —esan bezala, 1944ko martxoaren 3an— SSko kideek bertatik ihes egin zuten arte, 1945eko apirilaren 25ean, 100-150 bat atxilotu hil zituzten tiroz; bereziki 1945eko apirilaren hasieratik aurrera, esparruko agintariek presoei tiro egiteko agindu zuten, sobietar armada hurbiltzen ari zela ikusita.[21]

Hradištkoko atxilotze esparrua, Txekian.

Lekuona Hradištkora iritsi bezain laster pleuresiaz gaixotu zen, behartutako lanen, bizi baldintza gogorren eta jan faltaren ondorioz. Esparruko eritegi gelan eduki zuten, 1944ko iraila bitarte, hil ala biziko egoeran. Zaintza guztiz eskasa eduki bazuen ere, pixka bat osatzea lortu zuen orduko, behartutako lanetara bidali zuten, talderik gogorrenetakoan.[19]

Lekuonarekin batera esparruan egondako Gregorio Urangaren[oh 11][22] testigantzaren arabera, Anjel Lekuonak ez zuen inoiz adorerik galdu, baldintza ezin latzagoetan bizi behar izan arren:

« Beti zailtasun guztiak alde batera utzita, lasai eta apal egoten zen, zoritxarrean lagun zituenen laguntzarekin, eta ausardiaz egiten zien aurre eguraldi gordinari, kolpeei eta gizon baten bizitzarako elikadura eskasari… Gerraren hurbileko amaiera baten itxaropenarekin batera bizi ginen beti. »

Behartutako lan haietako batera zihoala tiroz hil zuten Lekuona, 1945eko apirilaren 9an, Hradištkotik Krňany herrira bitarteko errepidean, beste preso batzuekin batera.[oh 12][23] Ez zen, beraz, exekuzio ofizial bat izan, baizik itxuraz arrazoi jakinik gabeko erailketa bat, behartutako lanera zihoazela.[oh 13][19]

Errausketa Pragan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Anjel Lekuonak egin zuen ibilbidea, Busturitik ihes egin eta Hradištkon erail zuten arte (Hradištkoko kontzentrazio esparruko deportatuen memoriaren aldeko lantaldea – 1945).

Hradištkoko kommandoak hilotzen erraustegirik ez zeukanez, eta sobietarrak gero eta hurbilago zeudenez, apirilaren 9tik 11ra bitartean eraildako presoen gorpuak Pragako erraustegi zibilera eraman zituzten SSko kideek, presaka, ez baitzuten frogarik utzi nahi. Horrela, Anjel Lekuonaren gorpua 1945eko apirilaren 13an erraustu zuten Pragako Strašnice barrutiko erraustegi zibilean.[19]

Erraustegiko arduradunak, František Suchý aita-semeek (biak izen bera zuten), ez zuten nazien agindua bete: errautsak pila bakarrean nahasi eta desagerrarazi ordez, metalezko kutxa banatan ezkutatu zituzten, erregistro zehatz bat gordeta. Zehazki, Anjel Lekuonaren errautsak 62559 kutxan gorde zituzten.[24][25]

Oroimen berpiztua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutun bat 45 urtez gorderik[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gregorio Urangaren gutuna (1945).

Anjel Lekuonaren ibilbidea nazien kontzentrazio esparruetara eramandako beste euskal herritar askoren antzekoa izan zen: Espainiako Bigarren Errepublikaren alde borrokatu ostean, lehenik Euskal Herrian, gero Kantabrian eta Asturiasen, azkenik Katalunian; Frantzian atxilotze esparruetan espetxeratuta egon ondoren, naziek Frantzia okupatu eta gero Bigarren Mundu Gerra lehertu zenean, naziek atxilotu eta kontzentrazio esparru batean amaitu zuen bere bizialdia. Horrela gertatu zitzaion 250 bat euskal herritarri.

Lekuonaren oroimena ahantzia egon zen, nazien kontzentrazio esparruetan hil ziren euskal herritar gehienen kasuan bezala, familiak 45 bat urtez gorderik eduki zuen gutun baten funtsezko argibideak jakin izan ziren arte. Izan ere, Anjel Lekuonarekin batera Hradištkoko esparruan egondako Gregorio Uranga urruñarrak eskutitz bat bidali zien haren gurasoei, Bigarren Mundu Gerra amaitu berritan, Anjelen gorabeherak eta heriotza argituz.

Lehenik Anjel Lekuonaren gurasoek, gero haren arreba batek, gorderik izan zuten eskutitza, 2000. urtean Lekuonaren iloba Anton Gandariasek irakurri zuen arte. Bertan ematen diren datuetan oinarrituta, osabaren arrastoa bilatzen saiatu zen.[oh 14]

Gutunaren edukia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gutuna eskuz idatzita dago, orri baten bi aldeetatik, gaztelaniaz, letrakera oso zainduaz. Urruñan (Lapurdi) dago dataturik 1945eko uztailaren 16an, hau da, Europan gerra amaitu eta berehala, eta Lekuonaren heriotzatik hiru hilabetera. Uste izateko da, beraz, Gregorio Uranga sinatzaileak ematen dituen azalpenak sinesgarriak direla.

« Dirección

Uranga – Gregorio

Plaza del Frontón, Urrugne, (Bajos Pirineos)

Urrugne 16 de Julio de 1945

Muy Sr. Mío: Comprendo la ansiedad que reina en su familia, pues no sé cuanto tiempo estará desprovisto de noticias referentes a su hijo. Refugiado de la guerra de España, estaba trabajando en Francia. El motivo de estar aquí, seguramente estarán al corriente, tan bien como yo, por lo tanto no insisto sobre este asunto.

Después hemos sufrido la ocupación de los alemanes, que como Vd. sabe han cometido crímenes horrorosos, siendo una de entre las víctimas, su hijo. Desde su arresto, su hijo trabajaba en la fabricación del carbón, haciendo más o menos tráfico clandestino que le permitía vivir más fácilmente. Inculpado por un motivo ridículo fué arrestado y llevado al Fuerte de Hâa de Burdeos; más tarde conducido a Compiegne donde permaneció varios meses, siendo a continuación, siguiendo la suerte de muchos franceses y españoles, llevado a Buchenwald, —era este lugar el régimen de saña—; cambió de campo partiendo para Floosenburg, donde estaba bajo el Comando Haradischor en Moldao-Praga.

Apenas su hijo llegó al Comando, cayó enfermo el pobre, muy enfermo, pues debió sufrir varias operaciones, siendo atendido de una pleuresía purulenta. A pesar de los débiles cuidados y malos tratos, pudo salir adelante, bien es verdad que alrededor de 7 meses tuvo que estar en la enfermería. Después de algunos días de convalescencia, su hijo siempre perseguido por la desgracia, fué enrolado en el grupo de trabajadores más duro de este desgraciadamente famoso Comando 12. Siempre sorteando todas las dificultades, permanecía tranquilo y sufrido, ayudado por sus amigos de infortunio, resistiendo valerosamente a pesar de las intemperies, golpes y alimentación insuficiente para la vida de un hombre sobre todo para su hijo que se hallaba muy enfermo.

Siempre con la esperanza de un fin próximo de guerra vivíamos juntos, pero desgraciadamente su hijo no podrá tener el cuidado y cariño de seres que le son muy queridos, tales como padres, hermanos y hermanas. Su hijo ha sido víctima de la barbarie nazi, habiendo sido fusilado por la S.S. el día 10 de Abril de 1945, en la carretera, marchando a trabajar en la carretera de Krinian a Haradisko en Moldao (Praga C.S.R.) Su cuerpo fué incinerado en el horno crematorio de Praga el día 13 de Abril de 1945.

Siempre juntos, sus pensamientos eran continuamente para Vds. asi como para sus hermanos y hermanas. Ruego me dispensen de ser un fiel y piadoso intérprete, y de enviarles una carta tan cruel. Caso de que esta carta no les llegue a vuestro poder les remitiré otra; y en el caso de que hayan recibido, sírvanse acusar recibo enviando una carta dirigida a mi tío, con la siguiente dirección: Uranga, Juan Bautista. Rentería. Alto de Capuchinos - Villa Julita-enea. Rentería.

Participando de sus penas y de la pérdida de nuestro entrañable camarada vuestro hijo, sírvase aceptar mi más sincero pésame toda la familia Lecuona.

P.S. Podía ser que hacia fines del mes próximo tuviera la ocasión de verles, entonces les daré más amplios detalles.

»
Gregorio Uranga

Errautsen bila[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikerketen arabera, 1945ean Pragako Strašnicen erraustutako Hradištkoko biktimen errautsak Nazismoaren Biktimen Etxartean ezarriak izan ziren, ohorezko zeremonia batez, 1948ko apirilaren 6an. Ordurako, Frantziak bere herritarren gorpuzkiak berreskuratuak zituen, 1945eko irailaren 15ean.[26]

Anjel Lekuonaren errautsak, beraz, Pragako leku horretan egon daitezke gordeta.

Ekitaldia Pragan[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Unai Egia hizketan, Pragako Strašnicen 2022ko apirilaren 11n egindako omenaldian.[27]
Eva Suchà, František Suchý-ren alarguna, ekitaldian.

Pragako Strašnice erraustegia egondako lekuan, omenezko ekitaldi bat egin zen, 2022ko apirilaren 11n, Hradištkoko esparrura deportatutakoen oroimena gordetzeko lantaldeak bultzatuta.[oh 15] Deportatu horiek hil zituztela 77 urte betetzen zirenean, ekitaldian 150 bat lagun bildu ziren, besteren artean, deportatuen familiartekoak, historialariak; Txekiar Errepublikako gobernuko ordezkariak; Pragako eta Hradištkoko udal ordezkariak, KZ-Gedenkstätte Flossenbürg-eko esparruko Memoriala; Espainiako, Frantziako eta Alemaniako Pragako enbaxadako ordezkariak; Eusko Jaurlaritzako[oh 16] eta Balear Uharteetako gobernuko ordezkariak; Alberic-eko Udaleko ordezkariak eta Cervantes Institutuko ordezkariak, besteak beste. Eva Suchá, František Suchý erraustegiko arduradunaren alarguna ere ekitaldian izan zen.[28][29] Hurrengo egunean, apirilaren 12an, deportatuen familiartekoak lore eskaintza bat egin zieten Hradištkon, bertan hildako deportatuei.[30]

Anton Gandarias, Lekuonaren ilobak, Apraiz baserriko[1] lurra eraman zuen Pragara, eta Hradištkon kontzentrazio esparrua egondako lekutik lur apur bat hartu zuen, Busturira eramateko asmoz.[31]

Anjel Lekuonaz gain, ekitaldian omendu zituzten, baita ere, Enric Moner, Pedro Raga, Antonio Medina, Rafael Moyà eta Vicente Vila-Cuenca deportatuak. Seiak egun berean hil zituzten, 1945eko apirilaren 9an, Hradištkotik Krňany herrira doan errepidean, Třebšín-en.[32]

Galtzadarria Busturian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Busturiko Altamira auzoan 2022ko maiatzaren 28an jarritako galtzadarria, lurrean ezarri aurretik eta ondoren.

Busturiako Altamira auzoan, Jose Maria Uzelai eskolaren eta San Migel Goiaingeruaren elizaren aurrean dagoen plazan,[33] Anjel Lekuonaren oroimenezko galtzadarria jarri zuten, 2022ko maiatzaren 28an egindako ekitaldi batean.[34]

Ekitaldia Lekuonaren iloba Anton Gandariasek bultzatua izan zen, Busturiko Udalaren eta Gogora Institutuaren laguntzaz eta lankidetzaz. Bertara bildu ziren, besteak beste, Lekuonaren familiartekoak —horien artean, bi arreba—; Aitor Aretxaga, Busturiko alkatea; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendaria; Mikel Garteiz-Goxeaskoa, Txekiako kontsul ohorezkoa Bilbon; Marc Andreu Herrera Oliver, Balear Uharteetako Oroimen Demokratikoko zuzendaria; Robert Uranga, Gregorio Urangaren semea; Lekuonarekin batera eraildako Antonio Medinaren bilobak, izen berekoa eta Concepción Medina, eta Enric Moneren biloba; beste zenbait deportaturen senitartekoak (besteak beste, Marcelino Bilbaorenak, Lorenzo Ibañez-Izcorenak eta Juan de Diegorenak); oroimen historikoari lotutako elkarte anitzetako ordezkariak (besteak beste, Katalunia, Balear Uharteak, Perpinyà, Madril, Kantabria, Valentzia eta Andaluziatik etorriak); oroimen historikoaren esparruko ikerlariak; eta Busturiko herritar ugari.[35][36]

Busturian galtzadarria ezartzeko ekitaldian, eskuinetik lehenak, Anton Gandarias eta Robert Uranga.

Ekitaldia Unai Egia ikerlariak aurkeztu zuen, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez. Hitza hartu zuten Aitor Aretxaga, Busturiko alkateak; Aintzane Ezenarro, Gogora Institutuko zuzendariak;[37] eta Anton Gandarias, Lekuonaren ilobak. Baita ere, Anjel Lekuonaren ibilbideari buruzko bideo bat erakutsi zen ekitaldian.[38]

Galtzadarria Antonio Medina lanbidez igeltseroak ezarri zuen lurrean,[39] egun berean eraildako bi deportatuen arteko laguntasuna adierazi nahian. Galtzadarria ezarri aurretik, Anjel Lekuonaren errautsak gordetzen dituen Pragako Strašnice erraustegiaren inguruko eskukada bat lur jarri zuten zuloan.[40] Lehen aldia izan zen era horretako galtzadarri edo stolperstein bat jarri zela Euskal Herrian, euskaraz.[36][37]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Aitaren bigarren abizena «Gorrachategui» gisa ageri da idatzita, ez «Gorrochategui». Haren ama Maria Martina Gorratxategi Urriolagoitia ere hala ageri da bataio agirian.
  2. Artikulu honetan ematen diren datu askoren iturria Anton Gandarias, Lekuonaren iloba izan da. Haren ustez, Lekuonak beste miliziano askoren ibilbide bera egitea da pentsatu daitekeen zentzuzkoena.
  3. Atzerritar Langileen Konpainiak 1939ko udan sortu zituen Frantziako gobernuak, Espainiako Bigarren Errepublikaren alde borrokatutako milizianoak barneratze esparruetatik atera eta Frantziako armadaren mende jartzeko. Bigarren Mundu Gerra piztu zenean, frantsesen defentsa lerroak eraikitzen egin zuten lan. Ikus Españoles en los campos nazis: supervivencia, testimonio y arte.
  4. Arudyko Lombardi et Morello egurgintza enpresari buruz, ikus Michel Bartolli (2007) «“Lombardi à Arudy !” Images de l’exploitation forestière dans les Pyrénées françaises de 1916 à 1975» in Revue forestière française, LIX 1. zk.-2007, 85-92. or. ISSN 0035-2829.
  5. Pédehourat-eko eta Bearnoko makiaren historiaz, ikus Jean Ortiz (2006) Rouges. Maquis de France et d’Espagne. Les guérilleros. Biarritz, Ed. Atlantica. ISBN 978-2-84394945-6.
  6. Arolsen Archives-en gordetzen diren dokumentuen arabera, 1943an iritsi berrien zerrendan ageri da Anjel Lekuona, 40476 zenbakiaz. Erregistro lerroan argitzen dira jaioteguna («1. 3. 13»)), jaioterria («Busturia») eta lanbidea («Holzhauer», egurgina). Ikus dokumentua.
  7. Hâ-ko gotorlekua (Fort du Hâ) 1453ean eraikia izan zen, Karlos VII.aren aginduz. Egun, bertan daude epaitegiak eta Frantziako Magistraturako Eskola Nazionala (ENM).
  8. Royallieuko esparrua 1941eko ekainetik 1944ko abuztura bitarte erabili zuten naziek. 54.000 inguru preso bidali zituzten bertatik Mauthausen, Ravensbrück, Buchenwald edo Neuengammeko esparruetara. Horien arteko bat izan zen Anjel Lekuona. Ikus Camp de Royallieu.
  9. Fitxaren ezker goialdean, zenbakiaren aurretik idatzita dago Anjel Lekuonaren atxilotze arrazoia: Polit.(ischer), Span.(isch), hau da, preso politikoa, espainiarra. Beherago, lanbidea ere ageri da: Holzfäller, egurgilea.
  10. Fitxa honen hamargarren lerroan argitzen da 1943ko uztailaren 10ean izan zela atxilotua.
  11. Gregorio Uranga urruñarra Lekuonarekin batera egon zen Hradiskon. Ikus hurrengo atalean, «Gutun bat 45 urtez gorderik».
  12. Ikus Unai Egiak Enric Moner Castell presoaz egindako ikerketan ematen diren argipenak. Hradištkon atxilotuta egondako Norbert Fillerin frantsesak 1946ko martxoaren 1ean Fauquembergueseko jendarmerian lekukotza aitorpen bat eman zuen. Lekuona aipatu zuen 1945eko apirilaren 9an hildakoen artean, «LACUNA, Guernica» izendatuz. Beste zenbait argibideren artean azaldu zuenez, «deportatuen esparruko SSko zaintzaileak aldatu egin zituzten goizean, eta haien ordez hiltzera etorritako talde bat jarri zuten».
  13. Flossenbürgeko Memorialaren arduradun Joerg Skriebeleit ikerlariaren arabera, Lekuona eta beste atxilotuak apirilaren 10ean hiltzeko itxurazko arrazoia izan zitekeen apirilaren 8an SSk arma batzuk aurkitu zituela presoei egindako erregistro batean. Dirudienez, armak ez ziren presoenak, baina hura aski izan zen presoak tirokatuta eraitzen hasteko: apirilaren 9an, 9; apirilaren 10ean, 12, eta apirilaren 11n, 27 preso tirokatuta hil zituzten.
  14. Anjel Lekuona osabaren ibilbidearen berri izateko eta errautsak aurkitzeko Anton Gandariasek egindako ikerketak jasorik daude Deportados.es webgunean.
  15. Lan talde horrek egindako ikerketaren berri izateko, ikus Santiago Mendieta (2022) «Enric Moner, la mémoire retrouvée du résistant de Maureillas» in Gibraltar, 10. zk. ISBN 978-2954327372. Lan taldeko kide dira Anton Gandarias, Lekuonaren iloba; Unai Egia ikerlaria; eta Antonio Medina.
  16. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarro izan zen Pragako ekitaldian.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Ikus Askoren artean (2004) Ondare kulturala: Garapen Jasangarriari buruzko Urdaibaiko IX. Jardunaldiak. Eusko Jaurlaritza, Gasteiz. ISBN 978-8445721315.
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (ES/AHEB-BEHA/F006.034 (2801/001-00)) (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  3. «SIGA-AKIS .:. AHDV-GEAH» internet.ahdv-geah.org (ES/AHDV-GEAH/F006.208 (03892/003-01)) (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  4. a b Tardor de Memòria - Dissabte 13 de novembre horabaixa - Museu de Mallorca. (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  5. (Gaztelaniaz) «Lista de personas de Busturia fusiladas por el franquismo» 15Mpedia (Noiz kontsultatua: 2022-01-07).
  6. a b West, Javi. «Naziek erretako osabaren errautsak» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-12-28).
  7. (Gaztelaniaz) Antonio Gascón Ricao. Memoria republicana: unidades vasco-catalanas en la Guerra Civil española. Sociedad Benéfica de Historiadores Aficionados y Creadores.
  8. Ikus Musée national de l'histoire de l'immigration, «Fermeture et répression : 1931-1944». (Noiz kontsultatua: 2021-12-29).
  9. Ikus Euskadiko Artxibo Historikoa, Lehendakaritza Sailaren funtsa, «Listado de vascos trasladados del campo de Argèles al de Gurs el 22 de abril de 1939». Lekuonak 4316 zenbakia darama, deskarga dokumentuaren 40. orrian.
  10. Ikus Euskadiko Artxibo Historikoa, Lehendakaritza Saileko funtsak, «Campo de concentración vasco de Gurs. Relación nominal y resumen estadístico de los individuos salidos de este campo desde su fundación hasta el 30 de junio de 1939». Lekuona 861 zenbakiaz ageri da, deskarga dokumentuaren 47. orrian.
  11. Ikus, Jan Ortiz (koord.) Que sont devenus 2000 républicains espagnols internés au camp de Gurs ? Pau, Les Nouvelles des Pyrénées-Atlantiques. ISBN 978-2952482110. 33. or.
  12. (Gaztelaniaz) «De Busturia a un crematorio de Praga: la lucha por rescatar la memoria del gudari Anjel Lekuona» De Busturia a un crematorio de Praga (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  13. (Frantsesez) «Buziet (Basses-Pyrénées, actuellement Pyrénées-Atlantiques), 17 juillet 1944» fusilles-40-44.maitron.fr (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  14. (Frantsesez) Maquis de Pédehourat. 2021-08-25 (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  15. Ikus Arolsen Archives, copy 1.1.5.1 / 5282529 eta 1.1.5.1 / 5282539.
  16. (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «El convoy del 17 de enero de 1944 desde Compiègne (Francia) a Buchenwald (Alemania)» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-06).
  17. Ikus Arolsen Archives, copy of 1.1.5.1 / 5282539.
  18. Ikus Arolsen Archives, copy 1.1.5.3 / 6459941.
  19. a b c d (Gaztelaniaz) Hernández, Carlos. «Deportados.es» deportados.es (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  20. (Frantsesez) «Camps extérieurs | KZ-Gedenkstätte Flossenbürg» www.gedenkstaette-flossenbuerg.de (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  21. (Ingelesez) «Hradischko | KZ-Gedenkstätte Flossenbürg» www.gedenkstaette-flossenbuerg.de (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  22. «[memo-Hradischko 1945 inicio - otros DEPORTADOS»] sites.google.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-08).
  23. (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «Audiencia de Norbert Fillerin, redactada en 1946 por la gendarmería de Fauquembergues» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  24. Ikus Pragako erraustegiko zerrenda.
  25. (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «96) Julius Mlčoch - Administrador de los cementerios de Praga.» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  26. (Gaztelaniaz) Egia, Unai. «Aleš Kýr - Jefe del Gabinete de Documentación e Historia del Servicio Penitenciario de la República Checa.» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-04).
  27. (Gaztelaniaz) Egia, Unai. (2022). «Homenaje en Praga y Hradistko 2022» enricmonercastell.blogspot.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-23).
  28. Etxenausia, Unai. «Anjel Lekuona omendu dute Pragan, 1945ean naziek fusilatu zuten busturiarra» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  29. «Naziek tiroz hildako Angel Lekuona gudaria omendu dute Pragan» EITB 2022-04-11 (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  30. (Katalanez) Garcia, Paola. (2022-04-08). «Praga homenatja el figuerenc Enric Moner i cinc espanyols més assassinats al camp de concentració de Hradištko» Empordà (Noiz kontsultatua: 2022-04-11).
  31. «Angel Lekuona omendu dute Pragan» Busturialdeko Hitza 2022-04-11 (Noiz kontsultatua: 2022-04-15).
  32. (Gaztelaniaz) «Praga conmemora a seis republicanos españoles asesinados en el campo nazi de Hradištko» Radio Prague International 2022-04-13 (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).
  33. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  34. Hermosilla, Gotzon. «Naziek deportatutako Angel Lekuonari omenaldia egin diote Busturian» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  35. Oizmendi telebista. (2022). Angel Lekuona Beitia omendu dute, Altamiran. .
  36. a b «Anton Gandarias: "Anjel Lekuona etxean dago jadanik"» Busturialdeko Hitza 2022-05-28 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  37. a b «Aintzane Ezenarro: «Memoria positiboa da berreskuratu behar duguna giza eskubideen aldeko konpromisoa indartzeko»» www.gogora.euskadi.eus 2022-05-26 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  38. Anjel Lekuonaren omenez | En memoria de Ángel Lekuona. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  39. Busturia/Anjel Lekuona. (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).
  40. «Angel Lekuona Beitia nazismoaren biktimari omenaldia egin diote Busturian» EITB 2022-05-28 (Noiz kontsultatua: 2022-06-01).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]